Eguneko albisteak

Ekainaren 23ko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko ekainaren 23a
Eguneko albisteak Guaixe irratian

 

Sakanerrian,

Lakuntza Udaletxeak egurrarekin dabilen berogailua izanen du. Udalak halako galdara jartzeko kontratua emateko deialdia egin du. Lakuntzako Udalak udaletxeko berogailuak berotzeko egur-galdara jarri nahi du. Beraz, gaur egungo gas naturaleko galdara egurra erabiltzen duen beste bategatik ordezkatuko du. Galdara berritzearekin batera berogailuetara ur beroa eramateko punpak berrituko dira, eraginkorragoak jarriz. Aldi berean, berogailuen erregulazio eta kontrol sistema egokituko da. Udalak erosketa egiteko 47.007,85 euro (BEZik gabe) ditu. Deialdian interesa duen enpresak bere eskaintza garilaren 7ko 10:00ak arte egin dezake. Kontratua bere egiten duen enpresak hiru hilabete izanen ditu egur-galdara udaletxeko gela teknikoan jartzeko. Lanak lastailaren 10erako despedituta egon beharko dute. 


Altsasun, Ezkila dorrera begira. Hala eman zuten altsasuar askok atzo arratsaldea. Harri bat solte dago. Segurtasun neurri gisa Foru plazaren zati bat itxi du. Altsasuko Foru plazaren zati bat udaltzaingoaren eta suhiltzaileen zintaz itxita dago. Elizako ezkila dorrearen pareko zatia da itxita dagoena. Patxi Izko Barberia apaizak argitu duenez, “ez da ezkilen arazoa. Haietako baten ondoan harri pixka bat mugituta dago. Errepikak jotzean ezkilak dar-dar egiten du eta harri horri eragiten dio. Harria segurtatu beharra dago”. Izkok jakinarazi duenez, “horren berri aspaldi genekien, kontrolatuta zegoen. Ezkila errepika jotzen dutenek ere oso kontrolatuta dute”. Hala ere, atzo alarma piztu zen eta suhiltzaileek 18:00etan dorrea begiratu ondoren plazan segurtasun eremu bat hesitu zuten. Apaizak argitu duenez, “eraikuntza enpresa bateko langile bat dorrean izan da gaur goizean. Bideratuta dago gaia”.  

Kiroletan, 

Pilotan, Arbizun, Omenaldi beroa Joseba Ezkurdiari. Arbizuarrak herritarren aitortza jaso zuen larunbatean, Arbizuko kiroldegian antolatutako pilota jaialdian. Arbizuk Joseba Ezkurdia omendu zuen larunbatean, Arbizuko kiroldegian antolatutako pilota jaialdian. Jaialdia Irurtzun klubeko Igoak eta Olaetxeak jokatutako lau eta erdiko partidarekin hasi zen. 18-15, bigarrena gainditu zen. Hura bukatuta hasi zen Ezkurdiaren omenaldia. Arbizuko Aldabide pilota eskolako neska-mutilek pasilloa egin zioten Joseba Ezkurdiari, baita jaialdian parte hartu zuten gainontzeko pilotariek. Aurreskuaren ondoren, oparien txanda izan zen. Bere entrenatzaile izandako Lino Arrutik eta Joxe Mari Berastegik txapela eman zioten, Arbizuko Udalak herriko zapia eta oroigarria, kuadrillakoek argazkiz jositako koadroa, eta Aldabidekoek Arbizuko zilarrezko barkilloa. Lehengusuak, Julio Sotok, bertsoa eskaini zion, eta Katrin Gineak bere ibilbidea gogoratu zuen, tartean sei txapela irabazi dituela. Jakina, bere aita Martin izan zen gogoan. Pilota partida ona jokatu zuten Ezkurdia-Gaskuek eta Zabala-Bikuñak. Azkenean, 20-22 galdu zuten Ezkurdiak eta Gaskuek. Ondoren, berriro ere pasilloen eta omenaldien txanda izan zen, Unai Matak Asperekin bere azken partida jokatu zuelako. Pilotari asko gerturatu ziren omenaldira, eta Ezkurdiak txapela eman zion Matari, Arbizuko kiroldegia betetzen zuten zaleen txalo artean. Partidari dagokionez, Mata-Erostarbek 14-22 galdu zuten Murua-Gabirondoren aurrean. 

Pilotan, Joanes Bakaikoak aurrera egin du Sanferminetako lau eta erdian. Etxarri Aranatzen Agirre hartu zuen mendean, eta Zaldibarren Zubizarreta III.a. Final laurdenetan Artola du aurkari. Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarrak ezin hobe ekin dio Baikoren adarreko Sanferminetako lau eta erdiari. Ostiralean Etxarri Aranatzen jokatutako final hamaseirenetan Bakaikoak 20-22 hartu zuen mendean Agirre partida oso estu eta borrokatuan. Etxarrin jokatutako beste final hamaseirenetan Zubizarreta III.ak 8 tantotan utzi zuen Senar. Atseden hartzeko betarik gabe, Bakaikoak Zubizarreta III.a izan zuen aurkari igandean Zaldibarren; Etxarri Aranazko kanporaketako bi txapeldunek final zortzirenetan aurrera egitea zuten jokoan, eta izugarrizko partida gogorrean –405 pilotakada gurutzatu zituzten 72:42 minutuko jokoan– parez pare aritu ziren, 21era berdindu baitzuten. Azken tantoa Joanes Bakaikoaren alde erori zen, etxarriarrak egindako gantxo ikusgarria. 22-21 irabazita, Bakaikoa final laurdenetan dago. Partida bukaeran, Bakaikoak aitortu zuen ez zuela ezkerrarekin gozatu. Final laurdenetan Joanes Bakaikoak Iñaki Artola du zain. Partida ekainaren 25ean, asteazkenean, jokatuko da San Juan festetan murgilduta dagoen Hernanin. 

