Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian, Sozio-ekonomia garapena bulkatzeko hitzarmena Sakanan. Nafarroako Analisi eta Prospekzio Bulegoak eta Sakanako Garapen Agentziak sinatu dute. Foru administrazioaren menpeko den Nafarroako Analisi eta Prospekzio Bulegoak eta Sakanako Garapen Agentziak (SGA) sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez bi erakundeek informazioa trukatzeko eta azterketak egiteko esparru komun bat ezarri dute. Bulegoaren egitekoak dira Nafarroako gizartearen aldaketa joerak aztertzea, prospekzio ikerketak egitea, eta Nafarroako Gobernuko hainbat departamentutan garatzen diren analisiak koordinatzea. Aldi berean, SGAk bere esperientzia eta ibarraren ezagutza jarriko ditu eskura, Sakana 2027 Plan Estrategikoaren baitan garatzen ari den ekimenak sustatzeko. Lankidetza hitzarmenak dituen helburuen artean daude, besteak beste, erabaki estrategikoak hartzeko oinarri sendoak eskaintzea, datuetan eta ebidentzia enpirikoan oinarrituta. Horrekin batera, Sakanako planifikazio estrategikoa egokitzea Nafarroako erronka berrietara. Aldi berean, informazio fidagarria eta kalitatezkoa zabaltzeko jardunaldiak eta topaketak antolatzea dute helburu. Gainera, Sakanarako etorkizuneko sozio-ekonomia eszenarioak irudikatu nahi dituzte. Eta, azkenik, Sakana Nafarroaren marka estrategian kokatzea, bere indarguneak eta aukerak nabarmentzeko. Sinatu berri den hitzarmenaren barruan, hainbat jarduera garatuko dira hiru ardatz estrategikoren inguruan. Aurrena, ikerketa eta analisi sozioekonomikoa: Sakanako egungo egoera eta sektore estrategikoak aztertzea, hala nola energia berriztagarriak, automozioa edo agroelikadura. Hurrena, informazio estrategikorako sarbidea: datu base eguneratuak sortzea, aholkularitza eskaintzea eta erabakiak hartzeko tresnak garatzea. Eta atzena, ezagutza transferentzia eta dibulgazioa: jardunaldiak, tailerrak eta bisita teknikoak antolatzea, bai eta emaitzak partekatzea ere. SGAko arduradunek azaldu dutenez, “elkarlan horrek ez du hasieran inbertsio ekonomikorik eskatzen, baina ekimen zehatzek aurrekontu propioak izan ahalko dituzte gerora, hitzarmenari erantsitako akordio bidez”. Aldeek jakinarazi dutenez, lankidetza lau urtez egongo da indarrean, eta urtero koordinazio-bilera bat eginen dute. Gainera, emaitzak zabaltzea eta ikerketen jabetza intelektuala jasotzen ditu hitzarmenak, betiere gardentasuna, konfidentzialtasuna eta datu pertsonalen babesa bermatuz. SGAko arduradunek nabarmendu dutenez, “akordioa Sakanako erakunde publiko, enpresa eta eragile sozialendako aukera bat da, informazio eguneratua eta kalitatezkoa eskuratzeko, eta, era berean, Nafarroako politikak lurraldearen beharrizanetatik abiatuta garatzeko tresna baliotsua bihurtzen da”.
Altsasuko Udala udaletxea berritzeko oinarriak jartzen. Proiektua idazteko dirua bideratu du. Altsasuko Udalak diruzaintzako gerakinetik 300.000 euro bideratu ditu udaletxea berritzeko lanak egin ahal izateko. Diru horren zati bat proiektu teknikoa idazteko izanen da. Lan hori idazteko enkargua aurki emanen du udalak. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, Lurralde Kohesio Departamenduak udalari proiektu teknikoa eskatu dio, eta hura jaso ondoren emanen dio dirulaguntza. Aipatu laguntza 300.000 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuan jasota dago, Geroa Bairen zuzenketa bat dela medio. Udaletxea berritzeko lanak milioi bat pasako aurrekontua izanen du. Aurrekontu horri aurre egiteko Altsasuko Udalak foru administrazioaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planaren deialdira memoria aurkeztu du. Ollok gogorarazi duenez, “joan zen mendeko 80ko hamarkadatik ez da ezer egin udaletxean, salbu eta 2019. urtean komunak berritu eta igogailua jarri zela. Behin eraikinean lanak egiten hasita, dena egin eta urteetarako ongi" uztearen aldekoa da alkatea. Ollok oroitu du hainbat udal eraikinetan berritze lanak egin direla eta udaletxearen ondoren Gure Etxea eraikinaren txanda litzatekeela.
Etxarriko festetako nagusien bazkarian izena emateko epea zabalik. Garilaren 23ko 14:00ak arteko epea dago udaletxean txartelak jasotzeko. Etxarri Aranazko festetan agorrilaren 5a, asteartea, haur eta nagusiyen egune ospatuko da. Egitarauaren barruan herriko nausiyendako bazkaria dago antolatuta. Bazkarira joan nahi duenak udaletxetik gonbidapen txartela jaso beharko du. Bazkaria dohainik da herrian erroldatuta dauden 65 urtetik gorako etxarriarrendako. Baldintza horiek betetzen ez dituztenak, baina bazkarira joan nahi dutenek, udaletxean txartela eros dezakete 28,60 eurotan.
Kiroletan,
Txirrindularitzan, Iker Gomez, stagiaire-a. Txirrindulari altsasuarra profesionalen Kern Pharman trebatuko da, stagiaire edo laguntzaile gisa. Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak aurten debutatu du afizionatuetan, Finisher taldearekin, eta debut ikusgarria egin du. Hiru garaipen lortu ditu (Manuel Sanroma Memorialeko lehen etapa, Lizarrako Zunzarren Memoriala eta Circuito Montañes-eko lehen etapa, eta bigarren izan zen Nafarroako Itzulian) eta orain beste pauso bat emango du aurrera, Kern Pharma taldeko stagiaire-etako bat izango baita, Unai Calvo eta Cesar Perez taldekideekin batera. Stagiaire hitz frantsesaren definizioa “praktikan dauden langileak” da. Jakina denez, Kern Pharma talde profesionalaren harrobia da Finisher, eta hain zuzen ere harrobiko hiru txirrindulari hauek, Iker Gomez, Unai Calvo eta Cesar Perez, nolabait esateko “praktiketan” ariko dira Kern Pharman, beraien trebakuntzari begira pauso oso garrantzitsua.