Uztailaren 4ko albisteak

Guaixe Irratia 2025ko uzt. 4a, 11:14

Eguneko albisteak Guaixe irratian:

Sakanerrian, 

Sakanako Mankomunitatean, Energia trantsizio “justu, hurbil eta eraginkor batean aurrera egiteko”, proiektu pilotua da Trantsizio Energetikoko Leihatila Bakarra. Industria, Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialaren bitartez bultzatutako ekimen aitzindaria Nasuvinsak, Sakanako Mankomunitateak, Sakanako Garapen Agentziak eta inguruko udalek elkarlanean garatu dute. Leihatilak espazio fisiko eta operatibo bakar batean lehen hiru bulegoetan egiten zena bateratzen du. Hau da, Europako Tokiko Laguntza Energetikoko bulegoak, Nafarroako Komunitatea Eraldatzeko Bulegoak eta Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko bulegoak bat egin dute Trantsizio Energetikoko Leihatila Bakarrean.  Bat egite horren helburua da laguntzak, dirulaguntzak, laguntza teknikoa eta birgaitzearekin, energia eraginkortasunarekin eta energia komunitateekin lotutako zerbitzuak eskuratzeko aukera erraztea da.

Irurtzunen, Hezkuntza Departamentuaren parean Atakondoako gela bat bikoiztea eskatu dute.  Bestela heldu den ikasturtean DBH2ko gelan 31 ikasle eta bi irakasle izanen dira. Gurasoak gela bakarrean ikasleak masifikatzeak ekarriko dituen “eraginak izugarriekin” kezkatuta daude. Irurtzungo hezkuntza komunitateko kideak Hezkuntza Departamentuaren Iruñeko egoitzaren parean kontzentrazioa egin dute gaur. Haren bidez salatu dute 2025/26 ikasturtean Atakondoa eskola publikoko DBHko 2. mailako gelan 30 ikasle, tarteka behar berezietako beste ikasle bat eta bi irakasle izanen direla. Gainera, ikasturtean zehar etor daitezkeen ikasleak ere hartu beharko lituzkete gela horretan. “Beraz, datorren ikasturtean, gure seme-alabentzat guztiz bidegabea den egoera bat pairatzera behartuta gaude, nahiz legezkoa izan”, azpimarratu dute hezkuntza komunitateko kideek. Gaztigatu dutenez, “Atakondoako ikastetxea eraikin zaharra da, egitura arkitektoniko berezia duena, eta ez dago prest talde handiak baldintza egokietan hartzeko”. Gela bakarrean 31 ikasle eta bi irakasle egoteak “espazio eta funtzionaltasun arazo larria sortuko” duela gaztigatu dute. “Eragin oso negatiboa izango du eskolen eguneroko garapenean, eta eragina izango du bai hezkuntzaren kalitatean, bai ikasleen eta irakasleen ongizatean ere. Ezinbestekoa da ikastetxearen berezitasun hori kontuan hartzea, ikasturtea behar bezala planifikatzeko eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesua arriskuan jar dezaketen egoerak saihesteko”. Eragin “kezkagarriak”. Gaur protesta egin dutenen iritziz, “31 ikasle eta bi irakasle espazio txikian aldi berean egotera behartzean sor daitezkeen bizikidetza-arazoak; horrek tentsioak sor ditzake eta talde-dinamika zaildu”. Gaineratu dutenez, “irakaskuntzarako desegokia den inguruneak eragindako kalte pedagogikoak: zaratak, mugikortasunik ezak eta norbanakoen beharrei erantzun ezinak kolokan jarriko dute kalitatezko eta bermez betetako ikaskuntza bat”. Eta, azkenik, nabarmendu dutenez, “gure seme-alaben segurtasuna eta osasuna. Hain gainezka dagoen gela batean, gaixotasunak zabaltzea saihestezina izango da, eta ebakuazioa eskatzen duen larrialdi egoera baten kasuan, egungo baldintzek ez dute gutxieneko babes-neurrietarako bermerik eskaintzen”. Gurasoek adierazi dutenez, “Hezkuntza Departamentuak zenbakiak baino ez ditu ikusten taldekatzeen afera honetan. Guretako, ordea, zenbaki horien atzean gure seme-alabak daude, eta argi daukagu bidegabekeria honek ez duela Ekitatean eta Kalitatean aurrera egiteko inolako bermerik ematen, Itunaren atarikoan aldarrikatzen den legez”. 

