Eguneko albisteak

Uztailaren 14ko albisteak

Guaixe 2025eko uztailaren 14a
Eguneko albisteak Guaixe irratian:

 

Sakanerrian, 

Altsasuk oniritzia eman die 2024ko kontuei.  Ia 985.000 euroko balioa duten inbertsioak egin zituen. Udalak duen gerakina  5.012.020,56 eurokoa da. Altsasuko Udalak joan zen urteko diru kontuak itxi eta onartu zituen garagarrileko udal bilkuran. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu zuenez, 1.929.745,15 euroko emaitza izan zen eta inbertsioetara ia 985.000 euro bideratu zituen udalak. Inbertsio horiek egiteko batzuetan udalak dirulaguntzak lortu zituen. Alkateak jakinarazi zuenez, gastu orokorretarako diruzaintzako 5.012.020,56 euroko gerakina eman zuten. Hala ere, diru kopuru horri hainbat inbertsiok eragiten diote: biltegitik herrigunera bitarteko hornidura sarea berritzea, baso pistak konpontzea, kaleak hobetzea, Ondarria industrialdea hobetzeko obren azken fasea eta udaletxea eraberritzea. Ollok gogoratu zuen udalak ez duela diru sarrera iturri garrantzitsurik. Horregatik alkateak nabarmendu zuenez, "kontu horiei esker, Udalak inbertsio asko egin ahal izango ditu, osorik edo partzialki finantzatuta, eta eskaintzen dituen zerbitzu publiko guztien iraunkortasuna eta mantentzea bermatu ahal izango ditu". Udal teknikariek arlo horretan egindako lana aitortu zuen alkateak. Horren harira, 2023tik zergak, tasak eta prezio publikoak izozteko politika fiskala azpimarratu zuen. Geroa Bairen aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu ziren 2024ko kontuak. EH Bilduko bozeramaile Juango Goikoetxea San Romanek azpimarratu zuenez, "2024an onartutako aurrekontua 7.663.373 euroa zen, baina kontuen itxieran aurrekontua 18.478.418 eurokoa da". Beikolar, Dermau eta Lezaldeko hirigintza-sektoreak gehitu zirela igo zen kontuen zenbatekoa 10,5 milioi euro. "Kontabilitateko anomalia izugarria da, eta konponbidean lagundu nahi dugu. Kontuen desfase horri konponbidea emateko pausoak ematen ari da udala eta horregatik abstenitu eginen gara", adierazi zuen.
 
Altsasuarrak Erkudengo ermitan.  Erromeria izan zen. Erkudengo Amaren irudia hilaren 2az geroztik elizan izan da. Bederatziurrena despeditu ondoren altsasuarrek bueltan ermitara eraman zuten. Oinez egin zuten ermitara arteko hiru kilometroak. Behin hara iritsita elizkizuna izan zen. Mezaren ondoren Ama Birjina Erkudengoa kanta abestu zuten. Eta haren ondoren gosaldu egin zuten. Ermitaren zaintzaz arduratzen den Belen Rubiok joandakoei ogia, gazta eta ardoa eskaini zien. Beste hainbatek beraien ogitartekoak eraman zituzten. Gosaldu ondoren, ermita pareko plazan, txistularien doinura, zortzikoak dantzatu zituzten. 


Etxarri Aranatzen, Kuadrillen eguneko bazkariko txartelak salgai. Festetako astelehenean izanen da bazkaria.  Agorrilaren 4an, astelehena, 15:00etan Etxarri Aranazko plazan kuadrillen bazkaria eginen da. Han bazkaldu nahi duenak dagoeneko txartelak eskuratzeko aukera du. Horretarako Xapatero tabernatik pasa beharko du. Helduen bazkarirako txartelak 25 euro balio ditu eta haurrenak 15 euro. Antolatzaileek gaztigatu dutenez, zeliako eta begetarianoendako menu aukera ere izanen da. Bazkarian parte hartzeko beste modu bat da kuadrilla bakoitzak bere jatekoa mahaiak eta aulkiak eramatea. 

 

Kiroletan, 

Mendi lasterketetan, Olatz Azazeta Pelaez, Goierriko Bi Handien txapelduna. Korrikalari altsasuarrak 13 ordu pasa behar izan zituen 80 km-ak osatzeko, eta alde handiz gailendu zen, Raffaella Ciavolari ia hiru ordu laurden atera baitzizkion. Mendi korrikalariak Beasainen bildu dira asteburuan, Ehunmilak lasterketa jokatu baita bertan. Prob nagusia Ander Gerrikaetxebarriak (15:04:06) eta Maria Victoria Solerrek (21:52:13) irabazi zuten, baina 80 km zituen Goierriko Bi Handiak lasterketak protagonista sakandarra izan zuen, Olatz Perez Azeta altsasuarra ikusgarri aritu baitzen, proba irabaziz (13:48:53). Raffaella Ciavola bigarrenari ia hiru ordu laurden atera zizkion (14:32:15). Gizonezkoetan Ander Iñarra gailendu zen (10:42:43).

