Eguneko albisteak

2025eko uztailak 21

Guaixe Irratia 2025eko uztailaren 21a
Eguneko albisteak Guaixe irratian:

Sakanerrian, 

UEMAk deituta, euskararendako justizia eskatu dute. Etxarri Aranatzen, Lakuntzan eta Bakaikun elkarretaratzeak izan ziren.Espainiako Auzitegi Gorenak Euskal Autonomia Erkidegoko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ondoren, UEMAk epaia salatzeko eta euskararendakojustizia eskatzeko elkarretaratzeak egin ziren.Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren 118 udaletatik ia 100 udalek heldu zioten presazko deialdiari, udaletxeen parean elkarretaratzeak egin ziren garagarrilaren 19an, larunbatean. UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu zuenez, "euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diren milaka herritarrei".Aramendik esan zuenez, "egoeraren larriak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege-babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu”. UEMAko buruak jakinarazi zuenez, "euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari da. UEMAk horiekin bat egingo du, eta udalei eta herritarrei ere dei egiten diegu. Ondoan izan ditzagun gaur bezala, gure eskubideen defentsan". 

Irurtzunek festak despeditu ditu. Sanmartinak arte izanen da.Kalderete lehiaketan 27. edizioan hamabost lagun taldek eman zuten izena. Haiek guztiak Santi Morenok, eta Mitxel eta Miriam Rekaldek osatutako epaimahaiak dastatu zituzten. Lehen saria Txikis taldeak jaso zuen. Saria Luis Gallardok eta Oscar Hernandezek jaso zuten. Los caldereros taldeak eskuratu zuen bigarren saria. Eskuorga kronoigoera txapelketaren 27. edizioan 14 bikotek parte hartu zuten. Haien artean inoiz baino bikote gazteagoak izan ziren, tartean neska bikote bat eta bikote mistoak ere. Sailkapenari dagokionez, Aitorrek eta Iñakik irabazi zuten proba. Gaztetxoen mailako saria Nahiak eta Leirek eskuratu zuten. Sexu erasoak. Festetako lehen egunean bi pertsona sexu erasoa jasan zutela gaztigatu zuten Barazkiguneak, Larrazpi gazte elkarteak, txoznek eta Irurtzungo emakumeen taldeak. rasotuei babesa eta elkartasuna adierazi zieten. Gaztigatu zutenez sexu erasoak ez direla "egoera isolatu bat, baizik eta festa giroan ohikoa den jarrera bat, gure herriko jendeak ere egin dezakeena". Lau eragileek argi utzi zuten: "ez dugu inolako erasorik onartuko, berdin zaigu sexu erasoa, matxista, xenofoboa… izatea". Gaineratu zutenez, "erasoen aurreran ardura ez da gurea bakarrik, egoera honen berri dakien edonoren ardura da, guztiona". Gaineratu zutenez, "argi utzi nahi dugu nazkatuak gauden arren, lanean jarraituko dugu indarkeria matxistarekin bukatu arte". 

Lakuntzan, Adinekoak digitalizazioan trebatzeko hiru ikastaro. Irailean izanen dira, baina izen ematea zabalik dago. Izena eman nahi duenak 948 012 012 telefono zenbakira hots egin dezake. Arlo digitalean adineko pertsonen ezagutzak zabaltzeko, indartu digitalizazioa izeneko hiru ikastaroa hartuko ditu Lakuntzak. Aurrena irailaren 8tik 17ra izanen da, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:30etik 18:30era. Guztira 10 orduko iraupena du ikastaroak. Ikastaro horretan bost arlotan sakonduko da: informazioaren eta datuen bilketa eta kudeaketa, komunikazioa eta lankidetza, eduki digitalen sarrera, arazoen ebazpena eta segurtasun digitala eta pribatutasuna. Bigarren ikastaroan ordenagailua erabiltzen ikasteko izanen da. Irailaren 9an hasi eta 18ra arte iraunen du ikastaroak, astearte eta ostegunetan eginen da, 16:30etik 19:00etara. 10 orduko iraupena du trebakuntza horrek. Adinduei zuzendutako azken ikastaroa Internet bidezko tramiteak egiten ikasteko da. Irailaren 19an hasi eta 26ra arte iraunen du. Astelehen, asteazken eta ostiraletan izanen da, 16:30etik 18:30era. 8 ordu guztira. Ikastaro guztiak Lakuntzako liburutegian izanen dira. 

