Eguneko albisteak Guaixe irratian
Sakanerrian:
Irurtzunen, Lizarragak emanen dio hasiera festei. Hala erabaki dute irurtzundarrek. Ander Lizarraga Villarejok Irurtzungo festei hasiera ematen dien etxajua piztuko du garilaren 19an. Hala erabaki dute irurtzundarrek udalak antolatutako bozketaren bidez. Hala irurtzundarrek Lizarragari aitortu diote batetik, Larrazpiko gazte elkartearen gizarte bizitzan eta antolakuntzan duen inplikazioa eta egiten duen ahalegina. Eta, bestetik, bere kirol ibilbidea Osasuna Genuinen. Taldeko atezainetako bat da.
Lakuntzako Igerilekuko tabernarako langile bila. Uda sasoian lan egiteko izanen da. Lakuntzako Udalak jakinarazi du igerilekuko tabernan lan egiteko kontratazioak eginen dituela. Kontratazioak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, Nafar Lansarek kudeatuko ditu Altsasuko enpleguaren bidez. Lan horretan interesa dutenek bulego horretan izena eman beharko dute. Eskabideak aurkezteko epea hilaren 19an, ostegunean, despedituko dira. Informazio gehiago nahi duenak bulegoko 948 562 754 telefono zenbakira hots egin dezake.
BSHk 649 langilerendako espedientea aurkeztu du. Bero punpan ari diren 18 langile eta aurrejubilatuak enplegua erregulatzeko espedientetik kanpo utzi ditu. Kaleratuko dituen gainontzeko 649 langileei lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina urte bateko mugarekin proposatu die lehen bileran, legeak ezartzen duen gutxienekoa. Langileek lau orduko protesta egin zuten. BSH multinazionala Ezkirozko lantegia antolaketa eta produkzio arrazoiengatik itxiko du. Hala jakinarazi du 649 langile kaleratzeko aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientean. Haren kontsulta epea hasita, multinazionalaren asmoa da kaleratzeak urtean zehar pixkanaka egitea eta abenduaren 31n lantegia ixtea. BSHk erregulazio espedientean jaso duenez, 649 langile kaleratzeko asmoa du, eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina proposatu du, urte bateko mugarekin. Espedientetik kanpo utzi ditu bero ponpen ataleko hemezortzi langileak eta partzialki erretiratutakoak. Bestalde, bete gabeko 48 lanpostu eskaini ditu Espainian dituen hiru lantokietako batean (Zaragozan bi eta Santanderren bat). Bilera eta protesta. Espedientearen kontsulta epeko lehen bilera Irurtzungo Plazaola hotelean egin zen eta lau ordu iraun zituen. Bilera bitartean BSHko langileak hotelaren parean protesta egiten egon ziren, bilera bukatu arte. Hurrengo asteetarako egutegia zehaztu dute bi aldeek: garagarrilaren 25ean eta garilaren 1ean, 3an, 8an, 10ean, 15ean eta 16an. Multinazionalak erabaki zuen bilera Irurtzunen egitea. Enpresa batzordeak Iruñean egitea nahi du, eta bi toki proposatu dizkio: Lan Auzitegia eta Industria eta Enpresa Ekologia eta Digitalizazio Trantsizioako Departamentuaren egoitzan. Oraindik ere tokia zehaztu gabe dago. Espedientea negoziatzen ari diren bitartean, BSHk kontratatutako Metyis Herbehereetako aholkularitza etxeak lantokia erosteko inbertitzaileen bila jarraituko du. Nahiz eta kontratua garilean 17an bukatu, hura luzatzeko aukera egongo dela jakinarazi dio BSHk langileen batzordeari. Ezkirozko lantegian interesa duen inbertitzaile batekin bilera izan zuen.