Futbolean, Etxarri Aranatzek ezin izan du mailaz igo. Igoera faseko bigarren kanporaketako itzuliko etapan galdu egin zuen San Jorgeren kontra eta Iruñeko taldea izango da preferente mailara igoko dena. Etxarri Aranatzek erregionalean segiko du. Etxarri Aranatzek ezin izan du denboraldia borobildu. Erregional mailako ligan hirugarren sailkatu zen Etxarri Aranatz, kopa irabazi zuen, baina igoera fasean zorte apur bat falta izan zaio eta San Jorgeren kontrako bigarren kanporaketan erori egin da, tamalez. Joaneko partidan 1-2 gailendu zen San Jorge Etxarri Aranatzen jokatutako partida. Bueltakoa ekainaren 21ean jokatu zen, larunbatarekin. Etxarri Aranaztik zale ugari bertaratu ziren San Jorge zelaira Etxarri animatzera. Partida hasi besterik ez zenean egin, 2. minutuan Julen Rodriguezek San Jorge aurreratu zuen eta hori sekulako makilkada izan zen etxarriarrendako. Zorionez, buelta emateko gai izan ziren eta bana berdindu zuten Adrian Jakak 12. minutuan sartutako golarekin. Beste gol bat behar zuten San Jorge harrapatzeko, eta bigarren zatian modu guztietara saiatu ziren. Tamalez, San Jorgek bigarrena sartu zuen 51. minutuan. 75. minutuan San Jorgek etxarriarren asmo guztiak zapuztu zituen hirugarren golarekin, eta 3-1 galduta, Etxarri Aranatzek ez zuen preferente mailara igotzea lortu. Pena da, baina horrek ez du kendu behar Etxarrik egindako denboraldi itzela. Kapitainaren agurra.San Jorgekoa Etxarri Aranazko kapitainak, Xabat Goikoetxeak jokatutako azken partida izan zen. Etxarri Kirol Elkarteak urteetan emandakoa eskertu nahi izan dio kapitainari.  "Urte guzti hauetan erakutsitako konpromisoagatik eta azken partida arte taldearen alde egindako lan eta borrokagatik, gure gazteendako eredu zarelako.... ESKERRIK ASKO XABAT! 
AUPA ETXARRI!" adierazi du klubak, kapitainak eskertu duena. "Sekule ez ttut urte guziok ahaztuko, eskerrik asko zuei! Aupa Etxarri!"

Txirrindularitzan, Iker Mintegik ezin izan zuen La Route de Occitanie despeditu. Euskaltel Euskadiko altsasuarra laugarren eta azken etapan erretiratu egin zen. Nicolas Prodhommek (Decathlon-AG2R) irabazi du Okzitaniako Tour gogorra. Probak lau etapa zituen, azken biak goi mailako mendikoak, tartean Tourmalet eta Luz Ardiden mitikoak zeudela. Prodhommek 1:57 atera dio Davide Piganzoliri (Polti), eta 2:17 Steff Crasi (Total Energies). Euskaltel Euskadi taldeak lan txukuna egin du. Mikel Bizkarrak irabazi du mendiko txapelketa, azken eguneko etapako ihesaldiari esker. Bere taldekide Iker Mintegi altsasuarrak ezin izan zuen laugarren eta azken etapa despeditu. 

Txirrindularitzan, Berastegi eta Beltran de Heredia, Etxarri Aranazko Top10ean. Juniorren eta kadeteen I. Etxarri Aranatz Emakumeen Lasterketako protagonista Izaro Etxarri (Andoain) izan zen. Aralar Txirrindulari Taldeak-Sakana Group-Aleak aurretik Lakuntzan jokatzen zen emakumezkoen txapela berreskuratu du, baina probak tokia aldatu du: I. Etxarri Aranatz Emakumezkoen Lasterketa. Etxarrikoa juniorren eta kadeteen mailako proba izan zen, 68 km-koa. Etxarri, Arbizu, Lizarragabengoa eta Lizarragako katea izan ziren ibilbidearen ardatz. Beroak izugarri gogortu zuen proba, eta izena emandako 78 txirrindularietatik 41 sailkatu ziren. Izaro Etxarrik (Andoain) sekulako erakustaldia eman zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (1:51:15), jarraitzaileei 4 minutu eta erdi aterata. Proba irabazteaz gain, tartekako helmugen saria eta mendiko saria irabazi zituen Etxarrik, eta bere taldea, Andoaingo Txirrindulari Eskola, talde onena izan zen. Bigarren Laida Hierro (Mirat Team) izan zen, eta hirugarrena Irati Aranguren (Andoain), biak 4:30era. Bi sakandar sailkatu ziren Top10ean. Ane Berastegi (Ecologicos Navarra-Beratxa) bosgarren sailkatu zen, 4:39ra, eta Ane Beltran de Heredia (Timac Agro-Ermitagaña) zazpigarren, 4:46ra. Enara Perez (Tima Agro Ermitagaña) 21. sailkatu zen, 7:47ra. Amara Arrietak (Ecologicos Navarra-Beratxa), Siets Goikoetxeak (Ecologicos Navarra-Beratxa), Eider Mazkiaranek (Zu-k / Limousin) ezin izan zuten proba bukatu.