Eguneko albisteak

Uztailaren 8ko albisteak

Guaixe Irratia 2025eko uztailaren 8a
Eguneko albisteak Guaixe irratian:

Sakanerrian, 

Ihabarren, Eskribarena etxeko lanek Esku-hartze Publikorako Proiektu izendapena dute. Besteak beste, dirulaguntza handiagoa lortuko du udalak.Ihabarko Eskribarena etxea birgaitu eta han etxebizitzak egiteko egitasmoak beste bulkada bat jaso du. Izan ere, Nafarroako Gobernuko etxebizitzako zuzendari nagusiak Arakilgo Udalak aurkeztutako Esku-hartze Publikorako Proiektua onartu du. Hori posible da aldez aurretik Arakil lehentasunez birgaitu beharreko eremu izendapena lortu baitu. Esku-hartze Publikorako Proiektua onesteak laguntza ekonomiko handiagoak eskuratzeko aukera emanen dio udalari. Laguntza horietarako, sustatuko diren etxebizitza berrien bizigarritasunaren gaineko nahitaezko aldeko txostena eskuratu beharko da.

AHTko zundaketak Aralarren aurki hasiko dira. Espainiako Garraio idazkariak esan du Aralarren laginketak “berehala” hasiko dituztela, lur sailen jabeekin zituzten arazoak konpondu baitituzte. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea non bat eginen duten erabakitzeko dago. Bi aukera daude Ezkion bat egitea edo Gasteizen. Bi tren trazatuek Sakanari eraginen liokete. Erabakia hartzeko Aralar mendilerroan zundaketa hidrogeologikoak egin behar dira. Horien bidez trazadurak izan dezakeen ingurumen eragina neurtu nahi da besteak beste. Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Estatu idazkariak iragarri du denbora gehiago behar dutela azterketa lanak egiteko. Lanak "berehala hastea espero dugu; orain edo udaren ondoren izan daiteke", esan du.  Beraz, txosten teknikoa heldu den urte hasierarako izango dutela prest, “beharbada 2026ko udaberrirako”. Santanok adierazi duenez, “laginketak non egingo ditugun zehaztuta daukagu. Udalekin hitz egin dugu, baita partikularrekin ere. Beste batzuetan, berriz, bide edo lur publikoak bilatu ditugu, arazorik ez izate aldera», adierazi du. Elkarrizketak oso aurreratuta daudela iragarri du eta "lankidetza onean" egiten ari dira. Gaineratu duenez, guztiekin hitz egin dute eta "gauzak argi eta ordenatuta daude". Zundaketak “konplexuak” direla azaldu du. Aurreratu duenez, 300 metroko sakonera ingurukoak izanen dira, eta hilabeteak kostako dela haiek egitea. Baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, “orain arte izan diren arazoak ekidin" nahi dituztelako. Santanok azaldu duenez, AHTren trazatua erabakitzeko txosten tekniko horretaz aparte azterketa ekonomikoa eta informatiboa ere kontuan izanen dituztela.

Arakilgo Eguneko bazkarian izena emateko epea zabalik da. Garilaren 25ean izanen da, Egiarretan. Santiago egunez, garilaren 25ean, Arakilgo Eguna ospatuko da. Udalak jakinarazi duenez, aurten bazkaria Egiarretan eginen da, 14:30ean. Bazkaltzera joan nahi duenak txartelak udaletxean eros ditzake 30 euroan. Garilaren 22ra arteko epea dago horretarako. Informazioa nahi duenak 634 584 226 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali dezake, edo info@arakil.net edo arakilkultura@gmail.com e-posta helbidera mezua bidal dezake. 

