Sakanerrian,
- Izurdiagatik autopistarako sarbidea egiteko lanak emanda. Irurtzungo saihesbidea egin ondoren hari lotuta gelditzen den lana da. Izurdiaga, Errotz, Urritzola eta Irurtzungo herriei irteera zuzena ematea ahalbidetuko du. Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Izurdiagan A-15 errepidera sartzeko errail berriaren eraikuntza esleitu du. Excavaciones Fermin Oses enpresari esleitu dizkio lanak 1,2 milioi eurotan (BEZa barne). Enpresak lau hilabete izanen ditu lanak despeditzeko.
- Etxarri Aranatzen, San Adrian egunez udalaren mahaian bazkaltzeko aukera dago. Lekua hartzeko izena eman behar da. Garagarrilaren 16an etxarriarrek San Adrian erromeria ospatuko dute. Hala nahi duten herritar guztiei basoan bazkaltzeko aukera emateko, Etxarri Aranazko Udalak bere mahaia bazkaltzeko aukera eman du. Horretarako izena eman eta 35 euro ordaindu beharko dira. Izena eman nahi duenak garagarrilaren 12ko 12:00ak arteko epea du. Udaletik gaztigatu dutenez, bazkaltzeko garaian ez da zerbitzaririk egonen eta, beraz, mahaikideen artean zerbitzatu eta jaso beharko da mahaia. Bestetik, gehienez ere 15 pertsonendako lekua egongo da.
- Olatzagutiak igerilekurako sorosleak behar ditu. Hautatutakoei hiru hilabete ingururako kontratua eginen zaie, lanaldi osokoa. Olatzagutiko Udalaren kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Erburua Olazti enpresa publikoak jakinarazi du igerilekuan lan egiteko bi sorosle kontratatuko dituela. Bete beharreko baldintzak dira orospeneko titulazioa izatea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea eta euskarazko ahozko B2 maila izatea. Izena emateko epea garagarrilaren 6ko 14:00etan bukatuko da, eta eskaerak Olatzagutiko udaletxean aurkeztu beharko dira. Eskabidea, eskatutako titulazioa, euskararen ezagutza egiaztatzea eta alegatzen diren merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dira.
- Kirolak,
Pilotan, Irurtzungo Pilota txapelketan, Armendariz, Lazkoz, Igoa, Arbizu eta Ongay, lanera
Final laurdenetako azken saioa jokatuko da gaur, maiatzaren 28an. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketako azken final laurdenak daude jokoan. Gaur, maiatzaren 28an, asteazkenarekin, bigarren mailako bi final laurden eta lehen mailako azken final laurdena jokatuko da, eta Irurtzun klubeko Armendariz, Lazkoz, Igoa, Arbizu eta Ongy sartuko dira lehian. Bestalde, maiatzaren 22ko final laurdenetan Irurtzun klubeko Otxoak eta Lizarragak aurrera egin zuten, eta Salcedo-Azanza, aldiz, bidean geratu ziren. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketako final laurdenak:
-Maiatzak 28, asteazkena 18:00etan, Biaizpen
-Bigarren maila: Artetxe-Urdanpilleta (Intza) vs Armendariz-Lazkoz (Irurtzun)
-Bigarren maila: Olasagasti-Villanueva (Behar Zana-Zugarralde) vs Ruiz-Arriolabengoa (Txukun Lakua)
-Lehen maila: Igoa-Arbizu (Irurtzun) vs Ongay-M.Lizeaga (Irurtzun-Hernani)
-Maiatzaren 22ko final laurdenetako emaitzak:
-Bigarren maila: Tolosa-Legarreta (Tolosa-Hernani) 20-22 Otxoa-Lizarraga (Irurtzun)
-Bigarren maila: Armaolea-Goiburu (Lapke) 22-19 Salcedo-Azanza (Irurtzun)
- Txirrindularitzan, Giroa, gori-gori. UAE Emirates taldeko Isaac del Torok justu-justu eutsi zion maglia arrosari Alpeetako San Valentino igoeran. Segundo batzuetara ditu Simon Yates (Visma) eta Richard Carapaz (Education First). Giroaren hirugarren astea ikaragarria izango zela aurreikusten zen, Alpeetako etapa gogorrekin, eta hala izatean ari da. Atzo benetako lehen etapa menditsua jokatu zen, eta faboritoek nola eutsiko zioten, ikusmin handia zegoen. Lehen mailako San Valentino igoeran despeditu zen etapa, bigarren mailako Carboniare eta lehen mailako Candrial eta Santa Barbararen ondoren, kalbario latza izan zen txirrindulari askorendako. Tartean, Girorako faboritoen artean zeuden Primoz Roglic-ek etxerako bidea hartu zuen, eta UAE Emirates taldeko Juan Ayuso jokoz kanpo geratu zen. Astana izan zen eguneko protagonistetako bat, bere bi txirrindulari, Christian Scaroni eta Lorenzo Fortunato batera iritsi zirelako helmugara (5:35:05), Scaroni aurrean zela. Richard Carapaz (Education First) eguneko bigarren protagonista handia izan zen, laugarren iritsi baitzen, Giroari horzkada ederra emanez, hirugarren kokatu baita, Isaac del Toro (UAE Emirates) liderretik 31 segundo eskasera. Egun gogorra izan zen atzokoa UAE Emirates taldearendako. Isaac del Torok ederki sufritu zuen, eta bere ahulezia agerian geratu zen. Gutxigatik mantendu zuen maglia arrosa. Igor Arrieta 57. sartu zen, 28:55ra. Isaac del Torok segitzen du lider, Simon Yates (Visma) 26 segundora eta Richard Carapaz 31ra jarri zaizkiolako. Igor Arrieta 36. da, 1:13:02ra. Gaurkoa etapa ere garrantzitsua izango da faboritoendako. 155 ditu, San Michele all´Adigetik Bormioraino, tartean hiru mendate dituztela: bigarren mailako Passo del Tonale, lehen mailako Mortirolo mitikoa, eta hirugarren mailako Le Motte.