Txirrindularitzan, Iker Gomez, bigarren 23 urtez azpiko Madrilgo Vueltako azken etapan. Alcobendasen jokatutako bosgarren etapako erlojupekoan bigarren sailkatu zen altsasuarra. 23 urtez azpiko Madrilgo Vuelta uztailaren 8tik 12ra jokatu zen. Bosgarren eta azken etapan 11,6 km-ko erlojupekoa zegoen jokoan. Euskadi Fundazioko Yago Agirre izan zen azkarrena (13:41), baina oso gertu Kern Pharmako Iker Gomez altsasuarra zuela (13:46). Sailkapen orokorra aintzat hartuta, Euskadi Fundazioko Samuel Fernandezek irabazi du Madrilgo Vuelta (12:10:59, Kern Pharma taldeko Ismael Goñiren aurretik (12:11:23). Iker Gomez 27. sailkatu zen (12:17:01), eta Espainiako junior selekzioarekin parte hartu duen Ekain Imazek 49. postuan bukatu zuen (12:27:38). 

Pilotan, Irurtzun, Nafarroako Herrien Arteko txapelduna. Leitza irabazita denboraldi itzela borobildu du talde sakandarrak. Nafarroako Herrien Arteko 55. Txapelketa jokatu zuten uztailaren 13an Leitza eta Irurtzun klubek. Irurtzunek bere lehen herrien artekoa lortzeko ilusio handia zuen, eta Miguel Berazak zuzentzen duen klubak ez du huts egin, Leitzaren kontra nagusi izan baitzen. Giro ederra egon zen Labriten, eta finalak zaletu ugari erakarri zituen Bombonerara. Kadeteen mailako partidan Leitzako Baleztenak eta Zubillagak 22-11 hartu zituzten mendean Irurtzungo Laso eta Razkin. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak eta Irurtzungoak 8-9 egon ziren aurretik, baina leitzarrek kontrola hartu eta erraz gailendu ziren. Jubenilen arteko finala oso estua izan zen. Sagastibeltza-Alkorta (Leitza) eta Okiñena-Huarte (Irurtzun) nor baino nor aritu ziren. Lehen zatiko parekotasuna eta gero, zortzinako berdinketaren ondoren, irurtzundarrak aldea hartzen hasi ziren, 8-17 aurreratu arte, baina leitzarrek ez zuten partida galdutzat eman eta 18ra berdintzea eta 21-18 aurretik jartzea lortu zuten. Azken txanpa ikaragarrian irurtzundarrek bikain erantzun zuten, eta erremontatzea eta 21-22 irabaztea lortu zuten. Banako berdinketarekin, senior mailako partidak erabaki zuen. Ongayk eta Azpirozek osatu zuten Irurtzungo bikotea, eta ez zieten aukerarik ñimiñoena eman Leitzako Txoperenari eta Goikotxeari. Euren gainetik pasa ziren, 2-22 irabazita. Irurtzunek historia egin du, lehenengoz irabazi baitu Nafarroako Herrien Artekoa. Horrela, Irurtzun Herrien Arteko txapeldunen klubean sartu da, Altsasu, Oroz Betelu, Leitza, Larraun, Bera, Goizueta, Lizarra, Iruñea, Uharte Arakil, Baztan, Huarte Iruñea eta Donezteberekin batera. Euskal Herriko Herrien Artekora. Nafarroako Herrien Artekoa irabaztearekin batera, Irurtzunek Euskal Herriko Herrien Arteko Txapelketarako txartela lortu du. Finalerdietan Bizkaiko Markina-Xemein izango du aurkari, eta txapeldunak finala jokatuko du Gipuzkoako Oiartzunen kontra. Oiartzunek Aguraini irabazi zion finalerdian. 

Pilotan, Urzante desafioa, Baikorendako. Jokoan zeuden hiru partidetan gailendu ziren Bilboko enpresako pilotariak, tartean Joanes Bakaikoa. San Fermin Pilota Feriaren barruan uztailaren 13an Urzante Olioaren desafioa hartu zuen Labrit pilotalekuak. Aspepelota eta Baikoko pilotariek hiru partida jokatu zituzten, eta hirutan Baikokoak gailendu ziren. Lau eta erdian Iñaki Artolak Aitor Elordi hartu zuen mendean, 14-18; binaka, Jakak eta Albisuk 17-22 irabazi zieten Binakako txapeldunei, Ezkurdiari eta Rezustari; azkenik, buruz buru, Joanes Bakaikoa argi gailendu zen Aldaberen kontra, 18-4. Hortaz, Urzanteren olio botilek Bilboko bidea hartuko dute. 

