Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Uharte Arakilen, Frontoia zaharberritzeko lanak eman nahi dituzte Uharten. Hainbat konponketa, egokitzapen eta hobekuntza lan egin behar dira teilatuan eta argiterian. Uharte Arakilgo Udalak Larrabieta frontoian egin beharreko lanak emateko deialdia egin du. Lanek 144.033,87 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Kontratua bereganatu nahi duen enpresak bere eskaintza garilaren 24 12:00ak arte aurkez dezake. Obra bere egiten duenak 84 egun izanen ditu egitekoak despeditzeko.
Lakuntzan, Euskarazko oinarrizko ikastaroa Lakuntza. Ikastaroa udazkenean izanen da. Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak Lakuntzan euskara ikasteko oinarrizko ikastaroa antolatuko du. Ikastaroa lastailetik abendura izanen da. Astean bitan izanen dira klasean, goizez, baina ordutegia molda daiteke. Oinarrizko euskara ikastaro horretan izen emateak bost euro balio du. Izena eman nahi duenak, edo informazioa jaso nahi duenak, 948 464 840 edo 648 070 710 telefono zenbakietara hots egin edo euskara2@sakana-mank.eus edo anitzartean@sakana-mank.eus e-posta helbideetara idatz dezake.
Etxarriko festetarako langileak behar dira. Zezensuzkoa eta buruhandiak eramanen dituzten pertsonak behar dira. Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, festetan eta ferietan zezensuzkoa eramanen duen pertsona bat behar du. Ezinbesteko baldintza da adinez nagusia izatea. Bestalde, herriko bi ospakizun horietan buruhandiak eramateko 12 urtetik gorako pertsonak behar ditu udalak, bai festetan bai ferietako eguerditan buruhandiak aterako dituztenak. Bi deialdietako batean interesa duenak hilaren 23ko 13:00ak arte du izena emateko. Buruhandien eramaileen kasuan izena emanen dutenekin, txandak moldatzeko bilera, garilaren 24an, ostegunean, 12:00etan eginen da udaletxeko 2. solairuan.
Kiroletan,
Pilotan, Etxeberria eta Zabaleta, txapeldun. San Fermin Torneoa irabazi zuten, akats ugari egin zituzten Peña eta Mariezkurrena 11 tantotan utzita. Etxeberriak eta Zabaletak merezimendu osoz irabazi zuten San Fermin Torneoa, Peña eta Mariezkurrena baino askoz ere gehiago izan zirelako. Final oso estua espero zen, bi atzelari handiren talka, baina, tamalez, ez zen hala gertatu, Baikoko bikoteak akats ugari pilatu zituelako, bereziki. Eta hasieratik, gainera. Lehen urratsetan atzelariak ez ziren oso eroso ibili. Mariezkurrena hasi zen agintzen, baina launako berdinketaren ondoren apurtu zen partida. Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak erregularrago jokatu zuten, eta erritmoa bizkortu zuten, Peña eta Mariezkurrena gehiago endredatuz. Horrela, Baikokoek akatsak bata bestearen atzetik pilatu zituzten, eta ezin izan zuten partidan sartu. Atzeko koadroetan Zabaleta nagusitu zen; Mariezkurrena oso gutxitan izan zen Zabaleta baino gehiago. Eta aurreko koadroetan, antzeko; Peña ez zen fin ibili, eta Etxeberria, aldiz, eroso aritu zen. Horrela, urdinek alde polita atera zuten bere maila ematen ez zuten Peñaren eta Mariezkurrenaren aurrean, eta zuzenean joan ziren 4-13ra. Hortik aurrera ildo beretik jarraitu zuen finalak. Peña eta Mariezkurrena -16 hurbildu ziren, baina erreakzioak ez zuen gehiagorako eman. Etxeberriak eta Zabaletak 2021ean San Fermin Torneoa irabazi zuten, 2024an Binakakoa, eta konexioak bizi-bizi jarraitzen duela argi geratu zen Labriten. Azkenean, 11-22 irabazita, merezitako garaipena lortu zuten, eta trofeo preziatua, San Fermin Torneoa. 2025ekoarekin, Zabaletak bere hirugarren San Fermin torneoa lortu du. Pilotari onenaren saria Etxeberriarendako izan zen. “Peiok merezi du, berak jaso du partida. Hasieran ez naiz ongi sentitu, nekatu antza nengoen, eta Peiok izugarri lagundu dit” azaldu zuen Etxarrengo atzelariak. Atzeko koadroetan bermea dela erakutsi zuen, beste behin, Zabaletak, eta berari irabaztea ez dela erraza. Soilik tanto bat galdu zuen. Mariezkurrenak, aldiz, 5 tanto. Sanferminetako jaialdi guztien batura eginda, jokatutako 20 partidetatik 15 Baikok irabazi ditu, eta 5 Aspek. Beraz, San Fermin Torneo preziatua irabazteak airea eman dio Eibarko promotorari. B Seriea. B Serieko txapelketako finalean Jakak eta Ugartemendiak 22-14 irabazi zioten Agirreri eta Eskirozi. Jaka izan zen finaleko onena.