Bakaikuko Barnetegiak Agustin Lopez de Zubiria isets egilea omendu du.Koadro bat eta habanera doinuan kantatutako bertsoa oparitu zizkioten ostiralean. 

 

Kiroletan,

Pilotan, Ezkurdia eta Iztueta, ikusgarri.CaixaBank Masterseko lehen jardunaldian 14 tantotan utzi zituzten Artola eta Martija. Jakak eta Zabaletak 20-22 galdu zuten Etxeberriaren eta Mariezkurrenaren kontra.Sanfermin feria despeditu eta berehala eman zaio hasiera udako torneo luzeenari, CaixaBank Mastersari. Jakina denez, torneo honetan Aspek eta Baikok bikote mistoak osatzen dituzte, eta pilotari sakandarrei dagokienez, A mailan Joseba Ezkurdiak Martxel Iztuetarekin osatu du bikotea, Julen Martijak Iñaki Artolarekin, eta Jose Javier Zabaletak Erik Jakarekin. Asteburuan Masterseko lehen jardunaldia jokatu zen. Uztailaren 18an Barakaldon jokatutako partidan, Jakak eta Zabaletak 20-22 galdu zuten Zabalaren ordez jokatu zuen Peio Etxeberriaren eta Mariezkurrenaren kontra. Etxeberria A Seriean tokirik gabe geratu zen, baina Mastersa hasi bezain pronto lanean hasi behar izan du, Zabala ordezkatzen. Zenotzeko pilotariak aldarrikapen ederra egin zuen, Mariezkurrenarekin batera Jaka eta Zabaleta mendean hartu zituztelako partida oso borrokatuan. Bi bikoek 538 pilotakada gurutzatu zituzten. Hasieran Jakak eta Zabaletak aldea hartu zuten, 15-10 aurreratuz. Zabaletak atzean agintzen zuen, eta Jakak aurrean. Baina Etxeberriaren boleei esker, partidak buelta eman zuen. Mariezkurrenak akats gutxiago egin zituen, eta, horrela, bikoak erremontatzea, eta Masterseko lehen puntu garrantzitsua lortzea lortu zuten, 20-22 gailenduta. Uztailaren 19an Otxandioko Mainondo pilotalekuak Ezkurdia-Iztueta eta Artola-Martijaren arteko lehia hartu zuen. Neurketa gogorrean, atzeko koadroetan Iztueta Martija baino gehiago izan zen. Iztuetak sei tanto egin zituen, eta Ezkurdiak bederatzi, kolore guztietakoak. Bi bikoteek antzeko akatsak egin zituzten, eta, beraz, egindako tantoek erabaki zuten dema. Partida takadaka erabaki zen. Hasieran 10-0ko errenta hartu zuten Ezkurdiak eta Iztuetak, baina Artola eta Martija 11-8 gerturatu ziren, eta 13-10era ere jarri ziren. Hortik aurrera beste takada ikusgarria egin zuten Ezkurdiak eta Iztuetak, eta 20-10 jarri ziren aurretik. Ezkurdiak eskuinarekin egindako boleak sekulakoak izan ziren, eta buelta eman ezinda geratu ziren Artola eta Martija. Azkenean, 22-14 irabazi zuten Ezkurdiak eta Iztuetak, Masterserako hautagaitza sendoa direla erakutsiz.Hirugarren partidan, Altuna III.a-Imazek 22-18 irabazi zieten Larrazabal-Rezustari. Bigarren jardunaldia. Bigarren jardunaldiari dagokionez, Ezkurdia-Iztuetak Zabala-Mariezkurrena izanen dituzte aurkari uztailaren 26an Elizondon. Jaka-Zabaletak eta Artola-Martijak uztailaren 31n jokatuko dute, Zarautzen, eta Altuna III.a-Imazek eta Elordi-Arbizuk uztailaren 25ean, Ermuan. 


