"Halako probak ditut gustuko"
Erkuden San Martin Korrikalaria
Zeinen giro ona eta zenbat jende Aitzkibilen, baietz?
Bai, iritsi garenean, ezin aparkatu ibili naiz, eta pentsatu dut: "zenbat jende". Oso giro polita egon da. Denok eguzkiaren gogoa genuen, baina lasterketarako gehiegi berotu du.
Korrikalariak beroaz kexatzen ziren. Ibilbide gorabeheratsua dela kontuan hartuta, proba gogorra egin zaizue?
Bai, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain arteko ibilbidea gorabeheratsua delako eta beroak eragina izan duelako. Baina ongi. Lasterketa hau oso polita da, eta guztia zoragarri dago, berde-berde.
Irabaztea espero zenuen?
Ez nuen espero, baina hala suertatu da. Semearekin abiatu naiz, baina bera jubenila denez ibilbide motza egin du, eta Iturmendin banatu gara. Nik Urdiainerantz egin dut aurrera. Egia esan, oso pozik. Halako lasterketak ditut gustuko, herrietakoak.
Hemendik aurrera zeintzuk dira asmoak?
Orain arte maratoia prestatzen aritu naiz, Gasteizko maratoia egin nuelako. Gustura bukatu nuen, nahiz eta espero baino denbora gehiagoan egin. Orain mendira begira jarriko gara. Lakuntza-Aralar mendi lasterketako ibilbide motza egiteko asmoa dut, eta ondoren Trikutraila. Gero ikusiko dugu nola datozen.
"Gustura, baina sufrituta"
Aritz Etxeberria Korrikalaria
Bat-batean hotzetik berora pasatu gara. Lasterketan nabaritu al duzu?
Bai, kontraste hori nabaritu da. Ez gaude oraindik beroarekin korrika aritzera ohituta, azkenaldian euria eta hotza izan ditugulako, eta nabaritu da. Sufrituta ibili gara.
Baina nahiko erraz irabazi duzu.
Bai, eta oso pozik nago, baina ez da erraza izan. Aitzkibilek ibilbide gorabeheratsua du, Sakanan hau da daukaguna. Goraka hasi gara, Iturmendiruntz, gero behera, Urdiain aldera, buelta hartu, eta azken malda. Gogorra izan da. Ongi sentitu naiz, baina lasterketetan beti sufritzen da. Ez da sekula lasai bukatzen.
Giroa bikaina izan da.
Bai, giro oso polita, eguraldiak ere horretan asko lagundu du. Mugimendua egon da, eta animo horiek eskertzen dira.
Eta sari bat etxera.
Bai, hori ere eskertzen da.
Hemendik aurrera, zer?
Ikusiko dugu. Bigarren haurra jaio da, eta lan gehiago dugu orain. Etxean gauzak errazten dizkigute, eta ez da gutxi, baina tarte gutxiago dut. Nolanahi ere, orain uda datorrenez, parentesi txikia egin eta bizikleta hartuko dut. Uda pasata berriro atletismoko martxa hartuko dut, eta orduan erabakiko ditut asmoak. Ni mendiko lasterketetan ez naiz sartzen, hori gogorregia da guretako! (kar-kar).