Sakanerrian,
- Sakanan, Aisialdiko begiraleen lan poltsa osatu nahi du Mank-ek. Curriculumak Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuan aurkeztu beharko dira. Sakanako Mankomunitateak aisialdi begiraleen lan poltsa osatzeko deialdia egin du. Deialdian interesa duenak euskara jakin behar du, ahoz eta idatziz. Jakintza egiaztatzeko C1 maila egiaztatu beharko du. Bestetik, gutxienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edo horren baliokidea izan behar du. Kontratazioak egiterakoan kontua izanen da hautagaiak gidatzeko baimena eta autoa izatea eta aisialdiko begirale titulua izatea. Interesa duenak bere curriculuma euskara1@sakana-mank.eus helbidera bidal dezake. MANK-etik gaztigatu dutenez, curriculuma bidaltzen dutenek Sakanako Mankomunitatea osatzen duten udalekin eta kontratazioez arduratzen diren enpresekin partekatzea onartzen dute.
- Irurtzun / Lakuntza / Arbizu / Bakaiku / Iturmendi / Urdiain / Olatzagutia. Mank ur kontsumoaren irakurketa egiten hasi da. Zazpi herritan egiten ari da. Irakurketa orain ez bada egiten, hurrengoan bi irakurketa batu eta sei hilabetekoari dagokiona ordaindu beharko da. Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuak jakinarazi du aurtengo bigarren hiruhilekoaren ur kontsumoaren irakurketa eginen duela. Irakurketa hori maiatzeko aurreneko bi astetan eginen du. Lakuntzan eta Olatzagutian maiatzaren 5etik 9ra. Arbizu 6tik 8ra, Iturmendin 9tik 12ra, Urdiainen 12tik 13ra, Bakaikun 12an eta Irurtzunen 12tik 15era. Langilea irakurketa egitera joan eta etxean inor ez badago, oharra utziko die. Hartan nork bere irakurketa apuntatu beharko du eta Mank-i jakinarazi. Horretarako, WhatsApp mezua bidali daiteke 663 399 732 telefono zenbakira, e-posta ura@sakana-mank.eus helbidera edo 948 46 48 67 telefono zenbakira hots egin daiteke.
- Altsasuko Udalak oposizio lehiaketa deitu du. Haren bidez, bere zerbitzura lan eginen duen administrari laguntzaile lanpostua betetzeko izangaien zerrenda bat eratu nahi du. Lanpostua aldi baterako beteko du hautatutako pertsonak. Deialdian interesa duenak maiatzaren 9ra arte aurkez dezake dokumentazioa Altsasuko egoitza elektronikoan, bertan ezarritako jarraibideen arabera.
Kiroletan,
- Areto Futbolean, Aralar Mendik jipoi gogorra jaso zuen Zizurren. Hirugarren mailako 20. jardunaldia gogorra izan zen uhartearrendako. Hirugarren mailan, aurtengoa denboraldi gogorra izaten ari da Aralar Mendirendako. Ligako 20. jardunaldian uhartearrek Zizurren jokatu zuten, Ardoi taldearen kontra. Nor baino nor hasi zen lehia, baina gutxika Ardoik partidaren kontrola hartu zuen, eta Aralar Mendiren atea zulatzen hasi zen, eta, azkenean, Ardoik 6-0 hartu zuen mendean Aralar Mendi. Jipoi ederra jaso zuten uhartearrek. Betelu Futbol Taldea Grupo Wiscok jarraitzen du hirugarren mailako lider (38 puntu), eta Kirol Sport bigarrenak puntu berberak ditu. Aralar Mendi hamargarren da (11 puntu). Bi jardunaldi geratzen dira liga despeditzeko. Maiatzaren 10ean, larunbata, 17:30ean, Aralar Mendik Universidad de Navarra hartuko du Larrebieta pilotalekuan.
- Areto Futbolean, eta orain, kopa. Altsasu eta Arbizu Kirol Taldea maila autonomikoko kopan lehiatuko dira. Areto futboleko lehen maila autonomikoa despedituta, ligako txapelduna, Altsasu, eta bigarrena, Arbizu Kirol Elkartea, maila autonomikoko kopan lehiatuko dira, beste sei talderekin batera. Asteburuan kopako final laurdenak egongo dira jokoan. Altsasuk Olite izango du aurkari maiatzaren 101ean, larunbata, 16:00etan Zelandin. Arbizu Kirol Taldeak, aldiz, egun bat lehenago, ostiralean jokatuko du, 19:30ean, Universidad de Navarraren kontra, Arbizun. Kanporaketa zuzenak izango dira.
- Areto Futbolean, Xota, Txantrearen kontra ezin. Senior mailako igoera faseko hamahirugarren jardunaldian puntuatu gabe geratu ziren irurtzundarrak. Emakumezkoen areto futboleko senior mailako igoera fasean, atzo, asteazkena, Txantreak eta Xotak hamahirugarren jardunaldiko partida jokatu zuten Iruñean. Partida hasi eta berehala, 5. minuturako, 2-0 aurreratu ziren Txantreakoak. Irurtzungo taldea partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezin. Partidak aurrera joan ahala, beste bi gol sartu zituen Txantreak, partida erabakita utzita. Nahia Moranek Xotaren ohorezko gola sartu zuen bukaera aldera, eta partida 4-1 galduta bukatu zen irurtzundarrendako. Lacturale Orvina da senior mailako igoera faseko buru (39 puntu), Txantrea B-ren (28 puntu), Mendialdea A-ren (25 puntu) eta Azkarrenaren (15 puntu). Xotak zortzigarren postuan dago (4 puntu). Asteburuan hamalaugarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Xotak Garbayo Chivite Cintruenigo taldea hartuko du maiatzaren 11n, igandea, 10:30ean, Atakondoa kiroldegian.