Eguneko albistegia Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Lakuntzan, Esaera zahar bilketa martxan. Lakuntzarrek bilketarekin bat egitera deitu dituzte. Aiaupenanik euskara taldeak Lakuntzako esaera zaharrak jaso nahi ditu. Horretarako laguntza eskatu die lakuntzarrei. Zehazki haiei eskatu die beraien inguruan (itxen, amiñei, aittunei, amai, eittei…) esaera zaharren inguruan galdetzeko. Jasotako esaera zaharren berri euskara taldeari jakinarazteko eskatu dute. Edo Lakuntza ze berri Facebook-eko taldean Aiaupuenanik egindako jakinarazpenean iruzkin moduan gehi daitezke esaera zaharrak.
Festetako harrera prestatzen Etxarrin. Haurrei banatzen zaien zapia ere jaso dezakete herrian erroldatuta ez daudenak. Etxarri Aranazko festak agorrilaren 2an hasiko dira. Festa egitarauko aurreneko ekitaldietako bat da joan zen urtean jaiotako umeei harrera egitea. Bakoitzari festetako ttattar bat oparituko die udalak 11:30etik aurrera. Etxarri Aranatzen erroldatuta ez daudenak baina herriarekin lotura duten haurrek ere ttattarra jasotzeko aukera izanen dute. Baina kasu horretan gurasoek bost euro ordaindu beharko dituzte. Interesa duenak garilaren 23ko 14:00ak arteko epea du izena emateko.
Bakaikuko festetako auzolanetan izena emateko aukera dago. Bakaikuarrek urtean behin auzolan bat egin beharra dute. Bakaikun festak behar bezala ospa daitezen hainbat lan egin behar dira. Bakaikuko Udalak festetako auzolanetan izena emateko deialdia egin du. Lau egiteko izanen dira: auzateetan ardoa banatzea, haurren jolasak antolatzea, eszenatokia muntatzea eta zezensuzkoa eramatea. Udalak gaztigatu duenez, "ideia eta proposamen gehiago jaso nahi genituzke". Horretara animatu ditu bakaikuarrak. Auzolan horietakoren bat egin nahi duenak izena emateko bost modu ditu: bakaiku.eus webguneaz, udalaren Whatsapp edo Telegram kontuetara (622 268 161) mezua bidaliz, partehartzea@bakaiku.eus posta elektronikora mezua bidaliz, udaletxeko idazkaritzan edo 948 562 509 telefono zenbakira hots eginez eta, azkenik, Ekhi Etxeberria edo Josetxo Kintanari esanez.
AHTko zundaketak “ez laguntzeko” deialdia egin dute. Bai lurjabeei bai udalei. Espainiako Gobernuak zundaketak Aralarren aurki hasiko zirela jakinarazi zuen joan zen astean. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea non lotuko diren zehazteko Aralarren zundaketak aurki hasiko direla esan zuen Jose Antonio Santano Garraio Estatu idazkariak garilaren 7an. Iragarpen horren aurrean, STOP AHT Zundaketak ekimeneko kideek lurjabeei eta udalei “ zundaketekin ez laguntzeko deialdia” egin diete. Azaldu dutenez, “gaurko zundaketak biharko suntsipena dira”. Era berean, ekimenetik udalei zuzendu zaizkie: “garrantzitsua iruditzen zaigu udalek Estatuko idazkariak aipatutako ‘aurreratuak’ eta ‘lankidetza onean’ izan omen dituzten elkarrizketen inguruan informatzea edota haiek gezurtatzea”. Aldi berean, udalak “animatzen ditugu AHT bezalako obra antiekonomiko, antiekologiko eta antisozialaren aurrean haien jarrera azal dezaten”. Azkenik, STOP AHT Zundaketak ekimenak Espainiako, Euskal Autonomia Elkarteko (EAE) eta Nafarroako gobernuei “exijitzen diegu zundaketak bortxaz egiteko asmoa aitortu eta bertan behera utz ditzatela”. STOP AHT Zundaketak ekimeneko kideen iritziz “trenbide zerbitzua oro har hondatzen ari den momentuan, Espainiako Gobernuak, EAEko eta Nafarroako gobernuen laguntzarekin, obra faraoniko horren alde egiten jarraitzen du, baita diru publikoa xahutzearen alde ere, eraikuntza enpresen onurarako, herritarren beharrak alde batera utziz”. Espainiako Gobernuak Aralarren zundaketak egiteko iragarpena “zentzugabe” dela nabarmendu dute, “erabat alferrikakoak eta haien kide politikoak pozik uzteko bakarrik balioko duten zundaketak baitira”. Ekimeneko kideek ohartarazi dutenez, “zundaketok aurrera eraman ahal izateko, makina astunak erabiliko dira, bideak erabiliko dira eta 300 metroko sakonerara irits daitezkeen zuloak egingo dira, ondare naturala eta karstikoa mehatxatuz”.
