Apirilak 15

Guaixe Irratia 2025ko api. 15a, 10:50

Sakanerria:

Baso lanak eginen dituen langabetua kontratatuko dute Uharten. Bost hilabete eta erdirako kontratua izanen da. Uharte Arakilgo Udalak langabetu bat kontratatu nahi du baso lanak egiteko. Deialdian interesa duenak Altsasun dagoen Nafarroako Lan Zerbitzuko bulegoan eman behar du izena,  apirilaren 23ko 12:00ak baino lehen. Lanpostua eskuratzen duena E mailako peoi plaza beteko du. Foru administrazioaren zerbitzuko lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboan ezarritako soldata izanen du, E mailari dagokiona,  % 15eko osagarriarekin. Astegunetan lanaldi osoan lan eginen du, 07:00etatik 14:30era. Hautatutako pertsona maiatzaren 2an hasiko litzateke lanean eta kontratua lastailaren 15ean bukatuko luke. Deialdiari buruzko informazio gehiago uhartearakil.eus webgunean dago. 

Bake epaile ordezkoaren bila Arruazun. Udalak kargua betetzeko deialdia egin du. Arruazuko Udalak jakinarazi du bake epailearen ordezkoaren kargua hutsik dagoela, eta hura betetzeko deialdia egin du. Hala egin nahi duenak eskabidea maiatzak 9ra arte aurkez dezake. Inork eskatzen ez badu, Arruazuko Udalaren Osoko Bilkurak nahi dituenak hautatuko du.

Ibilgailuengatik zerga ordaintzeko garaia.  Maiatzaren 25era arteko epea dago. Altsasuko Udalak jakinarazi du trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko aurtengo zerga borondatez ordaintzeko epea zabalik dela eta maiatzaren 25era arte luzatuko dela. Udal ordainagiriak helbideratuta dituztenei zenbatekoa beraien kontu korronteetan apirilaren 16an kargatuko diete. Helbideratu gabeko ordainagiriak dituztenek La Caixako edozein bulegotan ordain daitezke, ordainagiria aurkeztuta. Borondatez ordaintzeko epe hori iraganez gero, Diru-bilketaren gaineko Erregelamendu Orokorrean ezarritako errekarguak ezarriko dira eta tramiteak eginen dira premiamendu bidez kobratzeko.

Olatzagutiko Udalak bi lanpostu oposizio lehiaketa bidez beteko ditu. Obra zerbitzuan aritzeko dira bi lanpostuak. Olatzagutiko Udalak zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin du. Zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostuak B mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak dira. Lanpostuak nahitaezko B1 hizkuntza eskakizuna dute. Lanpostuek izanen dituzte Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailari dagozkion lansariak. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak jasoko ditu, bai eta hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere. Oposizio deialdian parte hartzeko eskabideak maiatzaren 12ko 23:59:59ak arte aurkez daitezke udalean. Deialdiari buruzko informazioa olazti.eus webgunean dago. 

Kirolak:

Pilotan, Nafarroa, GRABNIko bukaera faserako prest. Nafarroako pilota selekzioak 32 finalerako sailkatzea lortu du. Asteburuan pilota selekzioen arteko GRABNI txapelketako ligaxkako bosgarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Nafarroako selekzioak Iparraldekoa izan zuen aurkari, eta jokatutako zortzi partidetatik bost Iparraldeko selekzioak irabazi zituen, trinketeko lau partidak eta ezker paretako frontoietako partida bat. Hasierako ligaxkan Nafarroako selekzioak lan ederra egin du. Nafarroa 32 final jokatzeko sailkatu da, eta, horretaz gain, 12 finalerdi jokatuko ditu. Soilik 6 modalitateetatik kanpo geratu da. 

Pilotan, Irurtzungo Pilota Txapelketan, Aste Santu aurreko azken jardunaldia jokoan. Apirilaren 16an, asteazkena, lehen mailako final hamaseirenen azken bi partidak jokatuko dira. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketan lehen mailan 24 bikote ari dira lehian, eta bigarren mailan 18 bikote, afizionatuen mailako onena. Partida guztiak kanporaketa zuzenak dira, eta txapelketako lehen mailan final hamaseirenak jokatzen ari dira eta bigarren mailan final zortzirenak, Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan. Aste Santuko geldialdia baino lehen, apirilaren 16an, asteazkena, lehen mailako final hamaseirenen azken bi partidak hartuko ditu Biaizpe pilotalekuak, 18:45ean: Lehen maila: Murgiondo (Irurtzun)-Xhoe Lazkoz (Oberena) vs Uribe-Markaida (Txukun Lakua) Lehen maila: Galarza-Aranguren (Larraun-Eple) vs Oskoz -A Balerdi (Oberena).
Aurreko asteko emaitzak:
Apirilak 9, asteazkena: Bigarren maila: Armaolea-Goiburu (Lapke) 22 – 18 Iriarte-Gurrea (Larraun) eta Lehen maila: Cestau-Urruzola (Behar Zana) 22-18 Txoperena-Goikoetxea (Aurrera Leitza). Apirilak 11, ostirala: -Lehen maila: Elizalde-Torrecillas (Beti Onak) 22 – 12 Olaizola-Odriozola (Epele). Apirilak 12, larunbata: Bigarren maila: Olasagasti-Villanueva (Behar Zana-Zugarralde) 22 – 11 Tirado-         Maiza (Peña Pelotazale Tafalla-Zugarralde). -Bigarren maila: Sarasa-Murillo (Buruzgain) 22 -13 Bidezabal-Saralegi (Tolosa).

