Eguneko albisteak

Ekainaren 16ko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko ekainaren 16a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Etxarri Aranatzen, San Adrian ospakizunak izango dituzte

Lizarragan, San Adrian eguna ospatuko dute.

Kiroletan:

Pilotan, Irurtzungo Txapelketak baditu txapeldunak. Lehen mailako partida gogorrean Rekalde-Cuairanek (Txumuluxueta-Irurtzun) jantzi zuten txapela, eta bigarren mailakoan Olasagasti-Villanuevak (Behar Zana-Zugarralde). Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak 33. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak hartu zituen larunbatean, Trinitateko festetan. Pilotalekuak itxura oso ederra zuen, urtero moduan. Jaialdia zabaltzeko, Gure Pilotako Astitzi eta Erauskini 18-25 gailendu zitzaien Beltza eta Gaintzarain, maila handian jokatutako pala partida oso lehiatuan. Hura bukatuta, bigarren mailako finala hasi zen. Otxoa-Lizarraga bikote etxarriarrak (Irurtzun) Olasagasti-Villanueva (Behar Zana-Zugarralde) izan zituzten aurkari. Final oso paretsua espero zen, baina, azkenean, Olasagasti eta Villanueva gailendu ziren, alde handiz, Otxoa eta Lizarraga 12 tantotan utzita. Pena sakandarrek aurrera ez egitea. Lehen mailako finalean txapelaren bat ziurtatuta zuen Irurtzun klubak, bi finalistetan klubeko ordezkariren bat baitzuen. Azketa (Tartaloetxe) eta Josu Bergera (Irurtzun) arruazuarra, batetik, eta Rekalde (Txumuluxueta) eta Cuairan (Irurtzun), bestetik, tentsio handiko partida izan zen. Nor baino nor lehiatu ziren bi bikoak eta oso estu jokatu zen partida. Azkenean, 18-22 gailendu ziren Rekalde eta Cuairan, azken hau Irurtzun klubeko Cortesko pilotaria. 

Pilotan, Zabaletaren Oizek eta Bakaikoaren Sollubek jokatuko dute Bizkaia Torneoaren finala.
Oizek Anboto kanporatu du, eta Sollubek Kolitza. Finala Bilboko Aste Nagusian jokatuko da. Bizkaia Pilota Torneoa maiatzaren 31n hasi zen, final laurdenekin. Final laurdenetan Kolitzak eta Oiz taldeek egin zuten aurrera, Ganekogorta eta Gorbea mendean hartu eta gero. Azken honetan jokatzen zuen Joseba Ezkurdiak, Rezustarekin bikotea osatuz, baina ezin izan zuten Zabaletaren Oizen taldea mendean hartu. Bakaikoa, primeran. Asteburuan finalerdiak jokatu ziren. Ekainaren 14an, larunbatarekin, Kolitzak Sollube izan zuen aurkari Durangon. Jakina denez, set-etan jokatzen da kanporaketa. Lau eta erdiko partidan Agirrek (Sollube) 2-1 hartu zuen mendean Zubizarreta III.a (Kolitza). Binakakoan Artolak eta Albisuk (Sollube) 1-2 galdu zuten Larrazabalen eta Mariezkurrenaren (Kolitza). Beraz, buruz buruan Joanes Bakaikoak  (Sollube) eta Senarrek (Kolitza) jokatutako partidak erabaki zuen nor sailkatuko zen finalerako. Bakaikoa maisuki aritu zen eta 2-1 hartu zuen mendean Senar. Horrela, bere taldea, Sollube sailkatu da abuztuaren 18ko final handirako. Martija vs Zabaleta. Beste finalerdia ekainaren 15ean, igandearekin, jokatu zen Larrabetzun. Martijaren Anbotok Zabaletaren Oiz izan zuen aurkari, eta Oiz gailendu zen. Lau eta Erdian Peio Etxeberriak (Oiz) 0-2 irabazi zion Dariori (Anboto). Binakakoan, ordea Altuna III.a-Martijak (Anboto) 2-1 irabazi zieten Elordiri eta Zabaletari (Oiz) modu ikusgarrian. Buruz Burukoak erabaki zuen, eta Aldaberi (Anboto) bi set-ak irabazita Salaberria (Oiz) izan zen txapelduna. Zabaletaren Oizek eta Sollubek abuztuaren 18an jokatuko dute finala, Bilboko Aste Santuan. Ildo honetan, polemika sortu zuen Baikok eta Aspek sakeen inguruan hartutako erabakia. Enpresek sakearen lehen botea atzeratzea erabaki dute, koadro erdia, sakeak duen “intzidentzia” kentzeko. Enpresek azaldu dute gutxika erabaki hori gainontzeko lehiaketetara eramango dutela. 

 Futbolean, Etxarri Aranatz, buelta ematera. Igoera faseko bigarren kanporaketako joaneko partidan 1-2 galdu zuen Etxarrik San Jorgeren kontra. Sanduzelain jokatuko den itzulerakoan markagailua irauli beharko du Etxarrik. Erregional mailako igoera fasean Etxarri Aranatz bigarren kanporaketa jokatzen ari da. Arerio latza tokatu zaio Etxarriri, liga erregularrean euren aurretik bigarren sailkatutako San Jorge. Norgehiagoka oso estua aurreikusten zen, eta hala izan da. Joaneko partida San Donato zelaian jokatu zuten bi taldeak atzo Etxarri Aranatzen. Partida hasi eta berehala, 7. minutuan, San Jorge taldeko Julen Rodriguezek gola sartu zuen. Bi taldeak nor baino nor borrokatu ziren, baina Etxarriri buelta ematea kostatzen zitzaion. Egoera hankaz gora jarri zitzaion Etxarriri 38. minutuan Alvaro Martinezek San Jorgeren bigarren gola sartu zuenean, baina Ioseba Bakaikoak zuzentzen duen taldeak ez zuen behera egin eta Pello Altzelaik 45. minutuan sartutako golarekin 1-2 hurbildu zen Etxarri. Horrek sekulako ilusioa piztu zuen etxarriarrengan. Atsedenatik bueltan, bigarren zatian Etxarri Aranatz aldea murrizten saiatu zen, baina San Jorgeren defentsak ongi zaindu zuen atea eta, azkenean, 1-2 San Jorgeren alde bukatu zen partida.

Itzuliko partida ekainaren 21ean jokatuko da, larunbatarekin, 18:30ean San Jorge zelaian. Etxarri Aranatzek badaki erronka zaila duela, baina gorritxoak emaitzari buelta emateko gogotsu daude, asko dagoelako jokoan: preferentera igotzea.