Kiroletan,

Pilotan, Ezkurdia-Martijak galduz hasi dute San Fermin Torneoa. Partida gogorrean, Urrutikoetxea-Albisuren kontra 22-19 erori ziren. Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak San Ferminen kapotikoaren laguntza beharko dute San Fermin Torneoko finalean sartzeko. Atzo abiatu zen txapelketa, eta A Serieko A multzoan Ezkurdiak eta Martijak Urrutikoetxea eta Albisu izan zituzten aurkari. Partida oso gogorra izan zen: 71 minutu iraun zuen lehian 611 pilotakada gurutzatu ziren. Bi bikoak sendo aritu ziren, baina Urrutikoetxea aurreko koadroetan erabakigarriagoa izan zen, eta Albisurekin batera, partida erdialdetik aurrera aldea ateratzen hasi ziren, 21-15 aurreratu arte. Ezkurdiak eta Martijak azken saiakera egin zuten orduan, eta 21-18 gerturatu ziren, baina, azkenean, 22-19 galdu zuten. Ezkurdiak eta Martijak Peio Etxeberria eta Zabaleta dituzte aurkari uztailaren 9an, asteazkena. Finalean egoteko, partida 4 tanto edo alde gehiagorekin irabaztera derrigortuta daude Ezkurdia eta Martija, baina Etxeberriak eta Zabaletak oso zail jarriko diete. Horretaz gain, Urrutikoetxeak eta Albisuk uztailaren 11n Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra galtzea beharko lukete, baita ere.

Pilotan, Murua-Arbizu, Villabonako Santio Txapelketako finalerditan. Final laurdenetan Lizeaga eta Gurutzealde utzi zituzten bidean. Uztailaren 7an Villabonako Santio Txapelketako gizonezkoen final laurdenak jokatu dira. Arbizu atzelariak (Irurtzun) Muruarekin (Intxurre) osatu zuen bikoa, eta Lizeaga-Gurutzealde (Mundarro) izan zituen aurkari. Muruak eta Arbizuk partida kontrolatu zuten eta 12-22 gailendu ziren, nagusitasunez. Horrela, finalerdietara sailkatu ziren.

Herri kiroletan, Sakanako eskolako harri jasotzaileen txanda gaur Iruñean. San Fermin Herri Kirol Feria gaur abiatuko da. Nafarroako Trontza Txapelketa eta Emakumezkoen Torneoa daude jokoan. Hasteko eta behin, Nafarroako Trontza Txapelketak jokatuko dira. Gizonezkoetan, Urritzolako Aritz Legarreak Aizarotzeko Jon Etxeberriarekin osatuko du bikotea. Aurkariak Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz) eta Xabier Urrutia eta Daniel Saldias (Arraioz) izango dira. Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari hamalau epai eta zutik jarritako kanaerdikoari lau epai egin beharko dizkiete. Emakumezkoetan ez dago sakandarrik. Segidan, Emakumezkoen Harri Jasotze Torneoa erabakiko da. Bertan Sakanako Harri Jasotze Eskolako Ane Zestau barañaindarra eta Maika Iraizoz zenotzdarra ariko dira harriekin lanean, Isabel L. Vives eta Alba Zubiriarekin batera. Bi harri desberdinekin, 63 kiloko zilindroa eta 50 kiloko bola, bi minutuko txandak egingo dituzte. Goikoetxea eta Oiarbide. Bihar, uztailak 9, Nafarroako III. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatuko da. Guztira hamaika aizkolarik  parte hartuko dute, tartean bi sakandarrek: Ioan Goikoetxeak eta Eñaut Oiarbidek. Haiekin batera Iker Goldarazena, Mikel Santesteban, Julen Urrutia, Markel Iturralde, Beñat Senosiain, Ander Etxeberria, Xabier Mitxelana, Urko Erice eta Unai Valverde lehiatuko dira. Ondoren, Nafarroako Ingude Txapelketaren txanda izango da. Emakumezkoetan, Sakanako Harri Jasotze Eskolako Maika Iraizozek hartuko du parte, Maika Ariztegi, Leire Arraztoa, Iranzu Fierro, Leire Etxeberria eta Irune Biurrunekin.