Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Etxarri Aranatzen, LGTBI kolektiboaren eskubideen alde. Bilkura egin zen eta plazako zabalgunean ostadarraren koloreak dituen bankua jarri du udalak. Etxarri Aranazko Udalak deituta, Harrotasunez lelopean, kontentrazioa egin zen LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, garagarrilaren 28 eguerdia. Kioskoa buelta guztian ostadar banderaz inguratu zuen. Eta plazan bertan kokatu zuten aulki txuria LGTBIren banderaren kolorez margotu zen. Gainera, udalak ekitaldia egin zuen. "Oldarraldi ultraeskuinarraren gorakadaren aurrean, eskubide guztien aldeko borroka bizitzaren aldeko borroka da, borroka antifaxista da", adierazi zuen Etxarri Aranazko Udalak. Ondoren auzatea izan zen.
Ziordian, Zirkulazio zerga ordaintzeko garaia Ziordian. Garilaren 26ra arte dago zabalik ordainketa borondatez egiteko epea. Ziordiko Udalak jakinarazi duenez, zirkulazio zerga ordaintzeko epea zabalik du. Udalaren ordainagiriak kontu korronteetan helbideratuta dituztenei zenbateko han kargatuko die udalak. Ziurtagiriak helbideratuak ez dituztenek garilaren 26ra arteko epea dute ordainketa borondatez egiteko. Horretarako udalaren kontu korrontera transferentzia egin beharko dute. Data horretarako ordainketa egiten ez duenari udalak %5eko errekargua ordain araziko dio.
Uharte Arakilen, Ubertearraren izena Iruñeko entzierroaren monumentuan. Vicente Risco Sierrarekin batera, mende honetan entzierroan parte hartu eta hil diren gainerako hamabost hildakoen izenak ageri dira. Iruñeko Udalak Karlos III.aren eta Orreaga etorbideen arteko elkargunean dagoen Entzierroaren monumentuaren oinarrian XX. mendea hasi zenetik entzierroan hil diren hamasei korrikalarien izenak eta hil ziren urtea jarri ditu. Horien artean dago Vicente Risco Sierra ubertearrarena. Salvador Guardiola Fantoni abeltegiko Antioquio zezenak sabelean adarkatu zuen zezen plazan. Zezenak Risco askatu zuen, baina, atzera ere, bere kontra egin zuen eta inork ezin izan zuen ezer egin, zezen plazako erizaindegian bertan hil zen 1980ko garilaren 13an. Zezen berak udaletxe plazan harrapatutako beste korrikalari bat ospitalean hil zen egun berean.
Kiroletan,
Mendi lasterketetan, Macias, Etxezarreta, Lasarte eta Azpiroz, Triku Traileko irabazleak. Sakandar azkarrenak Galarza, Karasatorre, Gil eta Igea izan ziren. Dortsal guztiak agortuta, 400 korrikalari inguru bildu ziren Etxarri Aranazko kanpinean Triku Trail lasterketan parte hartzeko prest. Beroa izan zen euren arerio latzena. Etortzen zena ikusita, antolakuntzak ordu bat aurreratu zuen irteera, eta eskerrik. Triku Trail proba luzearen (21 km) irabazleak Xabier Macias (1:53:22) eta Maite Etxezarreta (2:16:56) izan ziren. Lehen sakandarrak, aldiz, Ander Galarza (2:17:32), sailkapenean 25., eta Eneritz Karasatorre (2:36:16), emakumezkoetan zazpigarren, izan ziren. Triku Trail Motzean (10 km) Iñigo Lasarte (48:55) eta Guratz Azpiroz (1:02:14) gailendu ziren. Jon Gil lakuntzarra, bosgarren (53:21) eta Leire Igea etxarriarra, emakumezkoetan seigarren (1:07:42) izan ziren lehen sakandarrak.
