Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Arbizuko Udalak festen balantzea egiterakoan arbizuarren parte hartzea eskertu du. Udalari aurtengo festetako argazki albuma osatzen lagundu nahi dionak kultura@arbizu.eus posta elektronikoko helbidera bidal ditzake irudiak. Heldu den urtean erabiliko lituzke. Arbizuko Udalak festetako balantze laburra egin du. Eta lehenik eta behin herritarren parte hartzea eskertu du. "Festetan ere, auzolanez, borondatez, aritzea ezinbestekoa iruditzen zaigu: komunitatea egiteko elkarlana oinarrizkoa delako eta ditugun trebeziak besteei eskaintzea benetan eraikigarria delako. Festa hobeak egiten ditugu parte hartze aktiboarekin". Hala aritu diren kintoak, gazteak, musikariak, abeslariak, piper opil egileak, dantzariak, kirolariak, gosari egileak, muslariak, herriko langileak... "ezin bestekoak" direla aitortu du udalak. Egitarauari dagokionez, "oro har, iritzi eta sentsazioak onak" jaso ditu udalak, nahiz eta "musika talderen batek ekitaldiarekin ez gara konforme gelditu". Garagarrilaren 27an herritarren arteko herri kirol lehiaketa jokatu zen. Udalak esan duenez, "ahoko zapore gazi gozoa gelditu zaigu. Joan zen urtean baino parte hartze txikiagoa izan da, eta errepikatu duen jende kopurua oso txikia izan da. Baina, beste aldetik, aurten osatu diren taldeak anitzagoak izan dira eta horrek ere pozten gaitu". Ekimen horren inguruan hausnartuko dutela aurreratu du udalak. Festetako atzeneko egunean, garagarrilaren 29an, munduko gosariak ekimenak herrialde guztietako jakiak dastatzeko aukera eman zien arbizuarrei. Udalaren iritziz, "ekimenari ere protagonismo eta eduki gehiago emateko ahalegina egitea merezi du". Azkenik, udalaren balorazioan ezin zuen hutsik egin garagarrilaren 24ko erauntsiak. Ekaitzak plazako toldoa hautsi zuen eta gau hartan musika emanaldirik gabe gelditu zen Arbizu. Toldoa baztertu edo jaso ondoren, gainerako egunetan egitaraua behar bezala garatu zen. Hala ere, udaletik azaldu dutenez, "plaza nagusia babesteko heldu den urterako zerbait pentsatu beharko dugu". Horretaz aparte, udalak nabarmendu du, berak dakiela behintzat, aparteko intzidentziarik ez dela izan festetan.
Kiroletan,
Herri kiroletan, Ane Zestau txapeldun emakumezkoen San Fermin Harri Jasotze Torneoan. Sakanako Harri Jasotze eskolako barañaindarrak 2.812 kilo jaso zituen. Sanferminetako Herri Kirol Feriak ikuskizun ederra eskaini zuen uztailaren 8an. Emakumezkoen San Fermin Harri Jasotze Torneoan bi harri desberdinekin, 63 kiloko zilindroa eta 50 kiloko bola, bi minutuko txandak egin zituzten harri jasotzaileek. Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den Barañaingo Ane Zestauk lan bikaina egin zuen. Zilindroari 24 altxaldi egin zizkion, eta bolari 26, guztira 2.812 kilo jasoaz. Txapeldun handia izan zen, Alba Zubiriaren (2.786 kilo), Isabel L. Vivesen (2.221 kilo) eta Sakanako eskolan bidaide duen Maika Iraizozen (1.169 kilo) aurretik. Nafarroako Trontza Txapelketetan, gizonezkoetan, Arraizko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias izan ziren txapeldunak, etzanda jarritako kanaerdikoari hamalau epai eta zutik jarritakoari lau epai 9:41 minututan eginda. Bigarrenak Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena izan ziren, eta hirugarrenak Urritzolako Aritz Legarrea eta Aizarotzeko Jon Etxeberria (25:56). Emakumezkoetan ez zen sakandarrik lehiatu. Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroca izan ziren txapeldunak, etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai 5:54 minututan egin eta gero.