Kiroletan, 

Txirrindularitzan, Selekzioko zortzi sakandarrak, ederki. Granadan jokatutako Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan Nafarroako selekzioarekin zortzi sakandar lehiatu ziren. Luca Martinez hirugarren izan zen junior mailako erlojupekoan, eta Iker Gomez bosgarren afizionatuetakoan. Txirrindularitza tropel nagusia Granadan kontzentratu zen aurreko astean, junior mailatik hasita profesional mailara bitarteko Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu baitziren. Nafarroako selekzioak 25 txirrindulari deitu zituen maillot gorria defendatzeko, tartean zortzi sakandar: junior mailako Ane Beltran de Heredia, Ane Berastegi, Ekain Imaz, Luca Martinez eta Ekaitz Perez, eta afizionatuen mailako Iker Gomez, Mikel Uncilla eta Aimar Tadeo. Guztiek lan txukuna egin zuten, Granadako berotzarrari aurre eginez. Luca Martinezen domina. Junior mailatik brontzezko domina iritsi da Sakanara. Erlojupeko proban, Sierra Nevadan 8 km- ikusgarri osatu behar izan zituzten txirrindulariek. Gizonezkoetan Benjamin Noval Asturiasko txirrindularia gailendu zen (18:30), Cantabriako Ibai Villateren (19:05) eta Luca Martinez lakuntzarraren (19:23). Ekain Imaz altsasuarra hemezortzigarren sailkatu zen (20:37), 2:07ra. Emakumezkoetan ez zen sakandarrik lehiatu. Nafarroako selekzioko Paula Ostiz txapeldunordea izan zen (22:59), Alejandra Neira (Galicia) txapeldunetik 14 segundora (22:45). Imazen ihesaldia. Junior mailako errepideko lasterketari dagokienez, gizonezkoek 121,2 km zituzten aurretik, beroak izugarri gogortu zituenak. Ekain Imaz altsasuarrak erasoa jo zuen eta 30 segundo atera zizkion tropelari, baina Benjamin Novalek atzetik erasoa jo, Imaz harrapatu, eta elkarrekin 2 km inguru egin eta gero, altsasuarra atzean utzi zuen eta garaipen ikusgarria lortu zuen (3:03:56), atzekoei 4 minutu pasa ateraz. Ekain Imaz laugarren sartu zen, 5:03ra. Luca Martinezek eta Ekaitz Perezek ezin izan zuten proba bukatu. Ostizen alde. Emakumezkoen juniorrek 85,5 km-ko lasterketa jokatu zuten, bero galantarekin, esprint estuan bukatu zena. Photo Finish-a erabili behar izan zuten garailea nor zen erabakitzeko. Paula Ostiz nafarrak lortu zuen urrezko domina (2:28:29), Irati Arangurenen (Euskadi) aurretik. Nafarroako selekzioak Ostizen aldeko lan ederra egin zuen. Ane Beltran de Heredia 32. sailkatu zen, 6 minutura (2:34:29). Ane Berastegik ezin izan zuen proba bukatu. Iker Gomezen Top5-a. Afizionatuen mailako gizonezkoek 14 kilometroko erlojupekoa jokatu zuten Sierra Nevadan, surik gabeko infernuan. 23 urtez azpiko txapelduna Gaztela Manchako Adrian Fajardo izan zen (30:38), Unai Ramos nafarraren (32:06) aurretik. Iker Gomezek erlojupeko bikaina egin zuen eta bosgarren sailkatu zen (32:44). Aimar Tadeo lakuntzarra hemeretzigarren izan zen (35:32). Emakumezkoetan ez zen Sakanako ordezkaritzarik egon. Uncilla, lehen nafarra. Afizionatuen mailako gizonezkoek 144,7 kilometroko lasterketa mugitua izan zuten aurretik Granadan. Aurrekoetan bezala, beroa erabakigarria izan zen. Lasterketa mugitua Euskadi selekzioko Yago Agirrek irabazi zuen (3:38:52), eguneko ihesaldian sartu eta Granadako jaitsieran erasoa jo eta gero, helmugara bakarrik helduta. Lehen nafarra Mikel Uncilla etxarriarra izan zen, sailkapenean hemeretzigarrena, 5:25era. Aimar Tadeok ezin izan zuen lasterketa bukatu. Afizionatuen emakumezkoetan ez zen ordezkari sakandarrik izan, profesional mailako lasterketetan ezta ere. 

