Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
BSHko langileek oniritzia eman diote aurreakordioari. Langileen % 78k bat egin du aurreko ostegunean UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuetako ordezkariek adostu zuten aurreakordiorekin. Ondorioz, urte akaberan 609 lagun kaleratuko dituzte kalteordainekin eta lantegia itxiko dute.UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuetako ordezkariek eta BSHko zuzendaritzak aurre akordioa garilaren 17an, ostegunean. LAB eta ELA sindikatuak aurreakordioaren kontra egin zuten. Haren gainean iritzia emateko galdeketa egin zuten atzo, eta langileen %91k parte hartu zuten. Aurreakordioaren aldeko 475 boto izan ziren (%78), kontrako 127 (%20,85), 2 abstentzio (%0,33) eta 5 boto baliogabe (%0,82) izan ziren. Aurreakordio horren arabera, Eskirotzeko BSHko lantegia itxi eta lan erregulazio espediente baten bidez 609 langile kaleratuko dituzte. 50 urtetik beherakoak azaroaren 30ean kaleratuko dituzte, eta gainerakoak, berriz, abenduaren 31n. Ordura arte, lantokia irekirik egongo da, eta, hitzartutakoaren arabera, enpresak planifikatutako produkzioaren %95 bete beharko dute langileek abuztutik abendura bitartean.Kalte ordainei dagokienez, 55 urtetik beherakoek lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute, urte kopuruetan mugarik ezarri gabe. Gainera, 1.500 euroko saria jasoko dute antzinatasun urte bakoitzeko. 55 eta 63 urte arteko langileei aurre jubilazioa eskainiko zaie, soldata gordinaren %70arekin eta lan hitzarmenean zehaztutako kotizazioak ordaindu beharko ditu enpresak. Bestalde, berrindustrializazio kasuan 50 eta 54 urte arteko langileek lehentasuna izango dute. Horretaz aparte, birkokatzeak ere jarri dira mahai gainean, eta konpainiaren barruan sor daitezkeen hutsuneen aurrean lehentasuna izango dute.Multinazionalak lantegia itxiko zuela abenduan iragarri zuen. Bitarte horretan fabrikan interesa izan zezaketen inbertitzaileekin akordioren bat bultzatu nahi izan dute Nafarroako Gobernutik, lantegia zabalik mantendu ahal izateko, baina ez da akordiorik lortu. Sindikatuen gehiengoak eta BSHk onartutako akordioaren arabera lantokia berrindustrializatzeko aukera irekirik egongo da.
Turismo Esperientzia Jasangarrien Garapenari buruzko jardunaldia. Irurtzungo kultur etxean izanen da bihar, 16:00etan. Plazaola, Sakana eta Ultzamako Turismo Espazioen Kudeaketa Unitateko eskualdeetako turismoa sustatzeko marketin-zerbitzuak jardunaldia hartuko du Irurtzungo kultur etxeak bihar, 16:00etan. Proiektu hori Cederna Garalurrek kudeatzen du, eta Europar Batasunak – Next Generation EU Funtsen bidez finantzatuta dago, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren testuinguruan. Jardunaldia turismo enpresendako, ekintzaileendako eta tokiko ekoizleendako dao, esaterako: ostatuak, jatetxeak, bidaia agentziak, tour operadoreak, nekazaritza elikagaien ekoizleak, artisauak, beste turismo eragile batzuen artean.
Irurtzungo Udalak kiroldegian eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko lanak eman nahi ditu. Partekatutako autokontsumorako izanen da sortzen den argindarra. Aurretik udalak frontoian eta musika eskolan eguzki plakak jarrita ditu.Irurtzungo Udalak Atakondoa kiroldegiko teilatuan eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko lanen deialdia egin du. Lanak 94.867,17 euroko (BEZ berne) aurrekontua du. Lana egin nahi duenak bere eskaintza hilaren 29ko 23:59ra arte aurkez dezake. Lana bere egiten duenak irailaren 1ean hasi eta egitekoak lastailaren 10eako despeditu beharko ditu.
