Maiatzaren 6ko albistegia

Guaixe Irratia 2025ko mai. 6a, 10:43

Sakanerria:

Sakanan, Trenbide erabilgarri, iraunkor eta azkarraren aldeko kanpaina abiatu du EH Bilduk Añanan, Lautadan eta Sakanan. Abiadura handiko plataforma berri baten eraikuntza proiektuaren aurrean, Miranda eta Iruñea arteko egungo trenbide korridorea modernizatzea proposatzen duen alternatibaren aldeko kanpaina abiatu dute Añanako Kuadrillako, Arabako Lautadako eta Sakanako EH Bilduko udal ordezkariek. Korridore bakar batean hiru zerbitzu eskainiko lituzke Denon trena-k: herritarrentzako aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta merkantziak. Prentsaurrekoan esandakoa eta Guaixek Aitor Larrazari egindako audioak hemen, albistegian entzungai daude.

Kirolak:

Mendi Lasterketak, Dantzaleku, NKJ-etako Mendi Txapelketan sendo. Dantzaleku Sakanako bederatzi korrikalarik hartu dute parte NKJ-etako txapelketan, eta lan bikaina egin dute. Agirre, Fernandez eta Mendoza Nafarroako selekzioarekin Espainiako Eskolarteko Mendi Lasterketen Txapelketan lehiatuko dira. Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) Mendi Lasterteka Txapelketan parte hartu duen Dantzalekuko taldeak 2024/2025 denboraldia bukatu du. Lau lasterketek puntuatzen zuten: San Silvestrail, Hiru Herri Trail, Jurramendi Trail eta Berako Mendi Lasterketa. Sakandarrek emaitzak onak lortu dituzte, eta Dantzaleku Sakanan denboraldiarekin oso pozik daudela nabarmendu du Aitor Mendoza monitoreak. Dantzalekutik bederatzi korrikalari lehiatu dira. Sihets Agirre haurren mailan aritu den bakarra izan da, eta oso ongi ibili da. Mutilen infantiletan Ekhi Guirado seigarren sailkatu da, –pena denboraldi hasieran lesionatu eta lehen lasterketan aritu ez izana, denboraldi bukaera ikusgarria egin duelako, Beran bigarren izan baitzen–, Unax Mazkiaran zortzigarren eta Hugo Salinas bederatzigarren. Kadeteetan, gizonezkoetan Dantzalekuko Victor Fernandez izan da txapelduna, lau lasterketak irabazita. Aratz Mendoza hirugarren sailkatu da, azken proban aurretik zituen zenbait korrikalarik parte hartu ez izanagatik gora egin baitzuen, tartean Jon Orella, sailkapenean azkenik bosgarren izan dena. Azkenik, juniorretan, gizonezkoetan, Kimetz Arregi bigarrena sailkatu zen, Juan Pes txapeldunarekin lehia estua izan eta gero. Julen Fuentes seigarren sailkatu da. Espainiako Txapelketara: Nafarroako Mendi Federazioak NKJ-etako selekzioa atera du aurten maiatzaren 24an eta 25ean Papiolen (Bartzelona) jokatuko diren Espainiako Txapelketetarako. "Iaz selekzioa sortzeko eskaria egin genion, gazteak txapelketara joan ahal izateko, eta kasu egin digute" dio Mendozak. Infantiletatik kadete bitartera Nafarroako Txapelketetan sailkatu diren onenak joango dira. Tartean daude Sihets Agirre, Victor Fernandez eta Aratz Mendoza. 

Futbola, Zalduak bosgarren despeditu du Elomendiko Txapelketa. 26 jardunaldi jokatuta despeditu da Elomendiko Futbol Txapelketa. Orain koparen txanda izango da. Despeditu da Elomendiko Futbol Txapelketa. Asteburuan 26. eta azken jardunaldia jokatu zen, eta Arakilgo Zalduak Bar Olmo liderra izan zuen aurkari. Lehia borrokatua izan zen, puntu banaketarekin despeditu zena, bina berdindu baitzuten bi taldeek. Bar Olmok irabazi du Elomendiko Futbol Txapelketa (68 puntu), Salinasen (64 puntu), Utergaren (55 puntu), Elomendiren (52 puntu) eta Zalduaren (51 puntu) aurretik. Guztira hamalau taldek hartu dute parte txapelketan. Liga bukatuta, aurki kopa hasiko da. 

