EH Bilduk aurkeztuta, Sakanako hainbat udalek Denon Trena izeneko mozioa onartu dute dagoeneko. Tartean dira Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Ziordiko udalak. Onartutako mozioaren bidez aipatu udalek "lurralde kohesioa bermatu, ingurumena errespetatu eta bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetuko duen tren ereduaren alternatiba aztertzea" eskatu dute. "Beti ere, trenbide-sarea modernizatzea, tren bidezko salgaien garraioa bultzatzea, gure herrietako eta eskualdeetako geltokiekiko konexioak eta maiztasunak hobetzea oinarri izanik".
Aipatu udalek "tren alterbatiba hori mugikortasun ereduaren gaineko ekarpen eraikitzailetzat" har dezala eskatu diote Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, "egungo mugikortasun eta garraio beharrei modu eraginkorrean erantzuteko tresna moduan". Eta, aldi berean, eskaera luzatu diote: "alternatiba behar diren berme tekniko guztiekin aztertu ahal izateko baliabideak jar" ditzala.
Bestalde, "gure eskualdeari eragiten dion garraio eta mugikortasun eredua zehazteko asmoz", udalek "herritarrei eta eragileei informazioa bideratzea, eztabaida soziala bulkatzea eta haien iritzia jasotzea" eskatu diete eskumena duten instituzio guztiei.