Kiroletan,
Txirrindularitzan, Ane Beltran de Heredia, hirugarren nafarra Emakumeen Iruñerriako Itzulian. Irati Arangurenek (Andoain) irabazi zuen itzulia, hirugarren etapa irabazita. Hirugarren etapak Arakil eta Irurtzun bisitatu zituen.Atzo, uztailak 21, V. Emakumeen Iruñerriako Itzuliko hirugarren eta azken etapa jokatu zen, Iruñeko Redingo Zaldi Zuria abiapuntu eta helmuga zuena (65,5 km). Irati Aranguren (Andoain) zen liderra, baina itzulia zabal-zabalik zegoen, liderraren denbora berean beste sei txirrindulari zeudelako. Beraz, ikusmina handia zen. Etapa Sakanara iritsi zen, Atondotik. Errotzen sartu, zubia gurutzatu eta Urritzolako bidea hartuz, hirugarren mailako Urritzolako gaina gainditu zuten txirrindulariek, Etxarrenera heldu eta Irurtzunera egiteko. Handik, Asiaingo bidea hartu zuen. Iruñerriako Itzulia jokoan zeuden lau txirrindularik, Irati Arangurenek (Andoain), Lidia Castrok (Mirat Team), Aiala Serranok (Rio Miera) eta Laia Puigdefabregasek (Vipeq Team) ihes egin zuten Arazurin zeudela,helmugarako 8 km pasatxoren faltan. Horrela, Redingo igoeran erabaki zen itzulia. Irati Arangurenek irabazi zuen lasterketa (1:49:10) eta itzulia, Lidia Castrori eta Aiala Serranori bi segundo aterata. Laia Puigdefabregasek ezin izan zion hiruren erritmoari eutsi eta laugarren sartu zen (1:49:23). Irati Arangurenek bigarren urtez jarraian irabazi du Emakumeen Iruñerriako Itzulia. Bi etapa eta sailkapen orokorraz gain, erregulartasunaren saria eta junior mailako sailkapen orokorra irabazi ditu. Lehen nafarra Laia Puigdefabregas izan da (5:39:05, eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra hirugarren nafar onena izan da.
Txirrindularitzan, Gizonezkoen XXXIX. Iruñerriko Itzulia, abian.Gaur abiatuko da lehendabiziko etapa, Mutiloan. Lau etapa dira guztira, eta bigarrenean Errotzetik eta Irurtzundik pasako dira, Asiaindik sartuta, Latasarantz. Emakumezkoen Iruñerriko Itzulia despedituta, gizonezkoena jarriko da abian. Aurtengoa XXXIX. Iruñerriko Itzulia izango da, eta lau etapa izango ditu jokoan.Lehenengoa Mutiloan jokatuko da, uztailaren 22an, 114 km-ko etapa. 3. mailako Iturrotx eta laugarren mailako Aranguren gaina dituzte aurretik. Bigarren etapa Ororbian erabakiko da (101 km), eta junior mailako lasterketa Sakanan sartuko da, :bitan. Atondotik Errotzera helduko da, 17:30ak aldera. Segidan Irurtzunera helduko da, eta Latasarantz egingo du aurrera. Larraun eta Ultzama aldetik buelta egin eta gero, Urrizako bentetatik Irurtzunerantz egingo du, eta 18:20ak aldera Irurtzun gurutzatuta, Izurdiagatik pasa eta Errotzetik aurrera egingo du, Ororbiarantz. Arteta edo Goñiko gaina eta Ultzurruneko gaina gainditu beharko dituzte.Hirugarren etapa Undianon jokatuko da (112 km). Bigarren mailaiko Orendain eta Mañeru gainak gainditu eta gero, lehen mailako Arradia eta Girgillano igo beharko dituzte, eta hirugarren mailako Belaskoain. Azkenik, laugarren eta azken etapa Iruñean erabakiko da (111 km). Bigarren mailako Orendain bitan gainditu beharko dute, eta Etxauri, Jugondo eta Zirizako murruak.
Futbolean, Altsasu Kirol Elkarteko erregional eta preferente taldeetan jokatu nahi dutenei deialdia egin die klubak.Uztailaren 22an, 23an eta 24an probak egingo dira Dantzalekun. Altsasu Kirol Elkartea 2025/2026 denboraldiko taldeak prestatzen ari da. Erregional mailako Altsasu kategoriaz igo zenez, aurten beste talde berri bat izango du klubak, preferente mailako taldeaz gain, gizonezkoen erregional mailako taldea aterako dutelako baita ere. Klub altsasuarrak deialdia egin die aipatu bi taldeetan jokatzeko interesa duten futbolariei. Horretarako, uztailaren 22an, 23an eta 24an probatzeko aukera izango da, Dantzalekun. Interesatuak Instagram bidez edo 624 648 790 telefonoan jarri beharko dira harremanetan klubarekin.