Altsasu Kirol Elkarteak areto futboleko hiru kopako final hartzeko borondatea azaldu zion Nafarroako Futbol Federazioari, federazioak onartu, eta maiatzaren 24an, mukuru beteta zegoen Zelandin jokatu ziren aipatu hiru finalak, giro ezin hobean.
Emakumezkoen senior mailako kopako finalean Berriozarko Mendialdea B taldeak ligako irabazlea Orvina A izan zuen aurkari, eta nahiz eta Mendialdea aurreratu, Orvinak buelta eman zion partidari eta 1-3 irabazi zuen.
Bigarren finalak, gizonezkoen maila autonomikokoak, ikusmin handiena piztu zuen, Sakanako bi taldek jokatu baitzuten: Altsasuk eta Arbizu Kirol Elkarteak. Bi taldeek lehia bizia eskaini zuten. Lander Badosek Arbizu Kirol Taldea aurreratu zuen 6. minutuan, baina 19. minutuan Aritz Sevillak berdintzea lortu zuen, eta hortik aurrera Altsasu nagusi izan zen. Aritz Sevillak beste hiru gol sartu zituen, eta 4-1 irabazita kopa irabazi zuen Altsasuk.
Azkenik, gizonezkoen hirugarren mailako finala jokatu zuten Orkoiengo Kirol Sportek eta Antsoaingo Gazte Berriakek. Final borrokatuan, bana, bina eta hiruna berdindu zuten bi taldeek, baina, azkenean, Gazte Berriak 3-4 gailendu zen.