Pilotan, Joseba Ezkurdia ez da sanferminetako lau eta erdiko finalerdietan egongo. Final laurden gogorrean Ezkurdiak ezin izan zuen erremontatu eta Peio Etxeberriak 20-22 hartu zuen mendean aurrelari arbizuarra. Sanferminetako lau eta erdian ordezkari sakandarrik gabe geratu gara. Ekainaren 28an Joseba Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak Aspeko Adarreko final laurdenetako partida jokatu zuten Sopelan. Beroa izan zen bi pilotarien arerio nagusia, tenperatura altuek izugarri gogortu baitzuten partida. Hala ere, erritmo handian jokatu zen partida lehen zatian. Erritmoa eta abiadura, bi pilotariek nor baino nor jokatu zuten. Gutxika, Peio Etxeberria aldea ateratzen hasi zen, eta 20-12 aurreratu zen. Baina Ezkurdiak ez zuen amore eman, eta gerturatzen hasi zitzaion, 20-21era jarri arte. Tamalez, Ezkurdiak Etxeberriaren bi paretakoa ezin izan zuen erantzun, eta 20-22 galdu zuen, erremontada bikaina litzatekeena gauzatu gabe. Aspeko adarreko finalerdia Peio Etxeberriak eta Zabalak jokatuko dute, eta Baikokoa Artolak eta Peña II.ak. Bi finalerdiak uztailaren 4an jokatuko dira, Atano III.ean.
Atletismoan, Ruben Mendieta, hirugarren Entzierroko Lasterketan. Lasterketaren 40. edizioan Mikel Calvo eta Raquel Etxeberria txapeldunak errekorra apurtzeko 2 segundora geratu ziren. Ekainaren 29an 40. Entzierroko Lasterketa jokatu zen Iruñean, urtetik urtera garrantzi gehiago hartzen ari den lasterketa. Entzierroko ikuiluetatik zezen plazako atariraino dauden 799 metroak lotzera korrikalari ugari animatu ziren. Federatutako korrikalarien proban Mikel Calvo (2:01) izan zen azkarrena. Bigarren Aiert Zaro sailkatu zen (2:02), eta hirugarren Ruben Mendieta olaztiarra (.02). Iraitz Senar lakuntzarra bederatizgarren iritsi zen (2:10). Emakumezkoetan Raquel Etxeberria (2:21) gailendu zitzaien Jihad Essoupauri (2:22) eta Marta Fernanezi (2:32). Lasterketa herrikoiko txapeldunak Daniel Zambrano (2:54) eta Maialen Ona (2:51) izan ziren.
Txirrindularitzan, Sakana Group-Alea, Txuma Memorialeko azken etapako talderik onena. Taldekako sailkapen orokorrean seigarren izan da talde sakandarra. Ion Unai Gonzalez etxarriarra sailkapen orokorrean hamabigarren sailkatu da. Kadete mailako tropelak XII. Txuma Memoriala hiru eguneko lasterketa famatuan hartu du parte, Bizkaian Lehen etapa Berangoko Klasikoa izan zen (59,3 km), bigarrena Erandioko klasikoa (61,3 km) eta hirugarrena eta azkena Leioako Klasikoa (62,7 km). Bertan lehiatu da Sakana Group-Alea talde sakandarra. Txirrindulari sakandarrak ederki aritu dira Bizkaian, eta Top20an postu ugari egin dituzte. Esaterako, Berangoko lehen etapan Ion Unai Gonzalez hamaikagarren izan zen, eta Ekai Erdozia hamahirugarren. Erandioko bigarren etapan Ion Unai Gonzalez hemeretzigarren izan zen, eta Leioako hirugarren etapan, Ekai Erdozia zazpigarren sailkatu zen, eta Ion Unai Gonzalez bederatzigarren. Hirugarren etapa horretan Sakana Group-Alea talderik onena izan zen. Sailkapen orokorrari dagokionez, Sander Willems (Acrog Tormans) izan da Txuma Memorialeko txapelduna (4:33:50) 3 segundora Dima Torre (Pindal-Gloval) eta 8 segundora Dario Gimeno (Gran Canaria) zituela. Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) etxarriarra hamabigarren sailkatu da, 41 segundora (4:34:31); Ekai Erdozia hogeigarren (4:35:15) eta Urko Oiarbide 53. (4:39:25). Taldekako sailkapena Acrog Tormansek (13:42:58) irabazi du, eta Sakana Group seigarren izan da, 6:13ra.