Triatloian, Triatloi campusekoak Dantzalekura begira. Sakanako Mankomunitateak antolatutako Triatloi Campusean parte hartzen ari diren hemeretzi gaztetxoetatik askok bihar Altsasun jokatuko den XXIII. Sakanako Haur Triatloian parte hartuko dute. Astelehenean hasi zen Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Triatloi Campusa, Arbizun. Hemeretzi gaztetxo ari dira igeriketa, txirrindularitza eta korrika batzen dituen kirolean trebatzen, Maalen Beraza Etxarri eta Izaro Ducar Gerrikagoitia monitore dituztela. Asteartean, egin zuen beroa zela eta, Arbizuko kiroldegian aritu ziren igeriketa lantzen, "berotzar horrekin kalera ateratzea ezinezkoa zelako. Hortaz, igeriketa landu genuen" azaldu du Maalen Berazak. Ordutik, Arbizuko inguruetan bizikletan aritzen dira, atletismoa lantzen dute, eta kiroldegiko igerilekuetan igeriketa lantzen dute, kirol batetik bestera egin beharreko trantsizioak eta beste nola egin ikasten. Izan ere, campusean trebatzen ari diren gehienek bihar, larunbata, Altsasuko Dantzaleku igerilekuetan 10:00etatik aurrera jokatuko den XXIII. Sakanako Haur Triatloian parte hartuko baitute. Triatloi campusa uztailaren 11ra arte luzatuko da. Goizero, 10:00etatik 12:30era aritzen dira lanean. 50 triatleta espero dira. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu duenez, aurten 50 triatletek eman dute izena Sakanako Haur Triatloian. Orain arte Urdiaingo Aitziber igerilekuetan jokatzen zen Sakanako Haur Triatloia, baina Aitziber igerilekuetan obretan daude, legedira egokitzeko lanetan, eta igerilekuak beranduago irekiko dira. Horrela, Altsasuko Dantzalekuko igerilekuek hartu dute txapelketa antolatzearen lekukoa. Gazteek eta kadeteek batera egingo dute proba, 10:00etan abiatuta  (400 m igeri, 7.400 m bizikletan eta 2.000 m korrika). 11:05ean haurren txanda izango da (250 m – 5.550 m – 1.600 m), 12:00etan kimuena (200 m – 4.000 m – 800 m), eta 12:40ean benjaminena (100 m – 2.000m – 400 m). 

Pilotan, Irurtzun, Nafarroako Herrien Arteko final handira. Finalerdietan Doneztebe hartu zuen mendean. Finala Leitzaren kontra jokatuko du, uztailaren 13an, Labriten. Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa absolutuko final handian egotea lortu du Irurtzun pilota klubak, ekainaren 28an jokatutako finalerdietan Donezteberi 2-1 irabazi eta gero. Kadeteen partidan Lasok eta Gorraizek (Irurtzun) 11-22 galdu zuten Fagoaga-Anzizarren (Doneztebe) kontra, eta beste bi partidak irabazteko presioa izan zuen Irurtzunek. Jubenilen mailan Okiñenak eta Huartek (Irurtzun) maisuki jokatu zuten eta 3 tantotan utzi zituzten Leiza-Oiaregi (Doneztebe). 1-1, beraz, eta eliteen mailako partidak erabakiko zuen nor pasako zen finaletara. Eliteetako partidan parez pare aritu ziren Ongay-Azpiroz (Irurtzun) eta Elizalde-Santesteban (Doneztebe). Bi bikote sendo, nor baino nor, final handi baten bila. Ongayk eta Azpirozek bikote indartsua osatu zuten, eta, azkenean, 22-19 irabazi zieten Elizalderi eta Santestebani partida borrokatuan. Nafarroako Herrien Arteko final handia Irurtzunek eta Leitzak jokatuko dute. Leitzak Lizarra hartu zuen mendean finalerdietan. Finala sanferminetan jokatuko da, uztailaren 13an, 10:00etan, Labrit pilotalekuan. Irurtzun klubeko Miguel Berazak aitortu duenez, “denboraldiari ginga jartzea litzateke Nafarroako Herrien Artekoa irabaztea, denboraldiari bikaina jartzea”. 

Atletismoan, Ziordian, kikildu gabe. 35 gradurekin jokatu zen XII. Ziordiko Lasterketa Solidarioa, baina 200dik gora partaide animatu ziren. Nagusien proban Arnatz Mujika eta Lucia Garate gailendu ziren. 4.100 euro jaso ziren GNA01 gaixotasuna duen Markel Carmonarendako, 1.100 euro Argonauta Sindromea duen Uxuerendako, eta furgoneta bete Paris 365 jantoki sozialerako.