Kiroletan gaur,
- Atletismoan, Izaskun Beunza, podiumean. Igandean 1.000 korrikalari baino gehiago lehiatu ziren 41. Iruñeko Maratoi Erdian, tartean sakandar ugari. 5 km-ko txapelketan Izaskun Beunza olaztiarra (18:29) izan zen txapelduna, eta gizonezkoetan Ivan Sobredo zazpigarren sailkatu zen (16:33).
- Pilotan, Joanes Bakaikoa, final handiko txartela lortzera. Buruz Buruko B Serietako finalerdia jokatuko du gaur, Zubizarreta III.aren kontra. Buruz Buruko B Serietako Txapelketako finalerdiak jokatuko dira gaur, ostirala, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Agirrek eta Aldabek jokatuko dute lehena, eta Bakaikoak eta Zubizarreta III.ak bigarrena. Joanes Bakaikoa etxarriarra 2023ko buruz buruko txapelduna da, 2017ko txapeldunordea, eta hirugarren finala jokatu nahiko luke.
- Pilotan, Loidi eta Gartziandia, NKJ-etako txapeldunordeak. Benjaminen Binakako Txapelketako finala jokatu zuten Labriten, baina Abaxitabideako bikoaren kontra erori ziren. Maiatzaren 10ean Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Eskuz Binakako Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren Iruñeko Labrit pilotalekuan. Tartean, benjamin mailako Binakako finalean Arbizuko Aldabide taldeko Hodei Loidik eta Aratz Gartziandiak partida luze bezain gogorra jokatu zuten Abaxitabidea taldeko Etxeberria eta Narvaezen kontra. Azkenean, Abaxiabideakoak atera ziren garaile (9-6 eta 9-5). Lehendabizikoendako diplomak. Final guztiak jokatuta, kategoria eta maila guztietako lehen sailkatuek diploma jaso zuten, eta tartean biko sakandarrak zeuden, Altsasuko Pilotajauku, Arbizuko Aldabide eta Irurtzun klubetako bikoteak tartean. Aldabidetik azaldu dutenez, Tasio Arbizu, Suhar Arrizabalaga, Lahiotz Agirre eta Aiur Remiro pilotariek diploma jaso zuten.
- Areto futbola, Xota, kadeteen mailako txapelduna. Irurtzungo taldeak Avance Ezkabarte hartuko du ligako azken jardunaldian. Xotak kadeteen mailako areto futboleko liga irabaztea lortu du liga despeditzeko jardunaldi baten faltan. Talde irurtzundarrak 0-16 irabazi zion Los Saucesi azken jardunaldian, eta lider argia da (64 puntu) San Juani 4 puntu aterata. Igandean, 10:00etan, Avance Ezkabarte hartuko du Atakondoan, ligako azken jardunaldian.
- Hiru Mendi Zerrak, Hiru Haitz eta San Adrianeraino.
- Guztira 201 mendizalek hartu zuten parte Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako XVI. Hiru Mendi Zerrak mendi martxan. Ibilbidea goitik behera aldatu zuten, Bakaikuko Hiru Haitz eta Lizarragako San Adrianeraino. Aurretik 234 mendizale zeuden izena emanda, baina 201 abiatu ziren Altsasuko Mendigoizaleak klubak prestatutako XVI. Hiru Mendi Zerrak mendi martxan. Tamalez, euria izan zuten bidaide ia eremu gehienean. Ibilbidea berria zen. "Batetik, aldaketa bat bilatzen genuen, eta, bestetik, bailara egin nahi dugu, Sakana ezagutarazi, ibilaldira datozenak gure harana ezagutzeko" azaldu du Jesus Guineak. Horrela, Altsasutik Urdiainera jo, eta Santa Marinan aurrera eginez, Hiru Haitz, Baiza, Lizarragako San Adrian eta Lizarragako Portura iritsi zen Ibilaldi Luzea, Bakaikura jaitsi eta Izkibiletik Bernoa eta Intxusburu lotu, eta Sorozarretatik Altsasura heltzeko. Ibilbide Motza Hiru Haitzetara heltzen zen, eta Izkibiletik Sarabeko haitzara heldu eta Urdiaingo igerilekuetatik jotzen zuen Altsasura. "Jendeari aldaketa gustatu zaio, hori zioten. Baina lainoagatik ez ziren Beriain eta San Adriango bista ikusgarriak ikusten, eta pena hori zuten". Altsasuko Mendigoizaleak "oso eskertuta" daude bakaikuarrekin. "Erraztasun eta laguntza guztia eman digute". Baita mendizaleekin ere. "Denak eskerrak ematen. Gu egon beharko ginateke eskertuta" nabarmendu du Guineak. Guztia ongi atera zen, eta balorazioa ona da.