Ekainaren 17ko albistegia

Guaixe Irratia 2025ko eka. 17a, 11:34

Eguneko albisteak Guaixe irratian.

Sakanerrian:

Irurtzunen, BSHko kaleratzeak Irurtzungo hotel batean negoziatuko dituzte. 655 langileren kaleratzea enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioari ekiteko, zuzendaritzak enpresa batzordeari 11:00etan biltzeko deialdia egin dio. Ezkirozko lantegitik 30 km-ra dagoe Irurtzungo Plazaola hoteleko bilera gela batean bilduko dira BSHko zuzendaritza eta enpresa batzordea 11:00etan. Azken hori UGTko zazpi ordezkarik, LABeko hiruk, CCOOko bik, ELAko bik, ATISSko bik eta Solidariko delegatu batek osatzen dute. Bilera egin bitartean protesta-kontzentrazio egiten saiatuko dira langileak. Enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia gaur hasi eta lau astez iraunen du. Litekeena da gaurko bilkuran bilera egutegi bat hitzartzen saiatzea. Sindikatuek hurrengo hitzorduak fabrikatik gertuago dagoen leku batean egitea eskatuko dute. Batzordeak greba erregistratu zuen enpresan hilaren 20ra arte, eta gaur batzarrak deitu ditu langileekin, hilabete honetan batasuna mantentzearen garrantzia adierazteko, lantegiaren itxiera eta kaleratzeak eragiten duten espedientearen aurrean.

Arakilgo Udalak lau lanpostu oposizio lehiaketa bidez bete nahi ditu. Haietan parte hartu nahi dutenek garilaren 12ra arte dute eskabideak aurkezteko. Alde batetik, administrari-ofizialaren bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin du. Lanpostu bat txanda irekiaren bidez beteko da, bestea igoera txandan. Bi lanpostuek funtzionarioen araubidekoak dira eta C mailari dagozkion ordainsariak izanen dituzte. Euskarazko C1 maila eskatzen da.  Bestetik, zerbitzu anitzetako ofizialaren bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin du Arakilgo Udalak. Bi lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, batek C mailari dagokion soldata du, besteak D mailari dagokiona. Aurrenak euskarazko B2 mailako ezagutza izan behar du atzenak B1. 

Etxarri Aranazko musika eskolak matrikulazio epea zabaldu du.  Bi epe izanen da, baina plaza lehenak bermatzen du. Etxarri Aranazko Udal Musika Eskolak heldu den ikasturteko matrikulazio epea zabaldu. Horretarako udaletxetik pasa edo etxarriaranatz.eus webgunean sartu beharra dago. Izena emateko aurreneko epea hilaren 27ra arte izanen da. Bigarrena, berriz, agorrilaren 18tik irailaren 2ra artekoa izanen da. Baina azken txanda horretan izena ematen dietenei udalak ez die plaza bermatzen. Eskaintzari dagokionez, musika hizkuntzaz aparte, honako instrumentuak jotzen ikasteko aukera dago: pianoa, txistua, gitarra, biolina, zeharkako txirula, akordeoia, kantua, saxofoia, tronpeta eta bateria. Tronboia, bonbardinoa eta gitarra elektrikoa ikasteko aukera ere izanen da. Gainera, musika eskolako taldeetan parte har dezake ikasleak: txistulari taldea, Fanfarrea eta Eskolania. Beste talde batzuk sortzeko aukera ere badago.

Kiroletan:

Mendi Lasterketetan, Irati Azkargortak Camille Extremen bigarren garaipena jarraian lortu zuen.  Iturmendiarra ikusgarri aritu zen: Ezkaurre igoera igotzen lehena izan zen eta sailkapen orokorrean 2 minutu pasatxo atera zizkion Ainara Alcuazi. ADI-IKE-k Izaban antolatutako 19. Camille Extreme mendi lasterketak ia 500 partaide izan zituen guztira, hiru probak kontuan hartuta: Camille Extreme, Cannelle Trail eta Ardibidepikua Km Bertikala kontuan hartuta. Camille Extreme (32 km, 2.044 m+) lasterketak Ezkaurreko gain ikusgarria (2.047 m) hartzen du bere baitan. Hain zuzen ere, probaren barruan Ezkaurreko igoera kronometratu egiten da eta irabazlea Ochoa de Olza Oroimenezko txapelduna izaten da. Gizonezkoetan Markel Urigoitia Zamakonak ez zuen aurkaririk izan. Ezkaurre azkarren igotzeaz gain (34:15), probako txapelduna izan zen (3:07:39), Asier Labairuren (3:13:16) aurretik. Lehen sakandarra Aritz Munarriz Igoa etxarriarra izan zen, helmugan hemezortzigarren (3:33:34). Emakumezkoetan Irati Azkargorta Galarza iturmendiarrak bere bigarren garaipena jarraian lortu zuen (3:48:06), eta lehena izan zen Ezkaurre igotzen (42:41). Iturmendiarrak 2 minutu pasa atera zizkion Ainara Alcuaz Rodriguezi (3:50:45) eta ikusgarri aritu zen. Canelle Trailak (13 km, 900 m+) Armaia gaina (1.700 m) hartzen zuen bere ibilbidean. Kevin Alves (1:16:14) eta Ireder Angulo (1:36:09) izan zireen azkarrenak. Azkenik, Ardibidepikua Km Bertikalean (3,2 km, 800 m +) Aritz Unamuno (36:01) eta Oihana Kortazar (40:39 izan ziren Larratza (1.587 m) igotzen azkarrenak. Iraitz Goñi Diaz arbizuarra zazpigarren sailkatu zen (39:08). 