Txingak, Maika Iraizoz, txingatan txapeldunordea. Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den zenozdarrak 12 plaza pasa osatu zituen Nafarroako Emakumezkoen Txinga Txapelketan. Sanferminetako herri kirol programazioaren azkeneko egunean, uztailaren 14an, txingak eta motozerrak izan ziren protagonista. Emakumezkoen Nafarroako Txinga Txapelketan, Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den Maika Iraizoz zenoztarrak parte hartu zuen, Garazi Azkoaga, Iranzu Fierro eta Esti Gastearena txingalariekin batera. Esku banatan 25 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egitea zuten jokoan. Plazak 28 m neurritzen zituen. Esti Gastearenak ez zuen areriorik izan, eta 20 plaza eta 6,95 m osatu zituen txingekin. Maika Iraizoz bigarren izan zen, 12 plaza, heren bat eta 1,52 m osatuta. Beraz, txapeldunordea dugu.
Motozerran, Mikel Lasartek motozerra txapelketako txapela berreskuratu du. Juan Asinen eta Amaya Conderen irabazi zuen Nafarroako San Fermin Motozerra Saria. Gutxira arte Sakanako Harri Jasotze Eskolako arduradun eta monitore zen Mikel Lasartek XXV. San Fermin Motozerra Saria izan zuen jokoan uztailaren 14an, Iruñean. 30 minutuko bi txandatan irudi bana egitea zegoen jokoan, eta Lasartek joan zen urteko txapeldun Juan Asin eta Amaia Conde izan zituen aurkari. Lehen tartean Mikel Lasartek hontza egin zuen, eta bigarrenean eguzkia. Epaimahaiaren iritziz bere lanak finenak izan ziren, eta, horrela, txapeldun izendatu zuten. Duela bi urteko txapela berreskuratu zuen Irurtzunen bizi den azpirozdarrak. Bigarrena Juan Asin sailkatu zen, arraultz batetik ateratzen den dordoka eta arraina irudiekin, eta hirugarrena Amaia Conde, lehenean esku bat egin zuen sanfermin zapia heltzen, eta bigarrenean bigarren eskua.
Pilotan, Mastersa Altsasura helduko da. Ezkurdia-Iztuetak eta Larrazabal-Rezustak CaixaBank Masterseko A Serieko final laurdenetako ligaxkako partida jokatuko dute abuztuaren 1ean Burunda pilotalekuan. San Fermin Feria bukatuta, CaixaBank Mastersaren txanda da. Altsasuk pilotaren aldeko apustuarekin jarraitzen du. Horrela, abuztuaren 1ean, ostiralarekin, CaixaBank Masterseko jaialdia hartuko du Burunda pilotalekuak, 21:15ean. Lehenik eta behin B Serieko final laurdenetako ligaxkako partida jokatuko da. Zubizarreta III.ak eta Bikuñak Senar eta Tolosa izango dituzte aurkari. Segidan, A Serieko final laurdenetako ligaxkako partidaren txanda izango da. Ezkurdiak eta Iztuetak Larrazabal eta Rezusta izango dituzte aurkari. Sarrerak salgai daude Entradasfronton webgunean.
Areto Futbolean, Ligeirok Osasuna Magna Xota utzi du eta Jhonatan Linhares bueltan da. El Pozo Murciak jokalari brasildarraren klausula ordaindu du. Linharesek Cartagena utzi du eta talde berdera batu da. Osasuna Magna Xotan mugimenduek ez dute etenik. Azken berria, ordea, ez da ona. Gabriel Ferrira Sntos “Ligeiro” jokalari brasildarrak taldea utziko du, El Pozo Murciak haren klausula ordaindu eta gero. Talde irurtzundarrak iaz fitxatu zuen Ligeiro, eta denboraldi bikaina egin zuen. Beraz, hura ordezkatzeko lanetan murgilduta dago Tatono Arregi buru duen klubak. Xotak onena opa dio Ligeirori. “Azken urtean klubarekin izan duen konpromisoa eskertu nahi diogu, eta etorkizuneko erronketan zorterik onena opa diogu”. Linharesen buelta. Batzuk joan, eta besteak etorri. Jhonatan Linharesek Osasuna Magna Xotara bueltatzea erabaki du, hurrengo bi denboraldietarako. Jokalari brasildarrak 2024an utzi zuten talde berdea, Jimbee Cartagenara joateko. Linhares ligako txapelduna izan da Cartagenarekin, baina talde murtziarrarekin ibilbidea banatu du, eta Xotara itzultzea erabaki du. Datorren bi denboraldietarako fitxatu du Linharesek. “Bueltan nago! Denboraldi berria hasteko irrikaz nago, eta familia berdearen parte izateko gogotsu. Besarkada handi bat, laster ikusiko du elkar. Aupa Xota” azaldu du bideo bidez.