BSHk Ezkirotzeko lantegia behin betiko itxiko duela jakinarazi die Nafarroako Gobernuari eta Industria Ministerioari. Gaur goizean egindako bileran eman die albistea. Foru administrazioak eta enpresa batzordeak Alemaniako multinazionalari erabakia atzeratzeko eta lantegia berrindustrializatzeko beta gehiago eskatu izan diote, baina alferrikakoa izan da eskaera.
UGTko zazpi ordezkarik, LABeko hiruk, CCOOko bik, ELAko bik, ATISSko bik eta Solidariko batek osatzen dute batzordea. Albistea jakitean batzarra egin dute, eta langileei horren berri eman diete. Aitortu dutenez, erabakia ez da sorpresa izan, eta onartu dute azkenean abenduaren 16ko mamua gauzatu egin dela. Erabakiaren berri izan ondotik, asanblada egin dute langileek. Eta erabaki dute bihartik aurrera grebara joko dutela, eta adierazi dute "elkarrekin" egoteko unea dela, orain inoiz baino gehiago. Grebaz gain, egunero batzarrak egingo dituztela ere azaldu dute. "Deslokalizazio argiaz" mintzatu dira eta borrokarako deia luzatu dute. Bestalde, batzordeko ordezkaritza bat Bruselarako bidean da Industria komisarioarekin eta Enplegu komisarioarekin hitz egiteko bihar.
Erreakzioak
Maria Chivite Navascues Nafarroako presidenteak BSHren Ezkirozko zuzendaritzari kaleratzeen kontra dagoela jakinarazi dio. Chiviteren iritziz, "erabateko akatsa" da iragarpen hori. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak plantaren birindustrializazioan hartutako konpromiso bikoiztua zehaztu du, oraindik indarrean dagoen lan-mahaiaren esparruan. Horretarako benetako interesa agertu duten enpresa guztiekin harremanetan jarriko dira. Chivite presidenteak berretsi egin du Nafarroako Gobernuak elkartasuna eta enpatia duela BSHko langileekin eta eragindako gainerako enpresekin, eta berretsi egin du bere erabaki gorena dela lantoki guztietan enplegua babesteko irtenbide egingarriak bilatzeko.
EH Bilduko Laura Aznalek esan duenez, "onartezina da BSHk, etekinak dituen enpresa batek, ehunka langile kalean uztea. Erabateko mesprezua beraiekiko eta gure lurraldearekiko". Aldi berean, "langileendako eta Ezkirozko eta Nafarroako industria jarduerarako alternatiba baten alde lanean jarraitzeko exijitzen diogu Nafarroako Gobernuari".
Zurekin Nafarroako Migel Garridok ezin du ulertu nola enpresak ez dion jaramonik egin Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Gobernuak berrindustrializazio prozesuari denbora emateko aho batez egindako eskaerari, are gehiago jakinda inbertitzaile batzuek benetako interesa erakutsi dutela plantan. Eta jasotako dirulaguntzak bueltatzea exijitu dio. Bestalde, Carlos Guzmanek azpimarratu duenez, "horrelako prozesuek agerian uzten dute gobernuei tresnak eman behar dizkiegula gaur ezagutu dugun langile klasearen eskubideak urratzea eragozteko", eta, bukatzeko, "Gobernuari eskatuko diogu larrua utz dezala lantegia berrindustrializatzen, BSH erakusten ari den lotsagabekeria gorabehera, eta eragiten dien lanpostu guzti-guztiak defenda ditzala".
CCOOk BSH Eskirozen itxieraren iragarpena deitoratu du. Sindikatuak gaitzetsi egin ditu BSHko zuzendaritzak abendutik hona prozesuan erakutsi dituen moduak eta estiloa. Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak aukera bat aurkitzeko denbora eskatu ziola BSHko zuzendaritzari, eta epe hori zuzendaritzak ez duela errespetatu. CCOOren iritziz, "ezin da baztertu horrelako iragarki gehiago egotea"; horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu dio sindikatuekin eta enpresa eragileekin batera lan egin dezala, deslokalizazioaren arriskuaren aurrean Nafarroako industria bultzatzeko plan baten alde.Azkenik, sektoreko enplegua bideragarri egingo duen berrindustrializazio-plan bat eskatu du CCOOk.