Pilotan, Udako Masterseko B Serietako finala Altsasun jokatuko da. Aurten bi mailatan jokatuko da CaixaBank Mastersa. Lehen mailan, Ezkurdiak Iztuetarekin osatuko du bikoa, Martijak Artolarekin eta Zabaletak Jakarekin. B Serieko finala Altsasun jokatuko da irailaren 13an, festetan. 2020an lehen CaixaBank Mastersa sortu zenean, uda salbatzeko sortu zuten enpresek, festarik eta jaialdirik ez zegoelako. Baina formatuak arrakasta izan zuen eta ordutik hitzorduari eutsi dio. Udako torneo luzeena da. Mastersean bi enpresetako pilotariek elkarrekin osatzen dituzte bikoak, bikote mistoak osatuz. Bestalde, aurten nobedadeekin iritsi da CaixaBank Mastersa. Bi mailatan jokatuko da. Lehen mailan zazpi bikotek jokatuko dute, eta B Serietakoan beste horrenbestek. Pilotari sakandarrei dagokienez, lehen mailan jokatuko dute. Ezkurdiak Iztuetarekin osatuko du bikoa, Artolak Martijarekin eta Zabaletak Jakarekin. Beste bikoak Altuna III.a-Imaz, Zabala-Mariezkurrena II.a, Larrazabal-Rezusta eta Elordi-Albisu dira. B Seriean ez dago pilotari sakandarrik. Bikoteak, ondokoak: P. Etxeberria-Morgaetxebarria, Peña II.a-Gabirondo, Agirre-Eskuza, Dario-Eskiroz, Zubizarreta-Bikuña, Senar-Tolosa eta Salaberria-Aranguren. B Serieko finala, Altsasun. Txapelketa uztailaren 18an hasiko da, Barakaldon. Bi mailako txapelketa aldi berean jokatuko da. Lehiaketa sistemari dagokionez, zazpi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute lehendabizi, eta lehen lau sailkatuak igaroko dira finalerdietara, eta bikote batek atseden hartuko du astero. Finalerdietan, ligaxka lehen postuan bukatzen duen bikotea laugarren sailkatuaren aurka ariko da, eta bigarren postuan amaitzen duenak hirugarren sailkatuaren kontra. Lehen Mailako Masterseko finalerdiak irailaren 12an jokatuko dira, Nafarroa Arenan, eta B Serietakoak irailaren 6an (Lekeitio) eta bigarrena irailaren 7an, oraindik zehaztu gabeko pilotalekuan. Final handiei dagokienez, B Serietako finala irailaren 13an jokatuko da, festetan murgilduta egongo den Altsasun, eta lehen mailakoa irailaren 14an, Nafarroa Arenan. Jokoari dagokionez, pilotariek lau eta erditik egin beharko dute sakea. “Jokoan horrenbesteko garrantzia ez izateko, ikuskizuna hobetzeko eta partidak erakargarriak izateko” hartu dute enpresek erabaki hori, sakeak horrenbesteko garrantzirik ez izateko, baina erabakia ez da guztien gustukoa izan. Joan zen urtean Ezkurdiak eta Rezustak irabazi zuten Mastersa, Altuna III.ari eta Iztuetari 22-13 irabazita. 

Pilotan, San Fermin Torneoko Urrezko Liga Arbizura helduko da. Lehen faseko biko onenak, Aldai-Bergara eta Salsamendi-Mendizabal, eta Etxegarai-Gaminde eta Zabaleta-Erasun lehiatuko dira San Juan egunean Arbizun. Laboral Kutxa Emakume Master Cup-ek antolatutako San Fermin Torneoko Urrezko Ligan pilotari onenak lehiatzen ari dira. Lehen fasean Zabaleta-Erasunek eta Aldai-Bergarak egin dute aurrera, eta B multzoan, aldiz, Etxegarai-Gamindek eta Salsamendi-Mendizabalek. San Fermin Torneoko Urrezko Liga azken txanpan sartu da. Arbizuko festetako egun handian, San Juan egunean, lehen faseko lau bikoterik onenek Arbizun neurtuko dituzte indarrak 18:00etatik aurrera hasiko den jaialdian. Lehenik eta behin Aldai-Bergarak Salsamendi-Mendizabal izango dituzte arerio, eta bigarrenik Etxegarai-Gamindek Zabaleta-Erasun.