Ekainaren 19ko albistegia

Guaixe Irratia 2025ko eka. 19a, 10:49

Eguneko albisteak Guaixe irratian

 

Sakanerrian:

Militarrak ariketak egiten Uharte Arakilen.  Militarrak bi kamioitan etorri ziren atzo goizean. Itxesiko futbol zelaiaren ondoan kamioiak aparkatu ondoren, handik 20 bat militar jaitsi dira motxila handiak bizkarrean hartuta. Espainiako lurreko armadak Aitzoainen duen kuartelean egoitza duen America infanteriako Erregimentua 66, Mendi Ehiztariena da ibarreko mendiak praktiketarako leku gisa hartzen duena. Udako mendiko instrukzio teknikoak egiten ditu erregimentuak hainbat mendi ingurutan. Soldaduak trebatzeko mendi martxak, eskalada, auto erreskate praktikak edo bestelakoak egiten dituzte. Hain justu atzo, garagartzaroak 18, 49 urte bete ziren bost etxarriar hil zirela Espainiako militarrek mendian utzitako lehergailu batek eztanda egin ondoren. Morteroa txatarra zelakoan jaso zuen etxarriar batek eta etxean manipulatzen ari zela lehertu zen. 

Irañeta eta Uharte arteko argindar linea berrituko dute.  Mantentze lanak izanen dira. Lineari eusten dioten posteak gutxiago izanen dira lanak despeditzean. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak jendaurrean jarri du Irañeta eta Uharte Arakil arteko argindar linean eginen dituen berritze lanen berri. Zehazki, lanak Altsasu-Urdiain 1 izeneko zirkuitu bakarreko 30 kV-eko aireko linean eginen ditu Irañeta eta Uharte Arakil artean, 1322. euskarritik 1339.era. Gaur egun dauden dauden hamalau dorre kendu eta haien ordez zortzi jarriko dituzte. Mantentze lan horiekin enpresaren xedea da hornidura bermatzea eremu horretako elektrizitate eskariari erantzuteko. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren garagartzaroaren 3ko zenbakian proiektuari buruzko dokumentazioa argitaratu zen eta jakinarazi zen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Irañetako hiru lurjaberi eta Uharte Arakilgo bosti eragiten die. Espedientea jendaurrean jarriko da. 

Lakuntzako igerilekuak ikastaroak hartuko ditu. Igeriketa eta aquagym ikastaroak izanen dira. Lakuntzako Udalak jakinarazi duenez, udal igerilekuan igerian ikasteko ikastaroak antolatu ditu. Lau urtetik aurrerakoendako dira ikastaro hori. Aquagym ikastaroa, berriz, gazte eta helduendako da. Bata eta bestea garileko goizetan izanen dira. Izen ematea lakuntza.eus webgunearen bitartez egin daiteke. Horretarako epea hilaren 23an astelehenarekin despedituko da. Izen emateak 50 euro balio du. Udalak taldeak eta ordutegiak izen ematearen arabera antolatuko ditu.  

Olatzagutian, CPVk harrobia beste 30 urtez ustiatzeko baimena jaso du. Luzapena 2027ko abenduan hasiko da, eta 2057ko abenduan bukatuko da. Nafarroako Gobernuak porlandegiari Egibilgo baliabideak ustiatzeko emakida 1997an eman zion. 30 urteko indarraldia zuen baimenak, epe berdinetan luzatzeko aukerarekin, gehienez ere 90 urtera arte. Nafarroako Gobernuak orain Cementos Portland Valderrivasi SAri (CPV) "Gran Eguibil" ustiatzeko emakidaren lehen luzapena ematea onartu du. Beraz, enpresak 30 urterako baimena du. 

Sakana Europako Iconic proiektuko parte hartzailea da. Mugikortasun iraunkorra landuko dute lau urtez. Interreg Europe programaren barruan, Icoonic proiektua abiarazteko ekitaldia hartu zuen Alemaniako Saarland eskualdeko Saarbrück hiriburuak joan zen astean. Proiektu hori Europako zazpi eskualde eta hirik sustatzen dute eta bertako erakunde bazkidea da Sakanako Garapen Agentzia. Sakanako Mankomunitateak ere parte hartzen du bazkide elkartu gisa. Ordezkari sakandarrekin batera Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritzako ordezkariak ere izan ziren, proiektua babesle baita. Iconic proiektuak mugikortasun iraunkorra du ardatz eta lau urteko iraupena izanen du. Arlo horretan erakundeek esperientzia positiboak trukatuko dituzte,  mugikortasun iraunkorraren arloan, eta baliabide politikoaren garapenean lan egingo du, Sakanako Mugikortasun Plana. Egitasmo horrek Nafarroa osorako mugikortasun iraunkorreko planak nola idatzi behar diren zehazten lagunduko du. Interreg Europe programaren helburua agintari publikoek eta erakunde garrantzitsuetako ordezkariek beste eskualdeekin harremanetan jartzea da, esperientziak trukatu eta elkarrengandik ikasteko. Ikaskuntza-prozesu bat da, jardunbide egokiak identifikatuz eta aztertuz eta esperientziak trukatuz eta transferituz, eskualde garapeneko tresna politikoak hobetzeko helburua duena. Parte hartzaileak: Saarland eskualdea (Alemania), Castelo Branco udala (Portugal), Sinergija garapen agentzia (Eslovenia), SArajevo eskualdeko garapen agentzia (Bosnia-Herzegovina), Podkarpackie eskualdea (Polonia), Ipar-ekialdeko eskualdeko garapen agentzia (Errumania), Sakanako Garapen Agentzia (Euskal Herria). 

