Sakanarrian,
- Iturmendin ikusitakoa gaur goizean
- Altsasuko Alde zaharreko balorazio positiboa.
Kiroletan,
- Pilotan, Salsamendi eta Mendiburu, garaile Altsasun. Nafarroako Irekiaren Txapelketako Altsasuko finalerdietan, ikuskizun ederra eman zuten Salsamendi-Mendiburuk eta Zabaleta-Capellanek. Altsasuko Alde Zaharreko festetan emakumezko pilotari onenak lanean ikusteko aukera egon zen. Hain zuzen ere, V. Nafarroako Irekiaren finalerdietako bat erabaki zen Burunda pilotalekuan. Zabaleta-Capellanek Salsamendi-Mendiburu izan zituzten arerio, eta lau pilotariek ikuskizun itzela eskaini zuten, Burundan bildu ziren pilotazaleak asebete utzi zituena. Azkenean, Salsamendi eta Mendiburuk 22-15 hartu zituzten mendean Zabaleta eta Capellan bikote sendoa, itxura bikaina emanez. Maiatzaren 9an Labriten jokatuko den finalean Salsamendik eta Mendiburuk Aldai eta Arrillaga izango dituzte aurkari.
- Pilotan, Nafarroa, txapeldun bikoitza. GRABNI txapelketako bi modalitateetan gailendu da Nafarroa, frontoian eta trinketean. Sakandarrek lan ederra egin dute. Bigarren urtez jarraian, Nafarroako pilota selekzioek GRABNI txapelketa irabazi dute, bi modalitateetan: ezker paretako frontoian eta trinketean. Beraz, Nafarroa txapeldun bikoitza da. Frontoiko 28 finaletatik 18 irabazi zituen Nafarroak, eta trinketeko 10 finaletatik 5. Beraz, txapeldun handia da. Nafarroako selekzioan hiru sakandarrek hartu dute parte txapelketan barna: Irurtzun pilota klubeko Aaron Arbizu eta Iosu Igoa pilotari etxarriarrak, eta Gure Pilotako Maialen Larraza palista etxarriarrak. Finalak Araban jokatu ziren. Tartean, emakumezkoen jubenilen paleta gomako finalean, Nafarroako Zabalzak eta Larrazak 30-24 hartu zuten mendean Bizkaiko bikotea. Senior mailako gizonezkoen binakako finalean, aldiz, Nafarroako Canabalek eta Arbizuk 18-22 galdu zuten Gipuzkoako ordezkarien kontra.
- Txirrindularitzan, Iker Mintegi, Turkiako Itzulian ederki. Euskaltel Euskadiko altsasuarra hamalaugarren izan da. Apirilaren 27an hasi eta maiatzaren 4an despeditu zen Turkiako Itzulia, eta bertan parte hartu du Euskaltel-Euskadiko Iker Mintegi Claver altsasuarrak. Euskaltel-Euskadi taldeak aitortu duenez, “zapore gazi-gozoarekin” despeditu dute lasterketa luzea. Lehenengo lau etapetan maila bikaina erakutsi zuen Euskaltel-Euskadik, Jon Aberasturik laugarren bi postu lortu zituen eta etapa nagusian hiru txirrindulari Top20an sartu ziren, tartean Iker Mintegi, “baina bosgarren etapa bertan behera utzi eta gero, maiatzaren 2ko mendiko etapan 45 km-ren faltan abanikoengatik talde ia osoa atzean geratu zen, Iker Mintegi altsasuarra izan ezik. Nahiz eta Agirrek eta Bizkarrak bukaeran igoera ona egin, sailkapen orokorrean aukerarik gabe geratu ziren”. Azken bi etapetan protagonista izaten saiatu zen eskuadra laranja, esprintetan eta ihesaldietan saiatuz. Azkenean, Wouter Poelsek (Astana) irabazitako Turkiako Itzulian Iker Mintegi izan da Euskaltel-Euskadiko onena, hamalaugarren, bere lankide Jon Agirre hamabosgarren eta Mikel Bizkarra hogeigarren.
- Txirrindularitzan, Iker Gomez, ederki Santikutz Klasikoan. Espainiako Koparako baliagarria den proban lehen euskalduna izan zen Finisher taldeko altsasuarra. Aimar Tadeo ere txukun ibili zen. Maiatzaren 1ean afizionatuen mailako XCI. Santikutz Klasikoa jokatu zen, Espainiako Koparako baliagarria den proba ezaguna, Legazpin. 152,65 kilometroko lasterketa gogorra Martin Reyk (Cortizo) irabazi zuen, esprintean Finisherreko Cesar Perez eta Rural Kutxa-Aleako Pablo Lospitaoren aurretik gailenduz (3:51:08). Finisher taldeko Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak lasterketa ederra egin zuen eta zortzigarren iritsi zen helmugara (3:51:13), probako lehen euskalduna. Aimar Tadeo (Euskadi Fundazioa) 75. sailkatu zen (3:59:29). Talde onena Cortizo taldea izan zen. Gomezek maila itzela eman zuen. Nahiz eta bi gurpiletan pitzadurak izan, bukaerako 20 km-etan Zerainen erasoa jo zuen eta bakarrik egin zuen aurrera. Liernian hoberenak jarraitu zituen, Gabirian metro batzuk utzi zituen, baina buruan zegoen taldearekin bat egitea lortu zuen berriz, Gabiriako jaitsieran. Atagoitin erritmoa ezarri zuen, eta Cesar Perez bere taldekidearen esprinta bideratu zuen. Afizionatuen mailan debut ikusgarria egiten ari da.
- Futbolean, Garai txarra Osasunarendako. Emakumezkoen talde nagusia lehen mailara igotzeko fasetik kanpo geratu da, eta Gorka Pascuak gidatzen duen Osasuna B taldea mailaz jaitsi da. Emakumezkoen Osasuna taldea bolada txarra pasatzen ari da. Talde nagusiak 1. RFEF mailan jokatzen du, eta ezin izan du lehen mailara igo ahal izateko igoera faserako sailkatu. Irati Igoa etxarriarrak jokatzen du bertan, eta kolpe handia jaso du taldeak. Gorka Pascua altsasuarrak zuzentzen duen Osasuna B taldearen egoera okerragoa da, bigarren RFEF mailan jokatzen duen taldeak ezin izan baitu salbazioa lortu eta maila galdu baitu. Une latzak, beraz, Osasunarendako.