Eguneko albisteak

Apirilaren 30eko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko apirilaren 30a
Sakanerrian:

Irurtzun eta Arakilgo kulturen arteko 3. Elkartasun zikloaren aurkezpena egin zuten atzo. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrek azalpenak eman zituen eta albistegian entzungai daude.

Urdalurko sarea luzatzeko lanen deialdia egin du Mankomunitateak. Urdalur uharkako ur sarea Irurtzuneraino luzatzea. Ziordian dagoen urtegiko ura gaur egun Etxarreneraino iristen da, eta Irurtzunera artekoa azken fasea litzateke. Sakanako Mankomunitateak Urdalurko ur sarea Etxarrendik Irurtzunera luzatzeko lanak emateko deialdia egin du. Lanek 1.943.136,96 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Ibarreko erakundeak inbertsioari aurre egiteko foru administrazioaren %80ko dirulaguntza izanen du. Obra bere gain hartu nahi duen enpresak maiatzaren 20ko 12:00ak arteko epea du eskaintza aurkezteko. Lanak bost hilabetetan egin beharko dira. 

Etxarri Aranatzen egur loteak eskatzeko epea zabalik. Eskaerak maiatzaren 16ra arte egin daitezke udaletxean edo etxarriaranatz.eus webgunearen bidez. Etxeko surako egurra basotik hartu nahi dutenek, Etxarri Aranazko Udalari eskaera egin beharko diote. Eskaera egiteko eskabidea osatu beharko da. Aurten, estreinakoz, bi aukera eskaintzen dira: orain arte bezala, norberak bere lotea moztea eta etxera eramatea edo enpresa batek moztea eta eskatutako tokian enborrak uztea. Beraz, bi aukeretako zeinen alde egiten den ere zehaztu beharko da. Lotearen prezioa 44 eurokoa da, 60 epez kanpo eskaera egiten bada. Ordainketak kutxan edo bankuan egin beharko dira.

Altsasun, Dantzalekuko interpretazio ibilbidea osatuko du udalak. Haurrendako parke tematizatua izanen du. Dantzalekuko interpretazio ibilbidean Altsasuko Udalak haurrendako parke bat diseinatu, fabrikatu, hornitu eta jartzeko lanen deialdia egin du. Horrekin batera, ibilbidea interpretatzeko panelak berriz diseinatu beharko dituzte. Lanak egiteko eskaintza aurkeztu nahi duenak maiatzaren 5eko 23:59ra arteko epea du. Lanak 50.932,73 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Lanak lastailaren 30erako despedituta egon beharko dute. Udalak lanak egiteko Europar Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planek Next Generation funtseko dirulaguntza du, zehazki, turismo lehiakortasunaren hobekuntzarena. 

Kiroletan:

Txirrindularitzan, Juniorren Lacturale Trofeoa, ate joka. Maiatzaren 1ean jokatuko da lasterketa, Etxeberrin hasi eta Goldaratzen despedituko dena. Ohi denez, juniorren tropelak hitzordua du maiatzaren 1ean Lacturaleko granja parean, Etxeberrin. Bertan hasiko da 87,83 km dituen proba, Irurtzunera sartu eta Latasa, Udabe, Beramendi, Auza, Larraintzar eta Lizasotik pasa ondoren, Zenotz, Jaunsaras, Etxaleku, Oskoz, Zia gaina, Aizkorbe eta Irurtzunera helduko dena, Lacturale granjatik atzera ere pasa ondoren, Zuarrarrate gaina igo, eta Goldaratzen despedituko dena.

Txirrindularitzan, Nahia Imaz zortzigarren Lekeitioko erlojupekoan. Asteburuan V. Lea Artibai Challengeko erlojupekoa jokatu zen Lekeition, eta kadete mailako Markina Xemein Saria. Apirilaren laugarren asteburuan nesken tropelak hitzordu bikoitza izan zuen Bizkaian. Apirilaren 25ean V. Lea Artibai Challengeko Lekeitioko Saria jokatu zen, kadete, junior eta elite mailako erlojupekoa, eta apirilaren 26an Challengeko Markina Xemein Saria, kadete mailako lasterketa. Lekeitioko erlojupekoko kadete mailan Gisela Herrero (Mirat Team) gailendu zen (6:07). Enara Perez (Timac Agro-Ermitagaña) 25. sailkatu zen (6:43) eta Eider Mazkiaran (Zu-k/Limousin) 52. (7:14). Junior eta elite mailako sailkapenean Irati Aranguren (Andoain) gailendu zen (5:52). Nahia Imaz altsasuarra (Massi Baix Ter) Top 10ean sailkatu zen, zortzigarren (6:13), Ane Beltran de Heredia (Timac Agro-Ermitagaña) 32. (6:30), Ane Berastegi (Ecologicos Navarra-Beratxa) 40. (6:33) eta bere taldekide Siets Goikoetxea 75. (6:57). Kadeteen mailako Markina Xemeingo Saria lasterketa Naxara Odriozolak (Zu-k/Limousin) irabazi zuen (1:11:07) eta Enara Perez Top20an sailkatu zen, hamazazpigarren izan baitzen. Eider Mazkiaran 47. postuan iritsi zen. 

