Uztailaren 1eko albisteak

Guaixe Irratia 2025ko uzt. 1a, 10:30

Eguneko albisteak Guaixe irratian:

Sakanerrian,

Sakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, konpost banaketa eten egin du, eta agorrilean hasiko da banatzen. Baratza, soro eta etxean erabiltzeko konpost eskaera hazi egin dela jakinarazi du ibarreko erakundeak. Utzubar Ekogunean dagoen konposta behar bezala ondu eta bahetzeko Mank-ek haren banaketa eten egin du, duen kalitatea bermatzeko. Konposta nahi duenak agorrilaren 1etik aurrera Uztubar Ekogunetik pasatzeko aukera izanen du.

Festetarako garbitzaileak behar dira. Iturmendiko festak garilaren 17tik 21era izanen dira. Egun horietan herriko kaleak garbitzeko udalak bi pertsona kontratatu nahi ditu. Egunero bi orduz lan eginen dituzte garbiketa lanak egiten, eta eguneko 60 euro kobratuko dituzte. Lan eskaintzan interesa duenak alminteari esan edu udaletxeko bulegoan jakinarazi beharko du garilaren 9a baino lehen. Iturmendiko Udalak jakinarazi du kontratazioa egiterakoan herrian erroldatutakoek lehentasuna izanen dutela.

Kantaitan bazkarian izena emateko azken eguna.  Festetan izanen da. Urdiaingo festen barruan kantaitan bazkaria antolatu dute. Garilaren 7an izanen da, astelehenarekin. Hartan parte hartu nahi duenak txartelak eskuratzeko atzeneko eguna du gaur. Horretarako Kaluxa tabernatik pasa beharko du interesa duenak. Bazkarirako txartelak 15 euro balio du helduendako, eta 12 haurrendako. Aldez aurretik gaztigatuz gero, menu beganoa izan daiteke. 

Kiroletan, 

Areto Futbolean, Magna, 17 urte Xota babesten.  Bi aldeek urte beteko hitzarmena adostu dute. Xotako presidente Tatono Arregik eta Carmelo Villamarin juntako kideak Magnesitas Navarra (Magna) enpresak Eugin duen meatzera bisita egin zuten. Magnako zuzendari nagusi Jorge Bañosek egin zien harrera. Bisitan, bi aldeek urtebeteko hitzarmena sinatu dutela azaldu zuten. Beraz, Magnak 17. urtez babestuko du Osasuna Magna Xota taldea. Bi aldeak “oso pozik” azaldu ziren. 
Areto futbolean, Biltoki Futbito Txapelketa antolatu dute Lakuntzan. Parkeko pistan jokatuko da uztailaren 18an eta 19an. Lakuntzako Biltoki gazte elkarteak Biltokiko Futbito Txapelketa antolatu du uztailaren 18an eta 19an. Lakuntzako parkeko pistan jokatuko da. Izena ematea zabalik dago uztailaren 14ra arte, eta talde bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu. Adinari dagokionez, 16 urtetik gorakoek har dezakete parte. Informaziorako: 633 400 397.