Hezkuntza Departamentuak Etxarri Aranazko eta Urdiaingo eskoletako bi urteko haurren geletarako egindako aurrematrikulak ezeztatu zituen apirilaren 1ean. Horrek alarmak sortu zituen bi ikastetxeetako komunitateetan. Ez zuten departamentuaren ez azalpenik, ez alternatibarik jaso. Bi herrietako udalekin batera bi eskoletako hezkuntza komunitatea ikastetxeen zerbitzu hori bermatzeko pausoak ematen hasi ziren. Bileren emaitzen ondoren, Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoak bi urteko haurrendako gela izanen du, ez, ordea, Urdiaingoak.
Foru administraziotik ondoren adierazi zietenez, "Etxarri Aranatz eta Urdiaingo ikastetxe publikoetan modu irregularrean eskolatzen zen". Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko ikasleak ezin ziren elkarrekin egon. Eta gaineratu zutenez, "ikasle horiek hartzen diren espazioek errespetatu behar dituzten azpiegituren arloko araudia ez dute betetzen". Etxarriko eskolako bi urteko gelak 32 urte zeraman martxan, Urdiaingoak, berriz, 16 bat urte.
San Donato eskola
Hezkuntza Departamenduak azaldu duenez, San Donato eskolan 2 urteko ikasgela irekiko du. Zehaztutako egutegiaren arabera garagarrilaren 9tik 11ra, astelehenetik asteazkenera, gurasoek eskaerak aurkeztu beharko dituzte eskolan bertan. Hilaren 13an, ostiralarekin, behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte. Garagarrilak 17an, asteartean, erreklamazioak aurkezteko eguna izanen da eta hurrengo egunean behin betiko zerrenda argitaratuko dute. Azkenik, matrikula hilaren 19an eta 20an eginen da.
Horretarako, Foru Agindua onartu zuen gobernuak, gelari ofizialtasuna emateko. Ikasgelak 16 ume hartzeko gaitasuna du, eta gutxieneko matrikula 7 edo 8 ikaslekoa izanen da. San Donato eskola publikoko arduradunek ez dute kezka ukatu: "aurreko astean aurre matrikula egin zuten gurasoekin bilera izan genuen eta matrikulazio epe berri bat izanen zela azaldu genien. Baina 0-3ko haur eskoletan aste honetan matrikula itxi da eta gurasoek informaziorik ez zutenez, apika beste zentroren batean eman dute izena. Ez dakigu zer gertatuko den gutxieneko matrikula kopurua lortzen ez badugu", azaldu dute eskolako arduradunek, "baina lortzea espero dugu". Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo herritarrek lehentasuna izanen dute gela horretan izena ematerakoan. Baina plazak betetzen ez badira, gainerako herrietakoek ere izena emateko aukera izanen dute.
Bitartean departamentuko arkitektoak Etxarri Aranazko eskolan izan dira eta 2 urteko gela egokitzeko beharrezko lanak zein diren zehaztu eta udan eginen dituzte. Besteak beste, komuna berrituko dute. "Ekipamendua ere erosi dute. Gelan lehen ongi zegoen eta hobe geldituko da orain", azaldu dute eskolatik. Gelarekin eskolaren plantilla ere handituko da, 0-3 urteko bi hezitzaile han ariko baitira. Batena izanen da ardura nagusia eta bestea ordezkapenak eginen dizkio eta zuzendaritzarekin koordinazio lanak eginen ditu. Gela 09:00etatik 14:00etara izanen da zabalik, eta garraio eta jangela zerbitzua eskainiko ditu.
Urdiain
Gaur egun Urdiaingo eskola publikoko 2 urteko gelan Iturmendiko eta Urdiaingo bost ume daude. Baina heldu den ikasturtetik aurrera ez da gelarik izanen. Eskolatik azaldu dutenez, "eskola komunitateko kideak bitan saiatu gara Hezkuntza Departamentuaren iritzia aldarazten, baina ez dugu lortu, eta 2 urteko gelarik gabe utzi gaituzte. Behin eta berriz esan dute Haur Hezkuntzako bi zikloetako haurrak ezin direla nahasi. Legearen gure irakurketaren arabera ez dago idatzia bi zikloetako ikasleak elkartu daitezkeenik edo ezin direla elkartu". Urdiaingo eskola komunitateak Hezkuntza Departamentuari eskaera egin dio: "legea alda dezala eta egokitu dezala landa eremuko errealitatera. Aldaketa eginez gero, 2 urteko gela izanen genukeelako". Ez dakite jaramon eginen dieten.
Beraz, 2 urteko eskolaren zerbitzu hori erabili nahi duten guraso iturmendiar eta urdindarrek Etxarri Aranazko eskolara joateko aukera izanen dute. "Orain arte herrian zuten zerbitzua, baina orain mugitu beharko dute". Eskolan aurrematrikula egina zutenak Etxarri Aranazko eskolara edo beste batera joanen diren ez dakite. Gela galtzeak, ordea, ez du irakasle plazarik galtzea ekarriko.
Haur Eskola
Egun Sakanan 0 eta 3 urte arteko umeak hartzen dituzten haur eskola publikoak daude Uharte Arakilen, Arbizun eta Altsasun. Gainera, Altsasun Txioka haur ikastola ere badago. Ibarreko haur eskoletan nahikoa plazarik ez dago dagoen eskaerarako. Horixe esan zuten Etxarri Aranazko eta Urdiaingo eskola komunitateek apirilean egindako agerraldian. Etxarri Aranatzen urte hasieratik gaia lantzen ari den talde bat dago. Sakanarako haur eskola publikoa, doakoa eta unibertsala eskatzen dute 2026-2027rako.