Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Lakuntzak badu estalpea. Garilaren 4an, ostiral arratsaldean, mustu zuten. Auzatea izan zen. Makina bat lakuntzarrek bat egin zuten estalpearen mustutzean, ostiralean. Oihane Uribe-etxeberria Garmendia alkateak azaldu zuenez, "udalak beharrak identifikatu eta estalpea ezartzeko parte hartze prozesua eta herri galdeketa egin" zela gogoratu zuen alkateak. "Herritarrek erabaki genuen plazaren proiektua aurrera eramatea". Estalpea jasotzeko lanak nahi baino gehiago atzeratu dira, apirilaren erdialderako despedituta behar baitzuen. "Ez da udalaren esku egon. Udalak obrarekin buruhauste asko izan ditu", gaztigatu zuen alkateak. Lanak egiteko kontratuko epeak ez betetzeagatik enpresari diru zigorra jarri beharrean trukea egitea erabaki dute udalak eta enpresak. Horregatik, azken horrek aparteko beste lan batzuk egin ditu herrian. Alde batetik, plazako zoruan zegoen egurrezko zatia kendu eta galtzada harriak jarri ditu. Bestetik, Kale Txiki eta Lagun Arteako hiru txorkoak (zuhaitzen oineko espazioa) zeramikaz estaltzea.
Bakaikuko udal idazkaritza itxita dago. Hilaren 14ra arte hala segituko du. Bakaikuko Udalak jakinarazi duenez, garagarrilaren 30tik garilaren 14ra udal idazkaritza itxita egonen da. Bere ohiko jarduna hilaren 15ean berreskuratuko du udal idazkaritzak. Bitartean, premiazko gairen bat duten bakaikuarrek 660 143 281 telefono zenbakira hots egin dezakete. Itxierak sortutako eragozpenengatik barkamena eskatu du udalak.
Gobernuak Herritarrei Arreta emateko Bulego Mugikorra zabaldu du Olaztin. Bulego Mugikorra Erburua kiroldegiko aparkalekuan egongo da uztailaren 8tik 11ra, 09:00etatik 14:15era. Administrazioa landa ingurunera hurbiltzeko ahalegina da. Nafarroako Gobernuak Herritarrei Arreta emateko Bulego Mugikorra aktibatuko du Olaztiko udalerrian garilaren 8tik (asteartea) 11ra (ostirala), biak barne, administrazio publiko inklusiboagoa, irisgarriagoa eta lurraldeari dagokionez kohesionatuagoa bermatzeko konpromisoaren baitan. NASERTIC enpresa publikoak kudeatzen duen Bulego Mugikorra 20.000 biztanletik beherako Nafarroako herriei zuzenduta dago, eta Foru Administrazioaren zerbitzuak landa-eremuetara edo biztanleria-dentsitate txikiagoko eremuetara hurbiltzea du helburu, zerbitzu publikoetarako sarbidean dagoen lurralde-arrakala murriztuz. Herritarrek hainbat administrazio-izapide egin ahal izango dituzte, hala nola edozein administraziori zuzendutako dokumentazio-erregistroa, zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruzko kexak eta iradokizunak aurkeztea. Herritarrei Arreta Emateko Bulego Mugikorreko langileek nortasun digitala (Cl@ve sistema) sortzen eta erabiltzen lagunduko dute, Nafarroako Gobernuaren hainbat zerbitzu eta prestaziori buruzko tramitazio elektronikoa eta informazioa eta aholkularitza eskaintzeko, hala nola, familia ugariaren eta guraso bakarreko familiaren akreditazioak, ezohiko gastuetarako laguntza ekonomikoak (entzumen-protesiak, optika, ortodontzia), guraso bakarreko familietan kontziliazioa bultzatzeko dirulaguntzak, ehiza eta arrantza lizentzien tramitazioa, Gazte Garraioaren Txartela, Gazte Txartela eta derrigorrezkoaren ondoko ikasketetarako bekak eskatzea, Osasun Karpeta eskuratu eta erabiltzea edo herritarrek laguntza eskatzen duten beste edozein kudeaketa. Bulego irisgarria, funtzionala eta balioaniztuna. Bulego Mugikorrak 41,40 metro karratuko erabilera anitzeko gunea du, formatu handiko pantailaz, inprimagailuaz, zazpi mahaiez eta berrogei aulkiez hornitua, eta horrek aukera ematen du prestakuntza-gela, erakusketa, partaidetza-prozesu edo informazio-kanpaina gisa erabiltzeko. Era berean, 10,70 metro karratuko kristalezko bulegoa du, intsonorizatua eta estore opakoak dituena, kudeaketa jakin batzuen konfidentzialtasuna bermatzeko. Foru Gobernuak irisgarritasun unibertsalarekin duen konpromisoaren ildotik, unitateak baliabide egokitu ugari ditu: braille bidezko seinaleak, gida podotaktilak, zeinu-hizkuntzako arreta (SVisual sistemaren bidez), indukzio magnetikoko begizta eta irakurketa errazeko seinaleak. Arreta elebiduna eta gobernantza partekatua. Langileek gaztelaniaz eta euskaraz ematen dute zerbitzua. Halaber, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek ere erabil dezakete bulego mugikorra, lurraldean informazio edo prestakuntza jarduerak egiteko guneak behar badituzte.