Irurtzunen, Euskalerria irratiaren bidezko adierazpenak jaso ditugu (Irantzu osinaga Atakondoa ikastetxeko ama da). Ikasturte amaiera ez dute behar bezalako poztasunarekin amaitu Irurtzungo Atakondoa ikastetxean: heldu den ikasturtean DBH 2. mailako ikasleak pilatu eginen dituztela jakin dute. "Hezkuntza Departamentuak jakinarazi digu duela egun gutxi 2025-2026 ikasturtean 13 urteko nerabeak elkartu eta 33 ikasle egon daitezkeela gela berean", azaldu du Irantzu Osinaga ikastetxeko amak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasle ratioa 30ekoa da, baina ez dira kontuan hartzen maila errepikatzen duten ikasleak, eta hartara 33 izatera iritsi daitezke horiek aintzat hartuta. "Legezkoa izanen da, baina bidezkotik gutxi du", salatu du. Ikasturteko amaiera festa baliatu dute lau haizetara zabaltzeko bizitzen ari diren egoera "bidegabea": "Hezkuntza komunitatearen babesa dugu eta Udalarekin ere harremanetan jarri gara. Hezkuntza Departamentuan istantziak sartuko ditugu sindikatuen babesarekin", azaldu du.

Kiroletan:

Harri jasotzean, Ane Zestau eta Oskar Aguas, Etxauriko harrien txapelketan. Sakanako Harri Jasotze Eskolako kirolariek lan ona egin zuten. Aguas bigarren izan zen, eta Zestau laugarren. Etxauriko festekin batera Etxauriko Harrien Txapelketa jokatzen da, Alberto Lakosta Memoriala. Gizonezkoak 136,5 kiloko harri bereziarekin aritu ziren, eta emakumezkoak 68 kilokoarekin.  Erronka 5 minutuetan ahalik eta altxaldi gehien egitea izan zen, eta aurten errekorrak apurtu ziren Etxaurin. Gizonezkoetan Zarauzko Jokin Eizmendik hamalau altxaldi egin zizkion 136,5 kiloko harriari, eta Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen den Berriozarko Oskar Aguasek hamar. Ion Zelai V.ak zortzi altxaldi egin zituen, eta Ion Sagastik hiru. Emakumezkoetan txapelduna Olaia Esnaola izan zen (68 kilokoari 28 altxaldi), aurreko urtean Sara Jimenezek ezarritako 26 altxaldien marka apurtuaz. Bigarren Sara Jimenez izan zen (28 altxaldi). Altxaldietan berdindu zutenez, jasotzaileen pisua hartu zen kontuan eta Esnaolak gutxiago pisatzen duenez berari eman zioten txapela. Hirugarren Eider Garcia izan zen (26 altxaldi) eta laugarren Sakanako Harri Jasotze Eskolako Ane Zestau Barañaindarra (25 jasoaldi). Emakumezkoen maila izugarria izan zen. Sakanako Harri Jasotze Eskolakoak ez dira gelditzen. Ekainaren 21ean, 18:00etan, erakustaldia egingo dute Irurtzungo eskoletako patioan, Espaciobiker Custom Club Nafarroak antolatu duen urtemuga ekitaldian.

Areto futbolean, Osasuna Magna Xotak Kokoro fitxatu du baina Industrias Santa Coloman jokatuko du, utzita. Jokalari japoniarrak esperientzia gehiago hartzeko aukera izango du. Kokoro Harada japoniarrak Osasuna Magna Xotan jokatu zuen aurreko denboraldian, Barça taldeak utzita. Xota eta Barça adostasunera iritsi dira eta talde irurtzundarrak Kokoro fitxatzea erabaki du, baina jokalaria hobeto trebatzeko eta minutu gehiago izan ditzan Industrias Santa Coloman jokatuko du, utzita. Miguel Hernandezek dioenez, “kalitatezko jokalaria da, etorkizuna duena. Gurekin jokatu du aurten, baina epe ertaineko helburua dela uste dugu. Horregatik, fitxatu dugu baina Santa Coloman jokatuko du, utzita, minutu gehiago jokatu eta esperientzia izan dezan”. 

Txirrindularitzan, Iker Mintegi altsasuarra, La Route de Occitanie proban. Atzo hasi eta larunbatean despedituko da lasterketa garrantzitsua, tartean Tourmalet eta Luz Ardiden dituela. Saint Affriquen hasi eta Roquefort sur Soulzonen despeditutako 10,5 kilometroko erlojupekoarekin hasi zen atzo Okzitaniako Tourra. Lau etapa dira guztira, azken biak ikusgarriak. Ostiralekoan Tourmalet gainditu eta Luz Ardiden mitikoan despedituko da etapa, eta larunbateko laugarrenean Pirinioetan segituko du tropelak, Col de la Core eta Col de la Trape dituztela. Euskaltel Euskadi Fundazioak eraman duen taldean dago Iker Mintegi altsasuarra. Lehen etapako erlojupekoa Raul Garcia Piernak (Arkea) irabazi zuen (15:28). Iker Mintegi 104. sailkatu zen, 2:05era.