Eskaladan, Etxeko txikienendako eskalada ikastaroa antolatu du Mank-ek. Maiatzaren 16an, 17an eta 18an izango da, Ion Gurutz Lazkoz monitorearekin, eta izena ematea zabalik dago. Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, 8 eta 12 urte bitarteko haurrendako hastapen eskalada ikastaroa antolatu du maiatzaren 16an, 17an eta 18an. Jon Gurutz Lazkoz monitore arbizuarrak gidatuko du ikastaroa, eta helburua haitzean eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea da. Ostiralean, 18:00etatik 20:00etara saio teorikoa izango da Sakanako Mankomunitatean, Lakuntzan, eta larunbata eta igandean 10:00etatik 17:00etara haitzean praktikatuko dute (Mankomunitatean gelditu eta autoak antolatuko dira. Norberak bere eguneko bazkaria eraman beharko du). Izen ematea zabalik dago maiatzaren 7ra arte, Sakanako Mankomunitatean (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa 50 eurokoa da. Beharrezkoa balitz, zozketa egingo da. Arnesa, katuak eta kaskoa eraman behar dira, eta ez dituenari antolakuntzak utziko dizkio.

Txirrindularitzan, Kadeteen mailako III. Jose Ignacio Olaverri Trofeoa jokatu zen apirilaren 12an Atarrabian. Tropela batera iritsi zen helmugara, eta esprintean Ander Larraburu (Erro y Eugui) gailendu zitzaien bere taldekide Izan Arizi eta Sakana Group-Alea taldeko Ekai Erdozia etxarriarrari. Topa 10ean sailkatu zen ere Quesos Albeniz taldeko Xabier Curiel altsasuarra, bederatzigarren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz) 26. iritsi zen, Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 66., Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) 77., Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) 81., Xabier Gorriti (Sakana Group-Alea) 85. eta Asier Flores (Quesos Albeniz) 97.

Areto Futbolean, Erregionalean, talde sakandarren gol festa ederrak. Altsasuk, Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak garaipen sonatuak lortu zituzten erregional mailako 28. jardunaldian eta Etxarri Aranatz bigarren postuan jarri da. Erregional mailako 28. jardunaldiak bederatzi puntu gozo utzi ditu Sakanan. Altsasu liderrak Asdefor taldea hartu zuen Dantzalekun. Hasieratik sendo hasi zen Altsasu, eta atsedenaldirako 3-0 aurreratu zen Joaquin Angelek (2) eta Mikel Etxaizek sartutako golei esker. Bigarren zatian joera bera izan zuen partidak. Joaquin Angelek hirugarrena sartu zuen, hat trick-a, eta Julen Floresek bosgarrena. 5-0, liderraren beste garaipen sendo bat. Etxarri Aranatzek Alde Zaharreko Kluba taldea izan zuen aurkari Amaya klubeko futbol zelaian. Lehen zatia oso borrokatua izan zen, eta golik gabe despeditu zen. Bigarren zatian Etxarri Aranatz hiru puntuak lortzera atera zen. Oinatz Carreñok mustu zuen markagailua 52. minutuan, eta atzetik Jon Erdoziaren, Mattin Altzelairen eta Aimar Ijurraren golak iritsi ziren. 0-4 irabazita, Etxarrik ligako bigarren postua lapurtu dio San Jorgeri. Lagun Arteak Barañaingo Lagunak B taldea hartu zuen Zelai Berrin. Lehen minuturako Alvaro Codonek Barañaingoen atea zulatu zuen, eta 5 minutu beranduago Iker Anduezak Lagun Artearen bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldira 3-0ko errentarekin joan ziren lakuntzarrak, Gorka Egurzaren golari esker. Bigarren zatian joera berberarekin jarraitu zuen partidak, Lagun Artea jaun eta jabe izan baitzen. Iker Anduezak, Bilal Berrerhdochek eta Borja Ganboak borobildu zuten gol festa. 6-0 irabazita, gustura geratu zen Lagun Artea. Hurrena, apirilaren 21ean. Altsasu liderrak 80 puntu dauzka eta ligan partidarik galdu gabe segitzen du. Etxarri bigarren postura igo da (67 puntu) eta San Jorge hirugarren da, azken jardunaldia galdu eta gero (65 puntu). Lagun Artea zazpigarren postuan dago (46 puntu). Erregional mailako 29. jardunaldian, Altsasuk Soto Lezkairun jokatuko du apirilaren 21ean, Pazko Astelehena, 17:00etan, sailkapenean hamaseigarren den Mendillorriren kontra. Etxarri Aranatzek hamabosgarren den Baztan B izango du aurkari egun berean, 18:00etan, San Donato Zelaian. Azkenik, Lagun Artea laugarren den Rotxapea B-ren kontra lehiatuko da egun berean, 11:00etan, El Iratin.