Eguneko albisteak guaixe irratian
Sakanerrian,
Sakanako Mankomunitateak konposta banatzeari agorrilean ekinen dio berriro. Eskariak gora egin du, eta behar bezala prestatzeko denbora behar da. Sakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, konpost banaketa eten egin du, eta agorrilean hasiko da banatzen. Baratza, soro eta etxean erabiltzeko konpost eskaera hazi egin dela jakinarazi du ibarreko erakundeak. Utzubar Ekogunean dagoen konposta behar bezala ondu eta bahetzeko Mank-ek haren banaketa eten egin du, duen kalitatea bermatzeko. Konposta nahi duenak agorrilaren 1etik aurrera Uztubar Ekogunetik pasatzeko aukera izanen du. Ibarreko erakundeak jakinarazi duenez, guztira 318 tona konpost banatu dira. Horrekin garraioan 40 tona C02 isurtzea saihestu da.
Bakaikuko Dendan ordezko langilea behar dute. Udako oporretako ordezkapena egiteko da. Bakaikun herri dendarako langile baten bila dabiltza. Lanaldi erdiko (%62) lanpostu bat eskaintzen dute. Kontratatuko duten pertsona dendako ohiko langileak oporretan dauden bitartean haiek ordezkatuko ditu. Kontratua garilaren 31tik agorrilaren 29ra iraungo du. Interesa duenak 623 019 026 telefono zenbakira hots egin edo mezua bidali dezake. Bestela, posta elektronikoko mezua bidali daiteke bakaikuarrok.koop@gmail.com helbidera. Azken aukera da dendatik pasatzea eta edo langileei datuak eman edo dendako postontzian uztea. Lan horretan interesa duenak ezinbestean Bakaikuarrok herri kooperatibaren proiektuaren printzipio eta filosofiarekin bat egin beharko du, egitasmoarekiko konpromisoa adierazi eta traturako erraztasuna izan.
Etxarri Aranazko igerilekuan igeri egiten ikasteko ikastaroak izanen dira aurten ere. 3 edo 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako ikastaroak garilaren 7an hasiko dira. Izena eman edo informazioa nahi duenak Etxarri Aranazko kanpinaren harreran edo info@campingetxarri.com posta elektronikoko helbidearen bidez eska dezake.
Kiroletan,
Pilotan, Joanes Bakaikoak agur esan dio sanferminetako lau eta erdiari. Artolaren kontrako final laurdena oso gogorra izan zen, eta etxarriarrak aurreko partidetako nekea ordaindu zuen. Baiko adarreko Sanferminetako lau eta erdian final laurdenetako partida jokatu zuten ekainaren 25ean, Hernanin, Joanes Bakaikoak eta Iñaki Artolak. Joanes Bakaikoa asteburuan bi partida gogor jokatzetik zetorren, ekainaren 20an Etxarri Aranatzen Agirre irabazteagatik eta ekainaren 22an Zaldibarren Zubizarreta III.a garaitzetik. Iñaki Artola, zerrendaburua izaki, final laurdenetan sartu zen lehian. Joanes Bakaikoaren eta Iñaki Artolaren arteko partida oso gogorra izan zen. Hasieran Bakaikoak estu hartu zuen Artola, ez zion bere nahieran ibiltzen utzi. Horrela, estu joan zen partida eta bi pilotariak nor baino nor lehiatu ziren, zortzigarren tantoko berdinketara arte. Hortik aurrera, Iñaki Artolak errematearekin mina egin zion Joanes Bakaikoari. Etxarri Aranazko aurrelariari sufritzea tokatu zitzaion, eta asteburuko bi partiden nekea ordaindu zuen. Bitartean, Artolaren gantxoek, dejadek eta bestelakoek aldea zabaldu zuten, 14-8. Azkenean, 22-15 irabazi zuen Artolak, eta Bakaikoa sanferminetako lau eta erdiko txapelketatik kanpo geratu zen.
Automobilismoan, Alberto Villar, bere klaseko bigarrena Etxalarko Usategien Igoeran. Sakana Motorsporteko Hiriberriko pilotuak bederatzigarren denbora onena egin zuen. Ekainaren 21ean XV. Etxalarko Usategien Igoera jokatu zen. 32 pilotu zeuden izena emanda, eta horietatik hogeik osatu zuten proba. Guztira lau aldiz igo ziren pilotuak, bi entrenamenduetan eta beste bi saio ofizialetan. Txapelduna Joseba Beola (Peugeot 208 Rally4) izan zen (03.33.126), Bruno Schererren (Porsche 911 GT3) aurretik (3:36.436). Sakana Motorsporteko Alberto Villar hiriberriarra (BMW E36) bederatzigarren postuan sailkatu zen sailkapen ofizialean edo scratchean, bere klasean, bosgarren klasean, bigarrena (3:49.328).
Triatloian, Sakanako XXIII. Triatloian izena emateko azken egunak. Sakanako Mankomunitateak antolatutako proba uztailaren 5ean jokatuko da Altsasuko Dantzaleku igerilekuetan. Sakanako Mankomunitateak antolatuta, uztailaren 5ean jokatuko da XXIII. Sakanako Triatloia. Orain arte Urdiaingo Aitziber igerilekuetan jokatzen zen eskola mailatik hasi eta junior maila bitarteraino jokatzen den proba, baina Aitziber igerilekuetako obrak direla eta, aurten Altsasun jokatuko da proba, 10:00etatik aurrera. Gazteak eta kadeteak batera egingo dute proba, eta goiztiarrenak izango dira, 10:00etan abiatuko baitira (400 m igeri, 7.400 m bizikletan eta 2.000 m korrika). 11:05ean haurren txanda izango da (250 m – 5.550 m – 1.600 m), 12:00etan kimuena (200 m – 4.000 m – 800 m), eta 12:40ean benjaminena (100 m – 2.000m – 400 m). Izena ematea zabalik dago Rockthesport webgunean, ekainaren 30eko 23:59 ordura arte. Bestalde, ekainaren 30ean hasiko da Sakanako Triatloi Eskola, Arbizun.