Gaurko albisteak Guaixe irratian.
Sakanerrian,
Irurtzunen, Dinabidek bere ekipamendua erakutsi du. IRIS Poloak ate irekien jardunaldia egin du Irurtzunen, enpresen zerbitzura jartzen duen ekipamendu aurreratua erakusteko. Eta industriarako 3D inprimaketari buruzko tailer bat egin da ere. Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitaleko Poloak tailer teknologiko berritzailea egin du Irurtzunen. "Dinabide Tech Show" izenpean, ate irekien jardunaldiak Dinabidek dituen inprimaketa gehigarriko ekipamenduak aurkezteko balio izan du. Ekipamendu horiek Poloaren bidez erosi dira eta Nafarroako Gobernuak eta Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak finantzatuta daude. Mikel Irijalba Dinabideren fabrikazio aditiboko eta 3D diseinuko teknikari espezialistak espazio horretan dauden fabrikazio gehigarriko ekipamendu teknologikoko aplikazioak eta zerbitzuak azaldu dizkie bertaratuei. Era berean, industriarako 3D inprimaketa makineriaren ezaugarri teknikoak eta aplikazio praktikoak azaldu ditu. Halaber, ekipoak martxan jarri dira eta horiek fabrikatutako piezen benetako adibideak erakutsi dira. 'Showroom' hori aukera paregabea izan da Nafarroako enpresa-sareak Dinabideren eskura dituen teknologia eta zerbitzuak gertutik ezagutzeko. Nafarroako Gobernuaren eta IRIS Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloaren bultzadari esker, teknologia horiek eskuragarri daude berrikuntza, lehiakortasuna eta ekoizpen aurreratuko soluzioetarako sarbidea errazteko.
Altsasun, Ramos Industrialek bere 50. urteurrena ospatu zuen. Altsasuko lantegian 200 pertsona baino gehiago hartu zituen ekitaldia egin zuen garagarrilaren 21ean. Hainbat omenaldi egin zituzten. Ramos Industrial taldeko langileak eta haien senideak enpresaren 50. urteurreneko ekitaldian izan ziren. Ekitaldian emozioa, aitortza eta oroimena uztartu ziren. Lehenik eta behin, bideo bat proiektatu zen, 1974an sortu zenetik enpresak izan duen ibilbidearen mugarririk nabarmenenak errepasatu zituena. Ondoren, konpainiako hainbat arduradunek hartu zuten hitza: Pedro Latorrek, zuzendari kudeatzaileak; Iñaki Rodriguezek eta Jorge Martinezek, ingeniaritza arloko arduradunek; eta Miguel Escalak, industria horniduren arduradunak. Guztiek giza talde handiari eta egindako bideari balioa eman zieten, eta etorkizunerako ikuspegia partekatu zuten.
Kiroletan,
Areto futbolean, Roberto Martil Osasuna Magna Xotako bigarren entrenatzailea izango da eta Xotaren eskolako koordinatzailea. Roberto Martil Osasuna Magna Xotako kapitainak jokalari izateari utzi dio, baina klub irurtzundarrean segituko du. Osasuna Magna Xotako bigarren entrenatzailea izango da, Miguel Hernandez entrenatzailearen eskuin besoa, eta, horretaz gain, Xota eskolaren koordinatzailea. Roberto Martilek azaldu duenez, “oso gogotsu eta ilusioz gainezka” hartu du bere egiteko berria. “Jokalari izateari utziko niola esan nuenetik, emozio handiak bizi izan ditut: agurrak, aitortzak... maitasun handia jaso dut. Guztia oso polita izan da, ametsa, nik imajinatzen nuena baino askoz ere gehiago. Tamalez, play-offa galdu genuen, etxean, nire azkeneko partida izan zenean. Baina gauzak horrela dira”. Bere betiko klubean jarraituko du Martilek, “etxean”, eta “oso eskertuta” dago berarekin izan duten konfiantzarekin. “Miguelek konfiantza handia eman dit, ardura, eta askatasuna”. Xota eskolako koordinatzaile izatea “aspalditik nuen ametsa” izan da Martilendako. “Taldeak eta entrenatzaileak koordinatu ahal izatea, euren trebakuntzan lagundu ahal izatea, euren familietatik gertu egotea... handia da. Gauza asko hobetu nahi ditugu”.Azkenik, Roberto Martilek emakumezkoen senior taldeko entrenatzaile izaten jarraituko du.
Pilotan, Arbizuk San Fermin Torneoko finalerdiak erabaki ditu. Salsamendi-Mendizabal sailkatu dira Soraluzeko finalerdietarako. Laboral Kutxa Emakume Master Cup-ek antolatutako San Fermin Torneoko Urrezko Liga Arbizura iritsi zen. San Juan egunean, festetako egun handian, jaialdi ederra hartu zuen Arbizuko Kiroldegiko frontoiak. Lehen partidan, Salsamendi-Mendizabalek Aldai-Bergara izan zituzten aurkari, San Fermin Torneoko finalerdietako postuaren bila. Partida ikusgarri eta lehiatuan, Salsamendik eta Mendizabalek 22-15 irabazi zieten Aldai eta Bergarari, eta ekainaren 27an Soraluzen jokatuko finalerdietarako txartela lortu zuten.Bigarren partidan, San Fermin Torneoaren barruan, Uriartek eta Erasunek 22-17 hartu zituzten mendean Lopez eta Oses, partida lehiatuan. Azken emaitza hori kontuan hartuta, San Fermin Torneoko Urrezko Ligako beste finalerdia Zabaleta-Erasunek eta Etxegarai-Gamindek jokatuko dute, Soraluzen. Labriten jokatuko da final handia, sanferminetan.