Eguneko albisteak

Ekainaren 12ko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko ekainaren 12a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Baso aprobetxamendua salgai Arruazun.  Aralarren dago, Guardetxetik gertu. Arruazuko Udalak, enkante bidez, baso aprobetxamendua saltzeko deialdia egin du. Pagoz osatutako lotea Aralarren dago Guardetxetik gertu, zehazki Elurmenta, Aubigaña, Aubiakosare, Pittinarri eta Debata parajeetan. Loteak 2.384,3 metro kubikoko egur bolumena du guztira. Aprobetxamenduagatik udalak 38.149,19 euro eskatzen ditu. Hura eskuratzen interesa duen enpresak hilaren 19ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. 

Arbizuko Udalak eskola zaharrak janzteko kontratua eman du.  Altzariak eta ikus-entzunezko azpiegitura eskuratu ditu.Arbizuko Udalak eskola zaharren eraikina berritu eta kultur jardueretara bideratu du. Eraikina janzteko deialdia egin zuen udalak. Besteak beste aulkiak, mahaiak, armairuak, soinu ekipoa, 100 hatz beteko telebista eta hura paretan jartzeko euskarria eta eszenatokia (5x3 metro). Hiru eskaintza jaso zituen udalak eta kontratua Montte SM enpresari eman zion 22.725,13 euroren (BEZ barne) truke. Enpresak bi hilabete ditu altzariak eta ikus-entzunezko bitartekoak Arbizura eramateko. 

Bakaikuko Jubilatuak sanjoanak prestatzen.  Ohi denez, bazkaria antolatu dute. Bakaikuko Hiru Haitz jubilatu elkarteak aurten ere San Joanak ospatuko ditu. Eta ohi duenez, garagarrilaren 24rako, San Joan egunerako, bazkaria antolatu du. Jubilatu elkartearen bazkarira joan nahi duenak hilaren 16ra arteko epea du izena emateko. Horretarako elkarteko zuzendaritzako kide den bakarren bati esatearekin nahikoa da. Bazkideek bazkariagatik 27 euro ordaindu beharko dituzte, bazkide ez direnek 32. 

Kiroletan:

Futbolean, Irati Igoak Osasunan segiko du. Taldeak hamahiru baja izan ditu. Hamar jokalarik jarraituko dute, tartean Igoak. Emakumezkoen Osasuna lehen taldea goitik behera eraldatuko da 2025/2026 denboraldirako. Hamahiru jokalari baja izango dira, inoiz baino gehiago, eta hamarrek jarraituko dute, tartean Irati Igoa Sesma etxarriarrak. Bigarren taldetik hiru jokalari igoko dira, eta gainontzeko plantilla eta zuzendaritza lotzeko lan handia dago aurretik. 

Txirrindularitzan, Curiel eta Gonzalez, Baztandarrako Top10ean. Kadete mailako txirrindulari sakandarrek maila ederra erakutsi zuten Arraiotzen. Ekainaren 7an I. Baztandarra Kadete Saria jokatu zen Arraiotzen, 59 km gorabeheratsuko proba. Lasterketa oso mugituan, Aitor Mata (Rotxabikes) izan zen helmugara heltzen lehena, 8 segundora Pablo Martin (Ecotisa) eta 1:01 minutura tropel nagusia segika zituela. Top10ean bi sakandar sailkatu ziren: Xabier Curiel altsasuarra (Quesos Albeniz) bosgarren, eta Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) zortzigarren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) hamabigarren sailkatu zen, Ekai Erdozia (Sakana Group-Alea) hamalaugarren, Unax Etxeberria (Sakana Group-Alea) 30., Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 39., Asier Flores (Quesos Albeniz) 48., Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz) 51., Ibai Galarza (Quesos Albeniz) 60., Alex Gonzalez (Sakana Group-Alea) 65., Xabier Gorriti (Sakana Group-Alea) 67., Unai Gomez (Quesos Albeniz) 74., Oier Olaberria (Quesos Albeniz) 77. eta Gabriel Gonzalez (Sakana Group-Alea) 80. 

Txirrindularitzan, Lizarra, emakumezkoen tropelaren bilgune. Kadeteen eta juniorren mailako lasterketan txukun aritu ziren sakandarrak. Ekainaren 7an Emakumezkoen VII. Lizarrako Udala Saria Trofeoa jokatu zen, hainbat kategoriatan. Kadeteek 40,4 km-ko ibilbidea osatu zuten. Bi txirrindulari batera iritsi ziren helmugara, eta Teika-Aleko Carla Bañuls (1:04:27) gailendu zitzaion Lluna Jimenezi (Baix Ter). Eider Mazkiaran (Zu-k / Limousin) 95. sailkatu zen, 4:33ra. Amara Arrietak (Ecologicos Navarra-Beratxa) ezin izan zuen proba bukatu. Juniorrek 77,7 km izan zituzten aurretik. Baque Movistar Team taldeak kontrolatu zuen lasterketa goitik behera; talde horretako hirukote bat iritsi zen elkarrekin helmugara. Mirari Gotxi gailendu zitzaien Alejandra Neira eta Paula Ostiz taldekideei (2:04:38). Ane Berastegi (Ecologicos Navarra-Beratxa) 40. iritsi zen helmugara, 5:39ra, eta Ane Beltran de Heredia (Timac Agro) 41., 5:39ra. Siets Goikoetxeak (Ecologicos Navarra-Beratxa) ezin izan zuen proba bukatu.