Kiroletan:
Areto futbolean, Cuello eta Marra, Osasuna Magna Xotaren fitxaketa berriak. Klub irurtzundarrak ongietorria eman die argentinarrari eta brasildarrari. Osasuna Magna Xota 2025/2026 denboraldia prestatzen ari da. Toni Escribano eta Juninhoren martxak eta Roberto Martilen erretiroa betetzeko jokalari berriak behar dira, eta lehenengo bi fitxaketak aurkeztu ditu klub irurtzundarrak. Lehena Juan Pablo Cuello argentinarra da. Buenos Aireseko 28 urteko jokalariak itxiera postuan jokatzen du eta ADCR Caxinas Poça Barca talde portugaldarretik dator. Aurretik America del Sud eta Boca Juniors taldeetan aritu zen. Denboraldi baterako fitxatu du Xotarekin. Osasuna Magna Xotako Miguel Hernandez entrenatzailearen esanetan “esperientzia handiko jokalaria da, mugikortasun handikoa. Defendatzaile ona, baloia oso ongi mugitzen du”. Cuello “oso pozik” dago estatu espainiarreko lehen mailako ligara helduko delako. “Erronka ederra da, iritsi eta hasteko gogotsu nago. Zaleei besarkada handia”. Bigarren fitxaketa Gustavo Marra brasildarra da. 22 urteko jokalaria itxiera postuan jokatzen duen hegala da, Brasilgo Santo André taldetik datorrena. Hiru urteko kontratua sinatu du Xotarekin. “Ezkerra da, eta intentsitate handiko jokalaria. Markatzerakoan gogorra da eta mugikortasun handia izateaz gain, baloia ongi maneiatzen du. Erraz jokatzen du, eta baloiari irteera ematen dio beti. Xotaren profilerako egokia da” nabarmendu du Miguel Hernandezek. Marrak aitortu duenez, “zoriontsu” dago. “Xota klub handia da eta bertako partaide izatearekin oso pozik nago. Garaipen eta konkista urtea dugu zain”. Plantilla, oporretan. Bestalde, Xotako plantilla merezitako atsedena hartzen ari da. Ekainaren 6an denboraldi bukaerako bazkaria egin zuten Plazaola Hotelean, aurretik Lacturale eta Talleres Goñi babesleen egoitzak bisitatu eta gero. Xotako kategoria txikian jokatzeko izena ematea, zabalik. Xota klubak azaldu duenez, Xotako harrobi taldeetan izena emateko epea zabalik dago. Informaziorako 649 415 806 telefonora hots egin behar da.
Txirrindularitzan, Kadeteen Lacturale Trofeoan lau sakandar Top15ean. Ekai Erdozia, Ion Unai Gonzalez, Xabier Curiel eta Urko Oiarbide lehen hamaika postuetan sailkatu ziren. Ekainaren 15ean Kadeteen Lacturale Trofeoa jokatu zen Undianon, 61 km-ko lasterketa. Etengabeko erasoak izan ziren, eta tropela guztiz partekatuta iritsi zen. Izena emanda zeuden 87 txirrindularietatik 38 sailkatu ziren. Irabazlea Aitor Mata (Rotxabikes) izan zen, sekulako erakustaldia egin eta helmugara bakarrik helduta (1:31:30). 3:39 minutu atera zizkion Aragoiko selekzioko Mateo Marcosi. Top 15ean lau sakandar sailkatu ziren: Ekai Erdozia (Sakana Group-Alea) bosgarren izan zen, 5:20ra; Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) zazpigarren, 5:22ra; Xabier Curiel (Quesos Albeniz) hamargarren, 5:23ra; eta Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) hamaikagarren, 5:25era. Bestalde, Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz) 22. iritsi zen helmugara, Unax Etxeberria (Sakana Group-Alea) 25., Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 34. eta Asier Flores (Quesos Albeniz) 35. Taldekako sailkapenean, garailea Rotxabikes izan zen, eta hirugarren Sakana Group-Alea.
Pilotan, Nafarroako Herrien Artekoan, Irurtzunek Larraun mendean hartu zuen. Partidak igandean jokatu ziren, Irurtzunen. Asteburuan ligaxkako seigarren eta azken jardunaldia jokatuko du Irurtzunek, Barañainekin. Nafarroako Herrien Arteko Pilota Txapelketako ligaxkako bosgarren jardunaldian Irurtzunek Larraun izan zuen aurkari ekainaren 16an Irurtzunen. Kadeteetan Lasok eta Gorraizek (Irurtzun) 22-2 hartu zituzten mendean Ijurko eta Maiur (Larraun). Jubeniletan, Huartek eta Okiñenak (Irurtzun) 22-5 irabazi zieten Ijurko eta Goikoetxeari (Larraun). Seniorretan, Ongay-Azpirozek (Irurtzun) eta Galarza-Garañok (Larraun) jokatu zuten. Larraungo bikotea gailendu zen, 12-22. Beraz, 2-1 irabazi zion Irurtzunek Larrauni. Asteburuan ligako seigarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Irurtzunek Barañain izango du aurkari, Barañainen. Arbizu eta Irurtzun, Txikitik kanpo. Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa Txikian, Arbizu eta Irurtzun klubak ez dira finalerdietara sailkatu.