Eguneko albisteak Guaixe irratian
Sakanerrian,
Altsasun, Gizonezkoa lan istripuan hila. 45 urte zituen eta baso lanak egiten ari zela hil zen. Aurten lan istripuan Sakanan hil den bigarren langilea da. Beheko basoan, Auntzeta parajean, baso-lanak egiten ari zirela, 45 urteko gizonezko bat hil zen. Foruzaingoak zabaldu zuenez, adar bat gainera erori zitzaion. SOS Nafarroako larrialdiak kudeatzeko zentroak 13:24ean jaso zuen istripuaren berri, eta Altsasuko suhiltzaileak, Erreskate Teknikoko Taldea, erreskaterako helikopteroa, SOS Deiak-eko helikoptero medikalizatu bat, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat, Arabako suhiltzaileak eta Foruzaingoaren patruilak bertaratu dira. Osasun langileek ezin izan zuten egin, Logroñon bizi zen gizonezkoa basoan bertan hil zen.
Kiroletan,
Pilotan, Irurtzun Nafarroako Herrien Arteko Txapelketako finalerdietara. Finalerdiak Labriten jokatuko dira ekainaren 25ean, eta Irurtzunek Doneztebe izango du arerio. Irurtzun Pilota Klubak lortu du. Nafarroako Herrien Arteko Txapelketako ligaxkan etxeko lanak ongi egin ditu eta ekainaren 28an 11:00etan Iruñeko Labriten jokatuko diren finalerdietarako sailkatu da. Irurtzun, Doneztebe, Leitza eta Lizarra dira Herrien Arteko finalerdietarako sailkatu diren lau klubak, eta finalerdietan Irurtzunek Doneztebe izango du arerio, eta Leitzak Lizarra. Txapelketa hau hiru kategorietan jokatzen da: kadeteak, jubenilak eta eliteak. Irurtzun klubeko titularrak, kadete mailan, Laso eta Gorraiz dira, jubeniletan Uharte-Okiñena eta eliteetan Ongay-Azpiroz, baina egutegiaren eta beharren arabera aldaketak izaten dira. Nafarroako Herrien Arteko hasierako ligaxkan bost jardunaldi jokatu dira. Azkenekoan Irurtzunek Barañain izan zuen aurkari, ekainaren an. Kadeteetan Zugasti-Beitiak (Barañain) 22-11 hartu zituzten mendean Razkin-Gorraiz (Irurtzun). Jubeniletan, Antimasberesek eta Gomezek 22-7 irabazi zieten Huarteri eta Navarrori (Irurtzun), eta seniorretan Larraioz eta Iturbide (Barañain) 16-22 hartu zituzten mendean Ongay-Azpirozek (Irurtzun). Bost jardunaldietan egindako lanari esker, Irurtzun finalerdietan dago, bere multzoko liderra izan eta gero. Nafarroako Herrien Arteko final handia sanferminetan jokatuko da, uztailaren 13-an, eta bertan egon nahi du Irurtzunek. “Nafarroako Herrien Artekoa denboraldiari ginga jartzea litzateke” aitortu du Irurtzun klubeko presidente Miguel Berazak.
Pilotan, San Fermin Torneoko Urrezko Liga Arbizura helduko da. Lehen faseko biko onenak, Aldai-Bergara eta Salsamendi-Mendizabal, eta Etxegarai-Gaminde eta Zabaleta-Erasun lehiatuko dira San Juan egunean Arbizun. Laboral Kutxa Emakume Master Cup-ek antolatutako San Fermin Torneoko Urrezko Liga azken txanpan sartu da. Gaur, Arbizuko festetako egun handian, San Juan egunean, lehen faseko lau bikoterik onenek Arbizun neurtuko dituzte indarrak 18:00etatik aurrera hasiko den jaialdian. Lehenik eta behin Aldai-Bergarak Salsamendi-Mendizabal izango dituzte arerio, eta bigarrenik Etxegarai-Gamindek Zabaleta-Erasun.
Txirrindularitzan, Gonzalez eta Curiel, Aguraingo podiumean. Kadeteen mailako San Juan Sarian bigarren eta hirugarren izan ziren sakandarrak. Talderik onena, Sakana Group-Alea izan zen. Agurainek kadeteen mailako XXIV. San Juan Saria hartu zuen ekainaren 22an, 65,8 kilometroko lasterketa gorabeheratsua, hirugarren mailako Sorabarri mendatea bitan gainditu behar baitzen. Txirrindulari sakandarrak primeran aritu ziren. Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) bigarren sailkatu zen, eta Xabier Curiel (Quesos Albeniz) hirugarren. Talde onena Sakana Group-Alea izan zen.