Kiroletan,
Pilotan, Zabaleta, sakandar bakarra Andra Mari Zuriaren Torneoan. Pilota txapelketa abuztuaren 5ean, 6an eta 8an jokatuko da, Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaietan. San Fermin feria bukatu berri, uztailaren 15ean Andra Mari Zuriaren Torneoa aurkeztu zuten Gasteizen. Sanferminetan B Serieko txapelketak harrera bikaina izan duenez, Gasteizen ere bi mailatan jokatuko da torneoa, A Seriean, lehen mailan, eta B Seriean, bigarrena. A Seriean Aspek bi bikote sendo aurkeztu ditu: Altuna III.a-Rezusta eta Zabala-Zabaleta. Baikorenak Artola-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II.a dira. Ezkurdia eta Martija baja dira. Aldiz, Zabaletak bere frontoi kuttunean jokatzeko aukera izango du, eta Zabala errioxarra izango du kide, ikusmina sortu duen bikotea. B Seriean ez dago pilotari sakandarrik. Dario-Eskuza, Murua-tolosa, Zubizarreta III.a-Eskiroz eta Alberdi II.a-Aranguren dira lehiatuko diren bikoteak. Hiru jaialditan erabakiko da guztia. Abuztuaren 5ean Artolak eta Albisuk Larrazabal eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari, finaleko txartela jokoan dutela. Abuztuaren 6an Altuna III.a-Rezustaren eta Zabala-Zabaletaren finalerdiak erabakiko du nor sailkatzen den finalerako. Finala uztailaren 8an jokatuko da, Ogetan.
Aizkoran, Altsasun jokatuko da Euskal Herriko Hirugarren mailako Aizkolarien kanporaketa. Abuztuaren 9an izango da, eta guztira hamabost aizkolari lehiatuko dira, tartean Oier Mitxelena, Aritz Oiarbide, Jon Erdozia eta Ioan Goikoetxea. Euskadiko Herri Kirol Federazioak Altsasuko Udalaren eta bestelakoen laguntzarekin antolatuta, abuztuaren 9an, larunbata, 12:00etan Euskadiko Hirugarren mailako Aizkolarien txapelketako kanporaketa jokatuko da Altsasun, Iortia Kultur Guneko zabalgunean. Guztira hamabost aizkolari lehiatuko dira, tartean lau sakandar: Oier Mitxelena altsasuarra eta Aritz Oiarbide, Jon Erdozia eta Ioan Goikoetxea etxarriarrak. Haiekin batera, Isidro Velasco, Xabier Gartzia, Anton Iacobuti, Unai Etxeberria, Marco Nevado, Xabat Olaizola, Txutxi Larrazabal, Kimetz Oñederra, Manuel Fraile, Ander Altuna eta Emilio Garcia ariko dira lanean. Aizkolari bakoitzak 54 ontzako lau enbor erdibitu beharko ditu, eta hiru denbora hoberenak kontutan hartuko dira finalerako. Kanporaketaren beroketarako egurra Euskadiko Federazioak jarriko du, eta kanporaketaren egurren zozketan 11:30ean egingo da.
Ziordian, saskibaloiaren txanda. Irailaren 6an 3x3 Ziordia saskibaloi torneo solidarioa eta jaurtiketa lehiaketa antolatu dute. Aurrera Markelekin fundazioaren aldeko zozketa solidarioa egingo da. Aurten festei begira antolatu dute 3x3 Ziordia saskibaloi txapelketa solidarioa eta jaurtiketen lehiaketa. Irailaren 6an izango da, 10:00etatik aurrera, Ziordiko parkean. Ekitaldian GNA014 gaixotasun ultra arraroa duen Markel Carmona haur urnietarraren aldeko zozketa solidarioa egingo da. Izena emateko edo informaziorako 620 064 534 telefonoan jarri behar da harremanetan, WhatsApp bidez.