Areto futbolean, Aralar Mendi, burua altxa ezinik. Hirugarren mailako Uharte Arakilgo taldeak ezin izan zuen Gazte Berriak mendean hartu. Hirugarren mailako hemeretzigarren jardunaldian, Aralar Mendik Gazte Berriak taldea hartu zuen apirilaren 26an Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian. Gazte Berriak 5. minutuan aurreratu zen, baina hortik aurrera bi taldeek lehia estua izan zuten. 33. minutuan bigarrena sartu zuen Gazte Berriakek, eta min handia egin zion Aralar Mendiri. 39. minutuan sartutako hirugarren golak partida erabakita utzi zuen. 0-3 gailendu zen Antsoaingo taldea. Betelu Futbol Taldea Grupo Wisco da hirugarren mailako liderra (35 puntu), Kirol Sportekin puntutara berdinduta. Aralar Mendi hamargarren da (11 puntu). Hirugarren mailako hogeigarren jardunaldia jokatuko da asteburuan. Maiatzaren 3an, larunbata, Aralar Mendik Zizurren jokatuko du, Ardoiren kontra, 15:30ean. 

Areto futbolean, Altsasu, lehen maila autonomikoko txapelduna! Ligako 26 jardunaldiak bukatuta, Altsasu txapeldunak bi puntu atera dizkio Arbizu Kirol Taldea bigarrenari. Bukatu da lehen maila autonomikoko liga. Bi talde sakandarrak izan dira ligako jaun eta jabeak. Arbizu Kirol Taldea izan zen liderra jardunaldi askotan, Altsasu gertu zuela, baina bi taldeen arteko derbian Altsasu garaitu zen, lider jarri, eta azken jardunaldira arte lidergoari eutsi dio. Azken jardunaldian Altsasuk Cascanteko Cantera taldea hartu zuen Zelandin. Altsasuarrek hasieratik kontrolatu zuten partida eta gol festa ederra ospatu zuten zaleen aurrean, 9-2 gailendu baitziren, Xabier Aiestaran (4), Jonathan Medina, Aritz Sevilla, Jon Lopez de Goikoetxea, Mikel Ruiz eta Gaizka Martini esker. Txapeldunek gustura ospatu zuten garaipena eta txapelketa irabazi izana. Arbizu Kirol Taldeak, bere aldetik, Tafallan jokatu zuen, Vulcanizados Ruiz Tafa taldearen kontra. Julen Mayok Arbizu aurreratu zuen, baina Tafak bana berdindu zuen berehala. Atzera ere Arbizu aurreratu zen, 1-2, Beñat Jakari esker, baina berriro ere berdindu zuen Tafak. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina bukaera aldera Arbizu nagusitu zen. Urtzi Nazabalek hiru gol sartu zituen segidan, eta 2-5 gailendu zen Arbizu. Lehen maila autonomikoan Altsasu txapeldunak 60 puntu lortu ditu eta Arbizu bigarrenak 58 puntu. Biek hirugarren mailara igotzea lortu dute.

Areto futbolean, Xotak Txantrea eta Azkoien ditu arerio. Emakumezkoen lehen senior mailako igoera fasean egutegi estua dute irurtzundarrek. Egunotan areto futboleko lehen senior mailako hamabigarren jardunaldia jokatu zen, baina Xotak Azkoienen kontrako partida maiatzaren 8ra atzeratzea erabaki zuen. Partida 20:15ean jokatuko da, Azkoienen. Aurretik, maiatzaren 6an, asteartea, 20:30ean, Xotak Txantrea B izango du aurkari hamahirugarren jardunaldian, Txantrea kiroldegian. Lacturale Orvina A taldea da liderra (36 puntu). Xota zortzigarrena da (4 puntu).