Festen ekuatorera iritsi da Urdiain. Urdindarrek San Pedro ermitaren inguruan eman zuten festetako bigarren eguna. Argentinar doinua izan zuen festen hasierako etxajua. Festei hasiera emateko etxajua pizteko herritarrik aukeratuta ez badago, Javier Zelaia Etxarri udal langilea arduratzen da hura pizteaz. Baina, aurten, egitekoa Sakanan erroak dituzten bi argentinarrekin partekatu zuen. Severino Hugo Ravera Irigoien eta Juan Senar Gomez izan ziren Urdiaingo festei hasiera ematen zien etxajua piztu zutenak. Biak ere argentinarrak sortzen, aurrenak Urdiainen du familia, hurrenak Unanun. Ravera San Miguel del Monten bizi da, Buenos Aires probintzian. Bere aitona Severino Irigoien izan zen Urdiain utzi eta Argentinarako bidea hartu zuena. Laugarren aldia du Urdiainen bisitan. Senar Tupungaton bizi da, Mendoza probintzian. Antonio Galartza lehengusuagatik du Unanurekin lotura. Unanura aurrenekoz 9 urterekin etorri zen, aitarekin batera. Orduko hartan aiton-amonak ezagutzeko aukera izan zuen.Etxajuak festa piztu ondoren, Urdiaingo Udalak joan zen urtean jaiotako haurrei harrera egin zien. Udalak bosti gonbidapena bidali bazien ere, festetako ttattarra jaso zuten gurasoen besoetan zeuden Bidane Galarza Azpilikuetak, Jare Zeberio Lopez de Goikoetxeak eta Hegoi Mendinueta Gasanzek. Auzatearekin batera Sakanako Aizkolari Eskolakoek erakustaldia eskaini zuten. Enbor gainean zutitu ziren: Aitor Saralegi irurtzundarrak eta Aritz Oiarbide etxarriarrak bikotea osatu zuten Oier Mitxelena altsasuarraren eta Ioar Goikoetxea urdindarraren kontra neurtzeko. Gainera, Eneas Aristizabalek, Urko Oiarbidek, Enaitz Uriak eta Asier Galartzak aizkora erakustaldia eskaini zuten. Estefi Etxebeste eta Jon Lapazaran fardo eta ingudea altxatzean aritu ziren.
Kiroletan,
Pilotan, Ezkurdiak eta Martijak San Fermin Feriako txartela lortu dute, baina Bakaikoa-Lizeaga kanpo geratu dira. San Fermin Torneoko A Serieko aurretiazko kanporaketan Ezkurdiak eta Martijak Elordi eta Rezusta 7 tantotan utzi zituzten, eta uztailaren 7an sartuko dira lehian. Aldiz, B Seriean Bakaikoak eta Lizeagak ezin izan zituzten Agirre eta Eskiroz mendean hartu. San Fermin Pilota Feria gori-gori hasiko da. Asteburuan aurretiazko kanporaketak jokatu ziren torneoak aurten izango dituen bi serietan. A Seriean, lehen mailan, Ezkurdiak eta Martijak bikotea osatu dute. Aurretiazko kanporaketa uztailaren 6an jokatu zuten, Labriten, Elordiren eta Rezustaren kontra. Partida potentea zen, pisu indartsuen artekoa. Sakanako bikoteak ezin hobe funtzionatu zuen, eta partida ikusgarrian, 22-7 hartu zituzten mendean Elordi eta Rezusta. Kolore bakarra izan zuen partidak, sakandarrena. Hasierako tantoetan parez pare aritu ziren bi taldeak, baina Elordi eta Rezusta 4-5 aurreratuta zeudenean, sakandarrek partidaren batuta hartu eta zuzenean joan ziren 20-5era, takada ikusgarria eginez. Ezkurdiaren boleak erabakigarriak izan ziren beste behin, eta Martijak ezin hobe babestu zuen atzeko txokoa. Elordik eta Rezustak ezin izan zuten erantzun, eta, azkenean, 22-7 galdu zuten. Beraz, Ezkurdia eta Martijak jokatuko dute San Fermin Torneoa, aspalditik sarrerarik ez duen Bomboneran. A Serieko beste kanporaketan, Urrutikoetxea-Albisuk 22-12 irabazi zieten Larrazabal-Imazi. Ezkurdia-Martija gaur sartuko dira lehian. Gaur goizean Sanferminetako lau