Herri kiroletan, Ioan Goikoetxeak eta Eñaut Oiarbidek Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketari ekingo diote Iruñeko Foruen plazak txapelketako kanporaketa hartuko du gaur eguerdian. Gaur, uztailak 9, Nafarroako III. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatuko da sanferminetako herri kirol jardunaldiaren barruan. Guztira hamaika aizkolarik parte hartuko dute, tartean bi sakandarrek: Ioan Goikoetxeak eta Eñaut Oiarbidek. Haiekin batera Iker Goldarazena, Mikel Santesteban, Julen Urrutia, Markel Iturralde, Beñat Senosiain, Ander Etxeberria, Xabier Mitxelana, Urko Erice eta Unai Valverde lehiatuko dira. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte. Ondoren, Nafarroako Ingude Txapelketaren txanda izango da. Emakumezkoetan, Sakanako Harri Jasotze Eskolako Maika Iraizozek hartuko du parte, Maika Ariztegi, Leire Arraztoa, Iranzu Fierro, Leire Etxeberria eta Irune Biurrunekin. 9 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko diete minutu eta erdian. Bihar, Kadete Mailako Trontza Txapelketa eta proba konbinatuak. Uztailaren 10ean, osteguna, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatuko da. Guztira zortzi bikotek hartuko dute parte, tartean Andra Mariko hiru bikotek: Jokin Campos eta Adur Lizarraga, Jon Orella eta Aner Artieda, eta Aizeti Agirre eta Malen Izagirre. Haiekin batera beste bikote hauek lehiatuko dira: Egoi Doncel eta Iker Urmeneta (Antsoain), Lander Flores eta Malloa Galarza (Araxes), Danel Urtxegi eta Xuban Magaña (Igantziko Biltoki), Eider Urrutia eta Oier Migeltorena (Basaburua) eta Eñaut Oteiza eta Adei Usandizaga (Basaburua). Ondoren proba konbinatu erakustaldia izango da. Kimuen mailan, Andra Mari, Basaburua, Igantzi eta Paz de Ziganda lehiatuko dira, haurren mailan Antsoain-Malkaitz, Basaburua eta Igantzi, eta kadete mailan Antsoain, Araxes eta Basaburua.
Pilotan, San Fermin Torneoa: Ezkurdia-Martija Etxeberria-Zabaletaren kontra. Ezkurdiak eta Martijak irabazi beharra dute txapelketan aurrera jarraitu ahal izateko. San Fermin Pilota Torneoaren barruan bi trenek talka egingo dute gaur, uztailaren 9an, 22:15ean, Iruñeko Labriten: Joseba Ezkurdiak eta Martijak, batetik, eta Pello Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak, bestetik. Ezkurdia eta Martija lehen jardunaldian Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra 19-22 galtzetik datoz. Hortaz, finaletan egoteko aukera izateko lehenik eta behin Etxeberria eta Zabaleta mendean hartu beharko dituzte, 4 tantoren aldearengatik gutxienez. Etxeberria eta Zabaletak gaur mustuko dute txapelketa eta ez dizkiete gauzak erraztuko. Hortaz, ikuskizun handia espero da Labriten, bi trenen arteko talka.
Txirrindularitzan, Iker Gomez eta Ekain Imaz, Madrilgo Vueltan. 23 urtez azpiko bost egunetako proban, Iker Gomez afizionatuen mailako Kern Pharma taldean lehiatzen ari da, eta Ekain Imaz Espainiako junior mailako selekzioarekin. 23 urtez azpiko Madrilgo Vuelta uztailaren 8an hasi eta 12an despedituko da. Bost etapako proban lehiatzen ari dira Iker Gomez Lopez de Goikoetxea txirrindulari afizionatu altsasuarra (Kern Pharma), eta Espainiako junior mailako selekzioarekin lehiatzen ari den Ikain Imaz altsasuarra, Danena Tolosa taldekoa. Uztailaren 8an Valdemorillon jokatutako lehen etapan (113,2 km) tropela batera iritsi zen helmugara, eta esprintean Diego Gutierrez gailendu zen (2:29:52). Ekain Imaz (Espainiako selekzioa) 94. sailkatu zen, Iker Gomez 99. Gaur, uztailak 9, bigarren etapa dute jokoan, Alcala de Henaresen, 139,9 km-ko proba. Telemadridek zuzenean emango du 14:30ean abiatuko den lasterketa.