Nafarroako zubiak euskararen alde hartzeko deia luzatu zuten Sorionekuak dinamikako kideek otsailean. Dagoeneko hainbat baiezko jaso dituzte Nafarroa guztitik, Sakana barne. Sorionekuak dinamikako kideek herri gehiagori “zubien egitasmora batzera” deitu dituzte: “bete ditzagun euskararen alde zubiak, sortu ditzagun euskaratik eta euskarara zubiak”. Azaldu dutenez, “maiatzaren zubiak hartu, zubiak igaroko ditugu, euskara etorkizunerako zubi dela irudikatzeko asmoz”.
Herrietako zubi hartzeak goizean izanen dira, eta arratsalderako dinamikakoek egitarau txiki bat prestatu dute Iruñeko Kosterapea parkean, 17:00etan. Porrotxek eginen du ongi etorria. Handik abiatuko da Ireki ateak euskarari mobilizazio herritarra 17:30ean. Izan ere, “goizean zubiak igaroko ditugun bezala, arratsaldean euskararen alde Iruñeko aterik handiena zeharkatuko dugu”. Takonera parkearen ondoan dagoen portal berria. Handik gora egin eta Takoneran Ene kantak, puzgarriak eta bestelakoak egonen dira 18:15etik aurrera.