Eguneko albisteak Guaixe irratian
Sakanerrian:
Arbizun, Olatzea hotelak Intiaren aitortza jaso du. Tokiko produktuaren alde egindako apustuagatik izan da. Reyno Gourmet berme-marka bat da, Nafarroako Gobernuak 2007an sortua eta INTIA sozietate publikoak sustatuta eta kudeatua. Reyno Gourmetek Nafarroako ostalaritzako bost establezimenduren jarduna aitortu zuen garagarrilaren 16an, horien artean dago Arbizuko Olatzea hotela. Guztiek ere bertako produktuarekin duten konpromisoagatik jaso dute aitortza. Horren adierazlea den plaka bat jaso zuen Valen Ormazabalek, Olatzeako arduradunak. Baita Reyno Gourmet marka bere komunikazioetan erabiltzeko ahalmena ere. Aurretik, 2023an, halako aitortza Etxarri Aranazko Aritzalgo jatetxea eta hotelak jaso zuen. Reyno Gourmetek-eko ordezkariek adierazi zutenez, "bertako ekoizleekin eta Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate-markekin duen konpromisoagatik aitortu ditugu". Gaineratu zutenez, "guztiek landa sektorearekin lotutako ostalaritza ordezkatzen dute, eta desberdintzeko eta bezeroei eskaintzen dizkieten esperientzien kalitatea hobetzeko nahia erakutsi dute, gertuko produktuekin eta kalitate marken kontsumoa sustatuz", adierazi dute Reyno Gourmetetik.
Arbizun, Eskola egiteko kontratua berraztertuko dute. Kontu Ganberak eta Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak fiskalizatuko du. Alderdi Sozialistako zenbait kide legez kanpoko komisioak kobratzen aritu ziren ikertzen ari da Guardia Civila. Komisio horien ordainketetan lotura duten enpresetako batzuk Acciona eta Servinabar dira. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak erabaki du enpresa horiekin sinatutako kontratuak berriro aztertzea. Fiskalizazio lan hori Nafarroako Kontu Ganberak eta Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak eginen dute. Aztertuko dituzten kontratuen artean Arbizuko eskola eraikitzeko kontratua dago. Lana Uxue Barkos Berruezo Nafarroako lehendakari eta Maria Solana Arana hezkuntza kontseilari zirenean eman zen. Hezkuntza Departamentuak lanak CPEIP Arbizu aldi baterako enpresa-elkarteari eman zion 2.630.767,13 euroren truke (BEZik gabe) 2018ko garagarrilaren 29an. Deialdira sei eskaintza aurkeztu ziren, haietako hiru enpresa txiki eta ertainak ziren. Kontratua eskuratu zuen enpresa elkarte hori Acciona Construcción SA eta Alegure SM enpresek osatu zuten. Aurrenak elkartearen %80 zuen eta atzenak %20. Bi enpresen jarduna ikertzen ari da Guardia Civila. Antxon Alonso Egurrolak Alegure SM enpresa 2017an sortu zuen, baina haren %4ko jabetza Iñaki Alzagarena zen. Alonsok aurretik, 2015ean, Servinabar enpresa sortu zuen Koldo Garciarekin batera. Ikerketapean dago ere Alonso eta Garciaren jarduna.
Kiroletan:
Mendi lasterketetan, Ehun sakandar inguru ariko dira Triku Trailen. Gaur da Triku Trailen izena emateko azken eguna eta 450 tokiak beteko direla aurreikusten du antolakuntzak. Dagoeneko ehun sakandarrek, tartean 46 etxarriarrek, izena ematea "harro egoteko modukoa" dela uste dute. Ekainaren 29an jokatuko da XI. Triku Trail mendi lasterketa, bi distantziatan: ohiko Triku Traila (21 km, 1.300 m +) eta Triku Trail Motza (10 km, 524 m +). Gaur bukatzen da izena emateko eguna, eta "oso pozik" daude antolatzaileak, "dortsalak agortzear daudelako". Guztira 450 korrikalariendako muga du antolakuntzak, eta momentuz gehienek Triku Trail Motzaren alde egin dutela azaldu du Igor Artiedak. "Iaz antolatu genuen lehenengoz ibilbide motza, eta sekulako harrera izan du. Aurten %55 inguruk hautatu dute. Gehienak gazteak dira, asko iraunkorki korrika egiten ez dutenak, baina Triku Trail Motza egitea erronka gisa hartzen dutenak. Pozik gaude, trebatzeko bada ere Triku Trail erreferente bat delako". Etxarri Aranazko kanpina irteera eta helmuga izanda, inguruko parajeetan Triku Trailek ibilbide zoragarria du. "Motzak Luzearen lehen 4,5 km-ak eta azken 4,5 km-ak hartzen ditu". Lasterketak Nafarroako Mendi Federazioko lasterketen Rankingerako puntuatuko du. Etxarri Aranazko kanpinean asteburu polita izaten da, korrikalari askok asteburuko egonaldia egiten dutelako bertan. "Guk ez dugu Ezkaurre, Orhi edo Berain bat lasterketako ikur bezala, horregatik beste elementu batzuk saltzen ditugu. Basoan eta eremu ia gehiena itzalpean duen lasterketa eskaintzen dugu, ibilbide gorabeheratsua duena, eta korrika egiteko oso aproposa dena, ez baita teknikoa. Hiru igoera potente ditu, paraje oso ederrean. Triku Trail familia giroan egiteko aproposa da, asteburu pasa etortzeko primerakoa". Proba ikusteko, "Lizarrusti, Haritzen ibilbidea, kanpina... toki asko daude". Momentuz ehun sakandar inguruk eman dute izena, tartean 46 etxarriarrek. "Hori guretako oso datu polita da, harro egoteko modukoa, lasterketa errotuta dagoela erakusten duelako eta gazteek erronka bezala dutelako". Lan handiko egunak dira, "gustura egiten ditugunak".
Txirrindularitzan, Etxarrik Lakuntzaren lekukoa hartu du. Aralar klubak 2022an antolatu zuen, azkenekoz, Lakuntza Emakumeen Txirrindulari Lasterketa. Klubak lasterketa berreskuratu du, baina Etxarri Aranatzen jokatuko da, larunbatean, 16:00etan. Kadeteek Arbizu, Lizarraga eta Etxarri arteko zirkuituan ariko dira (45 km), eta juniorrek Lizarragako katea dute aurretik (68,47).
Pilotan, Ezkurdia, omendua, eta Bakaikoa, jaioterrian. Profesional mailako bi jaialdi jokatuko dira asteburu honetan Sakanan. Gaur, ostirala, Baikoko adarreko Sanferminetako lau eta erdia hasiko da Etxarri Aranatzen, 19:00etan. Joanes Bakaikoak Agirre izango du aurkari, eta Zubizarretak Senar. Bihar, larunbata, Joseba Ezkurdiak merezitako omenaldia jasoko du Arbizun (ikus agenda).