Eguneko albisteak

Uztailaren 10eko albisteak

Guaixe Irratia 2025eko uztailaren 10a
Eguneko albisteak Guaixe irratian:

Sakanerrian,

Irurtzun, Akaborroko pabiloietan solairuarteak sortzeko aukera dago. Udalak hirigintza planean beharrezkoa den aldaketa egin du. Irurtzungo Udalak Akaborro industrialdeko hirigintza plana aldatu du. Aldaketa horrekin industrialde horretan dauden enpresek beraien pabilioietan solairuarteak eraikitzeko aukera izanen dute. Beraz, pabilioien eraikigarritasuna handitu daiteke horrela, antolamendua eta erabileren erregulazioa aldatu gabe. Hori bai, solairuartea eraikitzen duenak ezin izanen du kanpoko bolumenik aldatu. Industrialdean bertan autoen kontzesioak eta tailerrak, herri-lanen mantentze-lanak, bulego teknikoak, garraioak, logistikoak eta abar ezarri dira dagoeneko. Hori kontuan izanik eman du pausoa udalak. Gaineratu duenez, “industrialdeen eta zerbitzu poligonoen arteko aldea lausoa da, eta gaur egun egokiagoa da jarduera ekonomikoetarako poligonoen izendapena”. 

Ergoienako Udalak euskara ikasteko laguntzak emanen ditu. Hori arautzen duen ordenantzak hasierako onarpena jaso du. Ergoiengo Udalak, 2025eko ekainaren 17an egindako osoko bilkuran, Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantza onestea erabaki zuen. Araudi berria udaletxeko iragarki taulan jarri eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu du eta jendaurrean egonen da agorrilaren 13ra arte. Bizilagunek eta bidezko interesa dutenek epe horren barruan espedientea aztertu dezakete eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete. Epe hori pasata inork ez badu erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat joko da ordenantza.

Kontribuzioa ordaintzeko garaia Iturmendin. Lehen seihilabetekoa kobratuko du udalak. Iturmendiko Udalak jakinarazi du aurtengo lur eta hiri kontribuzioaren lehen seihilabetekoari dagokiona ordaintzeko garaia dela. Udalaren ordainagiriak helbideratuta dituztenei kontu korrontean zenbatekoa garileko lehen hamabostaldian kargatuko die. Udalaren ordainagiriak helbideratuta ez dituztenek hilabeteko epea dute zerga pagatzeko. 

Poliziak tona bat haxix atzeman zuen Irurtzunen. Frantziako eta Espainiako polizien drogaren kontrako operazio baten barruan izan zen. Haxixa Terueldik Frantziara garraiatzen ari zirela atzeman zuten. Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, haxix tona bat garraiatzen zuen konboi bat Irurtzun parean atzeman zuten garagarrilaren 23an. Bost pertsona eta 23 haxix fardel atzeman zituzten. Zeus operazioaren barruan egindako atxiloketak izan ziren. Poliziak adierazi duenez, operazioaren bidez “Espainian eta Frantzian droga-trafikoan aritzen den nazioarteko sare kriminal bat desegin dugu”. Guztira, 17 pertsona atxilotu dituzte eta 15 espetxeratzeko agindua eman dute.Ikerketa martxoan hasi zen, Bordeleko Drogaren Aurkako Bulegoko (OFAST) agenteek 35 haxix fardel zeramatzan kamioi espainiar bat geldiarazi zutenean. Aurkikuntza horri esker, ikertzaile frantsesek Espainiatik estupefaziente kopuru handiak sartzen zituzten herritar frantsesek osatutako sare kriminal bat aurkitu zuten. Bi poliziek elkarlanean ikertu zuten eta jakin zuten erakundeak Teruelgo Azaila herrian zuela erakundeak droga biltzeko eta banatzeko gune nagusia, etxe bat. 

