Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Mankomunitateak Irurtzungo garbigunea egiteko lanak eman nahi ditu. Azpiegiturak bi altuera izanen du eta ibilgailuekin edo oinez sartzeko aukera izanen da. Aurreikuspenen arabera garbiguneak 6.415 pertsonari zerbitzua emanen die. Baina Iruñerriko eta Mendialdeko udalerriak sartuz gero 15.130 dira. Sakanako Mankomunitateak Irurtzunen garbigune bat egin nahi du. Lana bere egin nahi duen enpresak eskaintza garilaren 14ko 07:00etarako aurkeztu beharko du. Obra bereganatzen duenak urte erdia izanen du hura despeditzeko. Lanek 462.665,85 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Haiek finantzatzeko ibarreko erakundeak Europar Batasuneko Berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planeko dirulaguntza du. Garbigunea Akaborro industrialdeko goiko kalearen pareko berdegunean eginen da eta 1.500m2 inguruko azalera (18,5 metro zabal eta 88,5 metro luze) izanen du. Berdegunean dagoen aldapa baliatuz, altuera desberdinean bi zirkuitu eginen dira. Goiko zirkuituak herritarrek industria edukiontzietara hondakinak botatzeko balioko du. Besteak, behekoak, kamioiek aipatu edukiontziak jasotzeko aukera emanen du. Gainera, behean 6 industria-edukiontzi irekirentzako espazioa prestatuko da, kontrol etxola jarriko da, baita metalezko estalkia ere. Azken horren azpian etxeko eta antzeko beste hondakin batzuk kudeatuko dira. Bi zirkuituetan autoz edo oinez sartu eta ateratzeko aukera izanen da.
Arakilgo Eguneko bazkarian izena emateko epea zabalik da. Garilaren 25ean izanen da, Egiarretan. Santiago egunez, garilaren 25ean, Arakilgo Eguna ospatuko da. Udalak jakinarazi duenez, aurten bazkaria Egiarretan eginen da, 14:30ean. Bazkaltzera joan nahi duenak txartelak udaletxean eros ditzake 30 euroan. Garilaren 22ra arteko epea dago horretarako. Informazioa nahi duenak 634 584 226 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali dezake, edo info@arakil.net edo arakilkultura@gmail.com e-posta helbidera mezua bidal dezake.
Ergoienan kontribuzioa ordaintzeko garaia. Hilabete honetan ordaindu beharko da. Ergoienako Udalak jakinarazi du hiri eta landa kontribuzioko ordainagiriak bidali dizkiela haiek helbideratuta dituzten ergoendarrei. Udalaren ordainagiriak helbideratu gabe dituzten herritarrek jakinarazpena jaso ondoren hilabete izanen dute borondatez ordainketa egiteko. Epe hori pasata ordaindu ez dutenei %5 igoko diete zerga. Azkenik, zerga ordaintzen ez dutenek kasuan udala derrigorrezko dirubilketa agentziaren bidez kobratuko ditu.
Olatzagutian, Iparraldeko Autobian (A-1) Arabako noranzkoan zihoan kamioi txiki bat bidetik atera zen atzo arratsaldean. Ezbeharraren ondorioz inork ez zuen minik izan. Istripua Olatzagutiko dermioan izan zen, Altsasuko lotura gunetik gertu. Istripuaren tokira Altsasuko parkeko suhiltzaileak eta Oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia joan zen.
Kiroletan,
Pilotan, Joseba Ezkurdiak Iruñeko espetxean pilotaren bidezko birgizarteratze sozialaren programan parte hartu du. Nafarroako Euskal Pilota Federazioak antolatutako programaren barruan, Iruñeko espetxean hitzaldia eman eta espetxeratutakoekin pilotan jokatu du aurrelari arbizuarrak. Nafarroako Euskal Pilota Federazioak, CaixaBank eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, pilotaren bidezko birgizarteratze sozialaren programa antolatu du Iruñeko espetxean, Nafarroako Kirol Institutuaren bidez. Horrela, Iruñeko espetxean pilotan aritzeko eta trebatzeko aukera izan dute ekimenean parte hartu duten 40 presoek, zazpi pilota saio eskaini baitira maiatzaren 7tik ekainaren 18ra bitartera. Horretaz gain, Andoni Gaskue, Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrena pilotariek, eta Nafarroako selekzionatzaile Arturo Arbizuk hitzaldia eskain zuten eta presoekin pilotan aritzeko aukera izan zuten. Ekimena lehenengoz emakumezkoen modulura eraman zuten; Paula Gorostiaga pilotariak trebakuntza saioa eman zuen. Ekimenean parte hartu duten presoek kamiseta jaso zuten.
Areto futbolean, Albert Ortas, Osasuna Magnara helduko den beste fitxaketa bat. Barça B taldetik datorren kataluniarrak itxiera postuetan jokatuko du. Osasuna Magna Xotak 2025/2026 denboraldiko plantilla prestatzen segitzen du. Juan Pablo Cuello eta Gustavo Marra jokalarien fitxaketaren atzetik, Albert Ortas jokalari kataluniarra helduko da talde irurtzundarrera. Albert Ortas “kalitatezko jokalaria” dela dio Miguel Hernandezek, “itxiera postuetan jokatzen du, defendatzaile ona da, baloia ongi maneiatzen du, azkarra da, lauko jokoarendako trebea da eta jokalari bertikala da, anitza”. Kataluniarrak 23 urte beteko ditu uztailaren 9an, eta “Barçako harrobiko etorkizun handiko jokalaria da”. Alberto Ortasek Osasuna Magna Xotarekin bi denboralditarako sinatu du, eta Xotan egoteagatik “oso pozik” dagoela aitortu du.