Txirrindularitzan, Emakumeen Iruñerriko Itzulia Sakanatik pasako da gaur. Bi etapa jokatuta, Ane Beltran de Heredia altsasuarra hirugarren nafarra da, eta Ane Berastegi arbizuarra, bosgarrena.Uztailaren 19an hasi zen V. Emakumeen Iruñerriko Itzulia, Mutiloan jokatutako etaparekin (70,54). Bederatzi txirrindulari batera iritsi ziren, eta Irati Aranguren (Andoain) izan zen azkarrena (1:52:08). Sakandarrei dagokienez, Ane Berastegi arbizuarra (Ecologicos Navarra-Beratxa) hamazazpigarren sailkatu zen, 3:14ra, eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra 26., denbora berean. Siets Goikoetxea urdiaindarra (Ecologicos Navarra-Beratxa) 68. sartu zen, 14:30era. Atzo, uztailaren 20an, bigarren etapa jokatu zen, Ororbian hasi eta despeditu zena (69,11 km). Naya Mangas (Team Zatika Bike) bakarrik iritsi zen helmugara (1:57:23), Estefania Jimenezi (Vipeq Team) 8 segundo aterata. Ane Beltran de Heredia 23. sailkatu zen, 11 segundora, eta Ane Berastegi 38., 2:47ra. Siets Goikoetxeak ezin izan zuen proba bukatu. Sailkapen orokorrean, Irati Aranguren (Andoain) da liderra (3:49:42). Denbora berean Maier Olano, Lidia Castro, Aiala Serrano, Irene Moreno, Irati Mitxelena eta Laia Puigdefábregas daude. Ane Beltran de Heredia 20. postuan dago, 3:14ra, eta Ane Berastegi 36. postuan, 5:50ra. Beltran de Heredia hirugarren nafarra da, eta Berastegi, bosgarrena. Errotz eta Urritzola. Gaur V. Emakumeen Iruñerriko hirugarren eta azken etapa jokatuko da, Iruñean (65,5 km). Redinetik abiatuko da lasterketa, 17:00etan. Errotzera 17:52 aldera iritsiko da, Atondotik. Lasterketak Errotzeko zubia gurutzatu eta Urrizolako bidea hartuko du, 3. mailako Urritzolako gaina gaindituz Etxarrenera heltzeko. Lacturaleren sprint bereziaren ondoren, Irurtzunera helduko da. Bertan esprint berezia egongo da, 18:02 aldera. Ondoren, lasterketak Asiaingo bidea hartuko du. Lasterketa Iruñeko Redinen despedituko da, Zaldi Zurian, 18:49ak aldera. Etapa borrokatua espero da, lidergoa jokoan dagoelako

Txirrindularitzan, Mikel Uncilla, Dorletako Ama Sariko mendiko txapelduna. Uncilla eta Tadeo Top 25ean sailkatu ziren. Leintz Gatzagak Dorletako Ama XLVII. Sari Nagusia hartu zuen uztailaren 20an, 117,37 km eta 2.174 m desnibeleko proba. Ibilbidean barna Apotzaga mendatea, lautan, eta Gatzagako mendatea, hirutan, gainditu behar izan zituzten korrikalariek. Lasterketa mugitua Gorka Corresek (Rural Kutxa-Alea) irabazi zuen (3:01:20), Asier Castillaren (Euskadi Fundazioa, 3:02:02) eta Richard Morrisean (Team California, 3:02:06) aurretik. Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa-Alea) hamalaugarren sailkatu zen (3:03:13), baina podiumera igo zen mendiko saria jasotzera. Aimar Tadeo lakuntzarra (Euskadi Fundazioa) 23. sailkatu zen (3:03:27)