Altsasuko Zelandi kiroldegiak Nafarroako areto futboleko hiru kopako final hartu zituen maiatzaren 24an. Altsasu Kirol Elkartearendako guztia antolatzea erronka izan zen, baina Nafarroako Futbol Federazioak, Rafael del Amo presidentea buru, klub altsasuarra zoriondu zuen, "guztia primeran" antolatu izanagatik. Rafael del Amok eta Altsasuko alkate Javier Ollok banatu zituzten sariak. "Guztia primeran atera zen, ikusgarri. Taberna prestatu genuen, eta mugimendu handia egon zen. Guztia ongi antolatzeak lan handia izan zuen, baina oso pozik gaude" nabarmendu du Goio Rodriguez Marquez Altsasu Kirol Elkarteko areto futbol jokalariak.
Lehen finala emakumeen senior mailakoa izan zen. Orvina A ligako irabazleak Berriozarko Mendialdea B taldea izan zuen aurkari. Berriozarkoak aurreratu ziren, baina Orvinak buelta eman zion (1-3), kopa lortuz.
Etxekoa, jendetsuena
Ikusleek irrikaz espero zuten finala maila autonomikokoa zen, Altsasu ligako txapeldunak eta Arbizu Kirol Elkartea bigarrenak jokatu zutena. "Etxeko bi taldeen zaleek Zelandi topera bete zuten, ikusmin gehiena piztu zuen finala izan zen". Lander Badosek Arbizu aurreratu zuen 6. minutuan, eta Altsasuri buelta ematea kostatu zitzaion. "Arbizuk partida ezberdina planteatu zuen. Gola sartu eta gero, atzean sartu ziren gehiago, eta kontraerasoan saiatu" azaldu du Rodriguezek. Baina 19. minutuan Aritz Sevillak berdintzea lortu zuen eta ondoren beste bi gol sartu zituen, hat trick-a. Mikel Ruizek egin zuen Altsasuren laugarrena (4-1). Bi taldeek txalo zaparradarekin jaso zituzten trofeoak. "Giro ederra egon zen, bi taldeek harreman handia dugulako, lehia sanoa. Arbizuk sekulako denboraldia egin du, eta guk baita ere. Sakanan pozik egoteko modukoa da".
Bi taldeak izan dira maila autonomikoko onenak. Merituz, hirugarren mailara igotzea lortu dute. Altsasu igoko da, eta, halaber, maila autonomikoan beste talde bat sortuko du. "Gazteagoak hurbildu dira, gogotsu, eta ahalegina egingo dugu".

Arbizu Kirol Elkarteak egindako denboraldiarekin "oso pozik" dago Endika Mendinueta. "Herriko jendearekin ateratzen dugu taldea aurrera, eta hori da gure helburua, Arbizun areto futbola izatea". Nahiz eta hirugarren mailara igo, maila autonomikoan jarraitzea erabaki dute. "Hirugarren mailako saltoa agian handiegia da, eta guk herrikoekin jokatuz jarraitu nahi dugu lehiakor izaten. Arbizuko gazte gehiago hasiko dira, eta pozik gaude".
Azkenik, hirugarren mailako finalean lehia oso estua izan zuten Orkoiengo Kirol Sportek eta Antsoaingo Gazte Berriak taldeek, baina azkenean Gazte Berriak 3-4 gailendu zen.