Futbola, Altsasu, kopan aurrera egitera. Kopako multzoen fasean Altsasuk eta Ardoik partida erabakigarria dute jokoan. Emakumezkoen Kopan, Altsasu laugarren multzoan dago. Lehen jardunaldian Altsasuk 11-0 hartu zuen mendean Cantolagua, eta bigarrenean 1-2 irabazi zion Lagunak taldeari. Gauzak horrela, laugarren multzoko sailkapenean Altsasu dago buruan (6 puntu), Ardoi eta Lagunak taldeek hiruna puntu dituzte eta Cantolaguak ez du punturik bildu. Multzoen faseko hirugarren eta azken jardunaldian Altsasuk Zizurko Ardoi taldea hartuko du maiatzaren 11n, igandea, 18:00etan, Altsasun. Ea garaipena lortu eta Altsasuk kopan aurrera egiten duen. 

Futbola, Altsasuren eta Etxarriren gol festak.  Erregional mailako 31. jardunaldian ikusgarri aritu ziren Altsasu eta Etxarri. Lagun Artea San Jorge bigarrenaren kontra sorpresa ematekotan egon zen, baina ez zuen lortu. Erregional mailan 31. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuk Amayan jokatu zuen larunbatean, Alde Zaharreko Kluba taldearen kontra. Liderrak ez zuen huts egin eta hasieratik kontrolatu zuen partida, 4. minuturako Julen Floresek taldea aurreratu baitzuen. Hortik aurrera, gol festa ederrarekin jarraitu zuen Altsasuk. Bi hat trick egon ziren, Julen Floresek eta Aitor Augustok lortutakoak, eta Unai Calvok beste bi gol sartu zituen. Beraz, azkenean 0-8 irabazita itzuli ziren altsasuarrak Altsasura, eta Alde Zaharreko festak gustura ospatu zituzten. Etxarri Aranatzek Universidad de Navarra B taldea hartu zuen San Donaton eta etxeko taldeak ez zuen huts egin. Oinatz Carreñok mustu zuen etxarriarren gol zakua, 5. minutuan. Hortik aurrera bizi-bizi jarraitu zuen partidak, eta 34. minutuan Pello Altzelaik bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldiaren bueltan hasi zen etxarriarren gol festa. Jon Erdoziak sartutako golaren atzetik Oinatz Carreñoren beste bi –hat trick-a lortu zuen etxarriarrak–, Aratz Mariñelarenarena, Xabat Goikoetxea kapitainaren bi gol eta Aimar Ijuarraren azkeneko gola iritsi ziren. 9-0, garaipen ikusgarria Etxarri Aranatzen. Lakuntzako Lagun Arteak aurkari latza zuen, bigarren postuan dagoen San Jorge. Partida hasi eta berehala aurreratu zen San Jorge, baina Gorka Hernandezek bana berdindu zuen berehala. San Jorgek ez zuen arriskurik hartu nahi izan eta atsedenaldia baino lehen beste bi gol sartu zituen, 3-1 aurreratuta. Bigarren zatian ongi erantzun zuen Lagun Arteak, eta atzera ere Gorka Hernandezek 3-2 hurbildu zuen Lagun Artea. Orduan, laugarren gola sartu zuen San Jorgek. Lakuntzarrek ez zuten etsi eta Gorka Egurzak 4-3 gerturatu zuen Lagun. Markagailuari buelta ematear egon ziren lakuntzarrak, baina ez zuten lortu eta punturik gabe itzuli ziren etxera. Gauzak horrela, Altsasu liderrak liga irabazita eta partidarik galdu gabe jarraitzen du (89 puntu). San Jorge bigarrenak 77 puntu ditu, eta Etxarri Aranatz hirugarrenak 73 puntu. Lagun Artea zazpigarren da (49 puntu). Datorrena: Liga despeditzeko hiru jardunaldi geratzen dira. 32. jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamaseigarren den Baztan B taldea hartuko du maiatzaren 10ean, larunbata, 12:00etan, Dantzalekun. Egun berean, Etxarri Aranatzek sailkapenean hamaikagarren den Arga Ibaia taldearen kontra jokatuko du, San Jorge futbol zelaian, 20:00etan. Azkenik, Lagun Arteak maiatzaren 11n jokatuko du, igandean, 18:30ean, sailkapenean bederatzigarren den Berriozarren kontra, Itxesalde zelaian.