Kiroletan, 

Pilotan, Etxeberriak eta Zabaletak Ezkurdia eta Martija San Fermin torneotik kanpo utzi dituzte. Partida borrokatuan, 18-22 gailendu ziren Peio Etxeberria eta Zabaleta, eta finalerako txartela Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra dute jokoan. Aurreikusi moduan, San Fermin Torneoko Ezkurdia-Martijaren eta Peio Etxeberria-Zabaletaren artekoa bi trenen talka izan zen. Partida oso gogorra jokatu zuten bi bikoek. Ezkurdiak eta Martijak Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra galtzetik zetozenez, irabazi beharra zuten, eta Peio Etxeberriak eta Zabaletak irabaziz hasi nahi zuten torneoa. Ezkurdiak eta Martijak partida ona jokatu zuten. 17-8 jarri ziren aurretik, sendo jokatuz. Baina azken txanpan ahuldu ziren, eta testuinguru horretan Peio Etxeberriak eta Zabaletak euren aukera ikusi zuten. Takada izugarriari esker, berdintzea, eta 18-22 gailentzea lortu zuten. Ezkurdia eta Martija San Fermin torneotik kanpo geratu dira, baina baldintzak ez dira berdinak. Lau egunetan hiru partida jokatu dituzte, aurretikoa eta torneoko biak, eta hori gehiegizkoa den ongi aztertu beharko dute enpresek. Peio Etxeberria-Zabaletak eta Urrutikoetxea-Albisuk uztailaren 11n jokatuko duten partidan erabakiko da bietako nor sailkatzen den uztailaren 14ko final handirako. 

Herri kiroletan, Ioan Goikoetxeak eta Eñaut Oiarbidek aurrera egin dute Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketan.
Hurrengo kanporaketa abuztuaren 15ean jokatuko dute, Arantzan. Uztailaren 9an Nafarroako III. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatu zen, sanferminetan. Guztira hamaika aizkolarik  parte hartu zuten parte, tartean bi sakandarrek: Ioan Goikoetxeak eta Eñaut Oiarbidek. Bi kanaerdiko erdibitu behar izan zituzten. Julen Urrutia izan zen azkarrena (5:35), Beñat Senosiainen (6:46), Xabier Mitxelenaren (7:15), Ioan Goikoetxearen (7:23) eta Eñaut Oiarbideren (8:40) aurretik. Ioan Goikoetxea eta Eñaut Oiarbide abuztuaren 15ean Arantzan jokatuko den kanporaketarako sailkatu dira. Atzetik Unai Valverde (8:55), Iker Goldarazena (9:01), Mikel Santesteban (9:51), Urko Erice (10:06), Markel Iturralde (10:31) eta Ander Etxeberria (13:31) sailkatu ziren. Iraizoz, ingudean txapeldunorde. Ondoren, Nafarroako Ingude Txapelketaren txanda izan zen. Emakumezkoetan, Sakanako Harri Jasotze Eskolako Maika Iraizozek hartu zuen parte, Maika Ariztegi, Leire Arraztoa, Iranzu Fierro, Leire Etxeberria eta Irune Biurrunekin. 9 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko zieten minutu eta erdian. Maika Ariztegi gailendu zen, 91 altxaldirekin, Maika Iraizozen aurretik (86 altxaldi). Herri kiroletan, Andra Mariko hiru bikote Kadete Mailako Nafarroako Trontza Txapelketan. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egin beharko dizkiote.Uztailaren 10ean, osteguna, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatuko da Iruñeko Foruen Plazan, 12:00etatik aurrera. Guztira zortzi bikotek hartuko dute parte, tartean Andra Mariko hiru bikotek: Jokin Campos eta Adur Lizarraga, Jon Orella eta Aner Artieda, eta Aizeti Agirre eta Malen Izagirre. Haiekin batera beste bikote hauek lehiatuko dira: Egoi Doncel eta Iker Urmeneta (Antsoain), Lander Flores eta Malloa Galarza (Araxes), Danel Urtxegi eta Xuban Magaña (Igantziko Biltoki), Eider Urrutia eta Oier Migeltorena (Basaburua) eta Eñaut Oteiza eta Adei Usandizaga (Basaburua). Etzanda jarritako enborrari 10 epai egin beharko dizkiote. Proba konbinatuak. Ondoren proba konbinatu erakustaldia izango da. Kimuen mailan, Andra Mari, Basaburua, Igantzi eta Paz de Ziganda lehiatuko dira, haurren mailan Antsoain-Malkaitz, Basaburua eta Igantzi, eta kadete mailan Antsoain, Araxes eta Basaburua. Bihar, gizonezkoen Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan. Sanferminetako herri kirol programazioaren barruan, uztailaren 11n, ostiralarekin, Nafarroako Emakumezkoen Aizkora Txapelketa eta Nafarroako Gizonezkoen Harri Jasotze Txapelketa jokatuko da. Azken honetan Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den Oskar Aguas berriozartarra lehiatuko da, Albaro Zugarrondorekin, Josetxo Urrutiarekin eta Iñigo Gonzalezekin batera. Hiru harri desberdinekin (125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin) bi minutuko txandak egingo dituzte. Oskar Aguasek uztailaren 13an jokatuko den Nafarroako Gizonezkoen Gurdi Altxatze Txapelketan parte hartuko du.