Maiatzaren 23ko albisteak

Guaixe Irratia 2025ko mai. 23a, 10:34

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Igerileku sasoia prest Irurtzunen. Garagartzaroaren 13tik irailaren 14ra zabalik egonen dira igerilekuak. Bonua eskuratzeko epea zabaldu du eta, beraz, Irurtzungo Udalak prest du aurtengo igerileku sasoia. Udalak jakinarazi duenez, tarifetan aldaketak egonen dira. “Igerilekuak pertsona guztiendako irisgarriagoak izan daitezen, familia bonuak bertan behera utzi dira. Tarifa 21 euro murriztu da 5 eta 14 urte bitarteko haurrendako. Erabaki horrekin haur guztiek igerilekuaz gozatzeko aukera izatea da gure asmoa, herrian udan aisialdirako eta gizarteratzeko leku nagusia baita”. Tarifetan izan diren beste aldaketak dira: 18 eta 65 urte bitarteko pertsonendako tarifa bi euro igo da eta 66 urtetik gorakoendako tarifa 35 eurokoa izanen da, Nafarroako Arartekoaren bidez aurkeztutako  erreklamazio bati erantzunez. Bestalde, Irurtzungo Udalak hobariak ezarri ditu langabeendako, errenta bermatua jasotzen dutenendako edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera dutenendako. 

Bake epailerik eta ordezkorik ez Lakuntzan.  Ardurak emateko deialdia egin du udalak . Lakuntzako bake epaile titularraren eta ordezkoaren karguak hutsik daude. Horiek betetzeko, Lakuntzako Udalak deialdia egin du. Interesa duenak eskabidea aurkeztu beharko du udaletxean garagarrilaren 13rako. 

Elikagai Bankuak jaki bilketan parte hartzera deitu du. Hainbat establezimendutan boluntarioak izanen dira jatekoak biltzen gaur eta bihar. Nafarroako Elikagai Bankuak udaberriko elikagaien bilketa handia antolatu du Itxaropena elikatu lelopean. Bankuko ordezkariek, atzera ere, gizartearen konpromisoa eskatu dute eta kanpaina solidarioan parte har dezaten eskatu du. Gaztigatu dutenez, "herritarrek oso modu errazean lagundu dezakete". Horretarako, hiru modu daudela azaldu dute. Alde batetik, eta normalean egiten den bezala, bilketa egiten den denda edo supermerkatu bakoitzean mota guztietako elikagaiak emanez, bereziki premiazko elikagaiak direnak. Bestetik, hainbat supermerkatutan kutxatik pasatzean dohaintza ekonomiko bat egiteko aukera izanen da bonu solidarioaren bidez. Aukera hori maiatzaren 30era arte izanen da indarrean. Azkenik, dohaintzak hiru modutan egiteko aukera eskaini dute: bancoalimentosnavarra.org webgunearen bidez, banku-transferentziaren bidez edo Bizumen bidez (00262 kodea). Horiek guztiak garagartzaroaren 30era arte egin ahal izango dira.

Olatzea Kroketaren Asteko parte hartzailea. Guztira herrialdeko 90 tabernak parte hartzen dute. Nafarroako Kroketaren VIII. Astea gaur hasi eta garagarrilaren 1era arte ospatuko da. Lehiaketarako propio sortu dute kroketa bat Nafarroako 90 tabernatan. Horiek dastatzeko Iruñeko auzoetatik edo 11 herrietatik pasa beharra dago. Parte hartzaileen artean Arbizuko Olatzea dago. Hark sagardotan egindako txistor kroketa eskainiko du asteartetik igandera 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. Harinas Urdanozek, Iruñeko Alde Zaharreko Elkarteak eta ANAPEH Ostalaritza Elkarteak antolatu lehiaketa. Sariak garagartzaroaren 4an banatuko dituzte. 

Kiroletan:

Pilotan, Joanes Bakaikoak Labriten final handia du.

Txirrindularitzan, Ane Beltran de Heredia Nafarroako txapelduna.

Atletismoan, Sihets Aguirre kadete mailako 3000 metroko Nafarroako txapelduna.

Boxeoa, MMA eta K1ean, Etxarri sutan jarri zuten. Garat Floresek boxeo konbatea irabazi zion Kortari.