eta erdiko finala jokatuko dute Peña II.a eta Zabalak. Gauean, 22:15ean, ordea, San Fermin Binakako Feriaren txanda izango da. Pilotari sakandar guztiak A multzoan daude. Ezkurdiak eta Martijak gaur, uztailaren 7an, Urrutikoetxea eta Albisu izango dituzte aurkari, hain zuzen ere aurretiazko kanporaketak gainditu dituzten bi bikoak. Galtzaileek Pello Etxeberria eta Zabaleta izanen dituzte aurkari uztailaren 9an, eta irabazleek arerio berberen kontra jokatuko dute uztailaren 11n. Ligaxkako biko onena final handirako sailkatuko da. B multzoan Altuna III.a-Bikuña, Artola-Iztueta eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a daude. Joanes Bakaikoa, kanpo. San Ferminetako B Seriean, aldiz, berriak ez dira pozgarriak. Uztailaren 5ean Labriten jokatutako aurretiazko kanporaketan Agirrek eta Eskirozek 22-11 hartu zituzten mendean Bakaikoa eta Lizeaga. Partida gogorra izan zen, baina Agirrek eta Eskirozek hartu zuten ekimena eta Bakaikoak eta Lizeagak baino akats gutxiago egin zituzten, hasieratik bukaerara kontrolpean izandako partidan. Tamalez, Joanes Bakaikoa San Fermin B Serieko Binakako Torneotik kanpo geratu dira.B Serieko beste aurretiazko kanporaketan Dariok eta Gaskuek 22-16 hartu zituzten mendean De la Fuente eta Tolosa, txapelketan aurrera eginez.
Txirrindularitzan, Ion Unai Gonzalez, hirugarren eta mendiko onena Urdiainen. Kadeteen VII. Urdiain Sarian Sakana Group-Aleako txirrindularia hirugarren sailkatu zen, lehen sakandarra. Xabier Curiel (Quresos Albeniz) laugarren. Aralar klubeko Sakana Group-Aleak eskuadrarik onenaren saria jaso zuen. Uztailaren 4a Urdiain txirrindularien bilgune izan zen. Burunda Txirrindularitza taldeak kadeteen mailako VII. Urdiain Saria antolatu zuen, 55 km-ko lasterketa. Txirrindulari sakandarrak lasterketaren borrokan egon ziren. Imanol Irazabal (Baque Team) izan zen txapelduna, Urdiaingo helmugara bakarrik helduta, 2 segundora Aimar Olano (Loiu Gela Pedagokikoa) zuela. 4 segundora hamasei txirrindulariz osatutako tropela sartu zen, Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) buru zela. Beraz, Gonzalez hirugarren izan zen, Xabier Curiel (Quesos Albeniz) laugarren, Unax Etxeberria (Sakana Group-Alea) bederitzagarren, Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz) hamalaugarren eta Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) hemeretzigarren. Atzetik, Egoi Urtasun 28. iritsi zen helmugara (1:39:05), Xabier Gorriti (Sakana Group-Alea) 36.; Unai Gomez (Quesos Albeniz) 44.; eta Gabriel Gonzalez (Sakana Group-Alea) 49. Hirugarren postua lortzeaz gain, Ion Unai Gonzalezek mendiko txapelketa irabazi zuen eta bere taldea, Lakuntzako Aralar txirrindularitza klubeko Sakana Group-Alea, onena. Tartekako helmugen saria Xabier Solaunek (Luyando-Ganzedo) lortu zuen. Tolosako Amaroz XXVII. Saria. Urdiainen jokatu eta hurrengo egunean, uztailaren 6an, kadeteen Amaroz XXVII. Saria jokatu zen Tolosan (59,5 km). Xuban Gorroño (Cafe Dromedario) bakarrik iritsi zen helmguara (1:21:51). Ion Unai Gonzalez hamahirugarren sailkatu zen, 59 segundora; Urko Oiarbide hemeretzigarren, denbora berean; Xabier Curiel 37., 1:28ra; Ekaitz Zufiaurre 53., 1:39ra; Asier Flores (Quesos Albeniz) 64., 2:09ra; Xabier Gorriti 83., 2:42ra; Ibai Galarza (Quesos Albeniz) 90., 2:54ra; Unai Gomez 106., 4:08ra; eta Egoi Urtasun 111., 5:53ra.