Pilotan, Zabaleta eta Etxeberria, San Fermin torneoaren bila. Uztailaren 14ko final gogorrean Peña eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari. Jotzaile handien final estua espero da. San Fermin Pilota Torneoko finala jotzaile handien artekoa izango da. Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, batetik, eta Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena, bestetik. Uztailaren 14an 17:30ean Labrit beteko duten pilotazaleek kanoikada handiak espero dituzte. Sanferminak despeditzeko amaierako traka bikaina.

Herri kiroletan, Oskar Aguasendako bi txapela. Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den berriozartarrak gizonezkoen Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa eta Gurdi Altxatze Txapelketa irabazi ditu. Aurtengo sanferminak ederrak izaten ari dira Sakanako harri Jasotze Eskolan trebatzen den Oskar Aguas berriozartarrarendako. Uztailaren 11n gizonezkoen Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan oso erraz gailendu zen, hiru harri desberdinekin bina minutuko txandak eginda guztira 5.237,5 kilo jaso zituelako. 125 kiloko zilindroari 19 altxaldi egin zizkion, 112,5 kiloko kubikoari 13 eta 100 kiloko bolari 14. Bigarren sailkatutako Josetxo Urrutia leitzarrak 3.512,5 kilo jaso zituen, Albaro Zugarrondo iruindarrak 3.337,5 kilo eta Lizarrako Iñigo Gonzalezek 2.737,5 kilo. Uztailaren 13an gizonezkoen Nafarroako Gurdi Altxatze Txapelketa jokatu zen. Atzeko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, gurdiari ahalik eta bira gehien eman behar zizkieten herri kirolariek. Oskar Aguasek bi buelta eta erdi eman zizkion orgari, bere txapela berrituz. Bigarrena, Unai Bertiz, bi metro eta erdira geratu zen. Albaro Zugarrondok bi buelta eta laurden eman zizkion gurdiari, eta Alejandro Fernanezek ia bi itzuli. 

Trontzan, Jokin Campos eta Adur Lizarraga, Nafarroako Kadete Mailako Trontza txapeldunak. Andra Mari ikastolako bikotea 10 epaiak egiten azkarrena izan zen, alde handiz. Uztailaren 10ean Nafarroako Kadete Mailako Arpana Txapelketa jokatu zen sanferminetan. Zazpi bikote zeuden izena emanda txapelketan, tartean Andra Mari ikastolako hiru bikote: Jokin Campos-Adur Lizarraga, Jon Orella-Aner Artieda eta Aizeti Agirre-Malen Izagirre. Guztiek etzanda jarritako metroko enborrari 10 korte edo epai egin behar izan zizkieten. Jokin Camposek eta Adur Lizarragak hartu zuten aurrea hasieratik. Lan guztiak egiteko 6:08 minutu behar izan zituzten, eta alde handiz gailendu ziren, Basaburuako Oier Migeltorenari eta Eider Urrutiari 47 segundo atera baitzizkioten (6:55). Basaburuako Eñaut Oteizak eta Adei Usandizagak osatu zuten podiuma (6:56). Jon Orella eta Aner Artieda bosgarren sailkatu ziren (7:29), eta Aizeti Agirre eta Malen Izagirre zazpigarren (12:54). Andra Mari ikastolak kimuen mailako herri kirol proba konbinatuan parte hartu zuen. 

Motozerran, Mikel Lasarte, XXV. San Fermin Motozerra Sariaren bila. Iaz txapelduna izan zen eta duela bi urte lortutako txapela berritu nahi du Lasartek.Urte askotan Sakanako Harri Jasotze eskolako buru izandako Mikel Lasartek hitzordua du uztailaren 14ko eguerdian Iruñeko Foru plazan. XXV. San Fermin Motozerra Saria dago jokoan, eta duela bi urte lortu eta iaz galdutako txapela berreskuratu nahi du. Irurtzunen bizi den azpiroztarrarekin batera Azkoiengo Juan Asin, egungo txapelduna, eta Amaia Conde iruindarra lehiatuko dira. 30 minutuko bi txandatan irudi bana egin beharko dituzte. Maika Iraizoz, txingekin. Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den Maika Iraizoz zenoztarrak Nafarroako Emakumezkoen Txinga Txapelketan parte hartuko du uztailaren 14an, Garazi Azkoaga, Iranzu Fierro eta Esti Gastearena txingalariekin batera. Esku banatan 25 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egitea dute jokoan. Plazak 28 m neurritzen ditu.