Sakanerrian:
Haur eta nerabeendako udako eskaintza Arakilen. Haurrendako aisialdi campusak bi saio izanen ditu eta nerabeendako bakarra izanen da. Arakilgo Udalak haur eta nerabeendako aisialdi campusak antolatu ditu udarako. 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskaintzari dagokionez bi asteko bi txanda izanen dira: garilaren 21etik agorrilaren 1era arte eta agorrilaren 4tik abuztuak 14ra. Saioak astegunetan 10:00etatik 13:00tara izanen dira. Izen emateak 50 euro balio du. Baina udalak jakinarazi du familia ugariek edo guraso bakarrekoek %20ko beherapena izanen dutela, beti ere dagokion dokumentazioa aurkezten badute. Udaletik gaztigatu dutenez, "izena emateko adin tartean egoteko, adingabeek urte horretan bertan bete behar dute eskatutako adina. Adibidez, 4 urteko ume batek 2025eko azaroan 5 urte betetzen baditu, izena eman dezake". Interesa duenak Arakil.eus webgunean dagoen galdetegia bete beharko du hilaren 26rako. Bestela, 634 584 226 edo 948 500 101 telefono zenbakietara hots egin edo arakilkultura@gmail.com e-posta helbidera idatzi daiteke. Nerabeendako eskaintza. Arakilgo Udalak 13 eta 16 urte bitarteko nerabeendako eskaintza ere prest du udarako. Izena emateko aurten bertan bete behar dute eskatutako data. Agorrilaren 18tik 29ra, astegunetan 10:00etatik 13:00etara izanen da campusa. Haurren campusean bezala matrikulak 50 euro balio ditu, eta beherapen berak eskaini ditu udalak. Izena emateko galdetegia hilaren 24ra arte bete daiteke. Argibideak eskatzeko goian aipatutako telefono zenbaki edo posta elektronikoko helbidea erabil daiteke. Bai campus batean bai bestean plazak mugatuak direnez, onartuak izateko lehentasuna izanen dute, lehenik, Arakilen erroldatutako haurrek. Ondoren, ibarrean bigarren etxebizitza dutenak. Hirugarrenik, Irurtzunen erroldatuta daudenek eta, azkenik, balorazio irizpidea gainerako herri eta hirietan bizitzea da.
Irurtzun Udalak etxea eta biltegia saldu ditu. Enkante bidez egin du. Ardubil kalean dago. Irurtzungo Udalak bere jabetzakoa zen higiezina prozedura irekiko enkante publiko bidez saltzeko deialdia egin zuen. Etxebizitza eta biltegia Ardubil kaleko 6. zenbakian dago. Eskaintzak aurkezteko epea despedituta, Julian Cardasek 96.000 euro eskaini zituen higiezina eskuratzeko, pleguan ezarritako baldintzak betez. Eskatzaile bakarra izanik, eta gutxienez gutxieneko prezioa berdindu duenez, behin-behineko esleipendun izendatzen da. Behin-behineko esleipen hori "sexteo" hobekuntzaren menpe dago.
Olatzagutiako Udalak zezensuzkoa eramateko pertsona bat behar du. Hautagaiak adienez nagusiak izan behar dira. Olatzagutiko Udala aurtengo festak prestatzen ari da eta ospakizunetan zezensuzkoa ateratzea aurreikusten du. Festa egunetan zezensuzkoa eramateko pertsona bat behar duela jakinarazi du udalak. Interesa duenak adinez nagusia izan behar du eta udalak zehaztutako zazpi egunetan zezensuzkoa ateratzeko konpromisoa hartu behar du. Eguneko 30 euro gordin kobratuko ditu eramaileak. Lan egunak izanen dira: garilaren 24, 25, 26 eta 27 eta irailaren 26, 27 eta 28an. Izena emateko epea garilaren 7ko 14:00etan despedituko da.
Lakuntzan, Amiantorik gabeko Aceros Moldeados de Lacunza SA. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza batekin kendu du. Ingurumen Departamentuak beste laguntza-deialdi bat iragarri du, material kutsatzaile hori kentzeko partida bikoiztuta. Aceros Moldeados de Lacunza SA enpresak Lakuntzan duen galdategiko teilatutik amiantoa, uralita, kendu du eta metalezko teiladura jarri. Ondoren teilatuan eguzki plakak jarri ditu. Bere instalazioetatik amiantoa kendu duen Nafarroako lehen enpresetako bat da Aceros Moldeados de Lacunza SA. Horretarako Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntza bat baliatu du. Izan ere, pertsonen osasunerako kaltegarria den eta ingurune naturala kutsatzen da material hori, eta hori pixkanaka kentzeko abian jarritako laguntzak dira Lakuntzako enpresak baliatu dituena. Enpresa 1977an hasi zen lanean, eta 25 herrialdetara altzairu herdoilgaitzezko piezak eta nikelezko beste material batzuk hornitzeko gai da. Urtero 30 milioi euro fakturatzen ditu. Lakuntzan eta Arbizun kokatutako bi lantokitan 20.000 m2 dituzten instalazioak ditu.
Kiroletan:
Txirrindularitzan, Iker Gomezek ezin izan zion Circuito Montañeseko lidergoari eutsi. Cantabriako lasterketako bigarren eta azken proban talderik gabe geratu zen, eta etengabeko erasoei ezin aurre egin hustu egin zen. Atzo, ekainak 10, afizionatuen mailako Circuito Montañes lasterketako bigarren eta azken etapa jokatu zen Santillana del Marren (156,4 km), etapa nagusia, oso gogorra, oso gorabeheratsua, hirugarren mailako zortzi mendate tartean. Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Finisher) altsasuarra zen liderra, bezperako etapa irabazi eta gero, eta bazekien zaila izango zela proba borobiltzea. Proba hasi eta berehala laukote batek ihes egin zuen. Finisher taldeko txirrindulari guztiak tropel buruan lanean hasi ziren, abiadura azkartzen, Iker Gomezen maillot horia defendatzeko. Horrela, helmugarako 57 km-ren faltan tropelak ihes egindakoak irentsi zituen. Hortik aurrera erasoak eta kontraerasoak etorri ziren, bata bestearen atzetik. Horietako batean Sergio Gutierrezek (Gomur Cantabria), Iker Trigok (Vigo Rias Baixas) eta Pablo Arak (Telco ON) aurrera jo zuten, helmugarako 25 kilometroren faltan. Oraindik ere gehiago apurtu zen lasterketa, eraso gehiago izan baitziren. Sailkapen orokorrean bigarren zen Archiboldek (Natural Greatness) aurrean zihoan taldearekin bat egin zuen, Iker Gomez liderrari tartea hartuz. Nahasmen horretan, Ubiarcoko igoeran Victor Castellanok (Gomur Cantabria) erasoa jo zuen eta Iker Gomez atzean utzi zuen. Iker Gomez talderik gabe geratu zen azken txanpa horretan eta jasandako etengabeko erasoei erantzuten saiatzerakoan hustu egin zen. Etapa bukatzea nahikoa eta sobera izan zen berarendako. Azkenean, Aaron Nouguék (Telco ON) lortu zuen etapa garaipena (3:46:26) eta Franklin Archibolek Circuito Montañeseko sailkapen orokorra, Victor Castellanori 2 segundo eta Pablo Arari 17 segundo aterata. Iker Gomez 42. sailkatu zen, 7:35ra.