Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Irurtzunen, Atakondoak masifikazioaren kontrako protesta Iruñera eramanen du. Hezkuntza Departamentuaren parean eginen dute bilkura gaur, 13:00etan. Atakondoa eskola publikoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan 30 ikasle egonen dira heldu den urtean, eta tarteka behar berezietako ikasle bat. Hala jakinarazi du Hezkuntza Departamentuak. Ikastetxea eta gurasoak ikasleak gela bakarrean masifikatuta egonen direla adierazi dute, eta, horregatik, gela bikoiztea eskatu dute. Horregatik Hezkuntza Departamentuaren parean elkarretaratzea eginen dute gaur, 13:00etan. Bilkurak masifikaziorik ez, ez Atakondoan ez inon. Hezkuntza duin baten alde leloa izanen du.
Arakilen, Ihabarren, Eskribarena etxea eraberritzeko lanak eman nahi ditu udalak. Eraikinean bost etxebizitza eginen dira. Arakilgo Udalak Ihabarko Eskribarena etxea birgaitzeko lanak emateko deialdia egin du. Obra egiteko interesa duen enpresak bere eskaintza agorrilaren 17ko 23:30era arte aurkez dezake.Lanek 1.490.908,51 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Kontratua bere egiten duen enpresak obra hemezortzi hilabetetan despeditu beharko du.
Iturmendin, Zerbitzu anitzetako lanpostua betetzeko deialdia egin du udalak. Oposizio-lehiaketa bidez beteko da.Iturmendiko Udalak zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin du. Era berean, izangaien zerrenda bat sortuko du hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera. Funtzionarioen araubideko lanpostua da, D mailari dagokion ordainsaria izanen du, baita Iturmendiko Udaleko plantilla organikoan jasotzen diren osagarriak ere. Lanpostuak euskarazko nahitaezko B2 hizkuntza eskakizuna du. Deialdian parte hartu nahi duenak eskabidea Iturmendiko udaletxean aurkeztu beharko du agorrilaren 2a baino lehen.
Nilsak uraren zikloaren berri eman du Dorraon.Haurrei zuzendutako udako kanpainak haurrei natura inguruneaz kontzientziatzeko egiten du. Unanun segida izanen du garilaren 10ean, ostegunean. 25 partaide eta bi tailer izanen dira. Nafarroan uren arazketaren ardura duen Nilsa enpresa publikoak bere udako kanpainari Dorraon ekin dio. 4 eta 12 urte hogei bat haurrek parte hartu zuten Nilsaren udako hezkuntza kanpainan. Lehenik, Dorraoko ur araztegira bisita egin zuten eta haurrei haren funtzionamenduaren berri eman zieten. Ondoren parte hartzaileei eskularruak eta pintzak eman zizkieten eta Leziza ubeldera joan ziren, hura garbitzeko asmoz. Ordubete egon ziren lanean eta hiru bat kilo hondakin bildu zituzten ubeldearen ibilgutik eta areketatik. Jasotako zaborren artean, batez ere poltsak, plastiko gogorrak, latak, toallatxoak eta beiraren bat zegoen. Behin garbiketa despedituta, uraren kalitatearen analisia egin zuten kit kimiko batekin. Nilsak udarako prestatu duen kanpaina irailaren erdialdera arte iraungo du. Batez ere biztanle gutxiko herrietan egiten du, tokiko eta sasoiko biztanleendako ingurune naturalari buruzko kontzientziazioa dinamizatu eta sustatzeko jarduerak bilatzen baitituzte.
Kiroletan,
Pilotan, San Fermin Pilota Torneoa bi serietan jokatuko da. Guztira 32 pilotarik parte hartuko dute udako lehen torneo handian. San Fermin Pilota Feria nobedadeekin dator. Jaialdiak duen arrakastari –dagoeneko ia egun guztietako sarrerak agortu dira– ikusgarritasun gehiago eman nahi izan diote enpresek, eta San Fermin Pilota Torneoa bi serietan jokatuko da, A Seriea, lehen mailakoa, eta B Seriea, bigarren mailakoa. Uztailaren 2an egin zuten udako lehen pilota feria garrantzitsuaren aurkezpena Santo Domingo kalean, hain justu entzierroko korrikalariek kantatzen dioten San Fermin irudiaren parean. A Serieko A multzoko bikoteak Etxeberria-Zabaleta, uztailaren 5ean jokatuko den aurretiko kanporaketetako irabazleak, Urrutikoetxea-Albisu edo Larrazabal-Imaz, eta uztailaren 6an jokatuko den aurretiko kanporaketako irabazleak, Ezkurdia-Martija edo Elordi-Rezusta izango dira. B multzoko bikoteak Artola-Iztueta, Altuna III.a-Bikuña eta Peña II.a-Mariezkurrena izango dira. B Serieari dagokionez, A Seriean tokirik gabe dauden lehen mailako bi pilotari egongo dira. Erik Jaka eta Javier Zabala. A multzoa Zubizarreta III.a-Aranguren, Jaka-Ugartemendia eta Murua-Aldabe bikoteek osatuko dute, eta B multzoa Zabala-Gabirondok, uztailaren 5ean jokatuko den aurretiko kanporaketako irabazleak, Agirre-Eskiroz eta Bakaikoa-Lizeaga, eta uztailaren 6an jokatuko den aurretiko kanporaketako irabazleak, Dario-Gaskue edo De la Fuente-Tolosa. Guztira 11 jaialdi jokatuko dira, 10 Labriten eta uztailaren 7an Nafarroa Arenan jokatuko den sanferminetako lau eta erdiko finala. Tartean, uztailaren 13an Urzante desafioa jokatuko dute Aspek eta Baikok. Final handiak uztailaren 14an jokatuko dira.
Futbolean, Altsasu, Lagun Artea eta Xota, Nafarroako Futbol Galan sarituta. Altsasuko hiru taldek eta Lagun Artea eta Xotako talde banak 2024/2025 denboraldiko liga txapeldunen saria jaso zuten. Ekainaren 27an Nafarroako Futbol Federazioak 2024/2025 Gala ospatu zuen goitik behera betetako Gaiarre Antzokian. Izan ere, 800 pertsonatik gora bildu ziren jokatu berri den futbol eta areto futbol denboraldian txapeldun izandako 55 taldeak omentzera. Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amok ongietorria egin zien Gaiarren bildutako guztiei eta aurtengo txapeldunei meritua aitortu zien. Horretaz gain, aurten lehen mailara eta bigarren mailara igo diren Iosu Galech eta Alejandro Morilla arbitroak zoriondu zituen, baita zilarrezko mailara igo den Alaiz Gutierrez arbitroari. Bestalde, Carcar Kirol Klubak Karbel Saria jaso zuen, kirol balioak sustatzen dituen saria, bere jokalari bat hamarkada batez baino gehiagoz zigortu baitu, arbitroa eraso eta gero. Denboraldian txapeldun izandako 55 taldeen artean lau sakandar zeuden. Altsasu Kirol Elkarteak hiru sari jaso zituen: emakumezkoen preferente taldeko txapeldunarena, gizonezkoen erregional mailako laugarren multzoko txapeldunarena, eta areto futboleko gizonezkoen lehen maila autonomikoko txapeldunarena. Lakuntzako Lagun Arteak gizonezkoen kadeteen bigarren mailako laugarren multzoko txapeldunaren saria lortu zuen, eta Irurtzungo Xotak gizonezkoen areto futboleko kadeteen mailako txapeldunaren saria.