Eguneko albisteak Guaixe irratian:
Sakanerrian,
Urdiaingo eskolan Laguntza programa ezarriko da. Hezkuntza Departamentuaren jazarpenaren eta indarkeriaren kontrako programa da, tratu ona sustatu nahi duena. Lastailean hasiko dira trebatzen. Urdiaingo eskola publikoak hala eskatuta, Laguntza programaren barruan sartu du Hezkuntza Departamentuak. Urdiaingo eskolarekin batera Nafarroako beste bost ikastetxe hautatuak izan dira. Hautatuak izateko, foru administrazioak kontuan izan du eskola-bizikidetzarekin lotutako jardunbide egokien esperientzia egiaztatua duela ikastetxeak edo horien hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleak izatea.Hezkuntza Departamentuko arduradunek jakinarazi dutenez, “Laguntza programaren prestakuntzan ikastetxe bakoitzak izendatutako talde motorrek parte hartuko dute lastailetik aurrera, baita ikastetxe bakoitzeko irakasle-taldeek ere”. Guztira, 243 irakaslek egingo dute prestakuntza.Era berean, lastailetik aurrera, programaren barruan jarraituko dute Hezkuntza Departamentuaren tresna horri buruzko prestakuntza 2024-2025 ikasturtean hasi zuten hamabost ikastetxeek. Besteak beste eskola jazarpena eta ziberjazarpena landuko dituzte, indarkeria eta tratu txarrak desagerrarazteko. Laguntza programaren baitan 52 ikastetxe daude.
Olatzagutiak ur araztegi berria du. Lurralde Kohesiorako Departamentuak 2,8 milioi inbertitu ditu araztegi berrian. Aldamenean dagoen zaharra udazkenean eraitsiko dute eta urmael bat eraikiko du bertan gobernuak. Nilsa enpresa publikoaren bidez, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak ur araztegi berria egin du Olatzagutian. Araztegi berria bertatik bertara ezagutu zuten atzo, besteak beste, Oscar Chivite Cornago Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Joseba Vizuete Askargorta Olatzagutiko alkateak. Olatzagutian araztegi eraginkorragoa, modernoagoa eta zabalagoa egitea erabaki zuen Nilsak, hiru hamarkadatan herriko emaria eta karga kutsatzailea handitu egin direlako. Gainera, aurreko araztegian erabiltzen ari ziren elementuak eta teknologiak pixkanaka zaharkitu zirelako. Europar Batasunaren araudi berria beteko du Olatzagutiko araztegi berriak. Hau da, nitrogenoa eta fosforoa murriztea.Araztegi berria erabiltzearekin batera, aurrekoa udazkenean eraitsiko da. Eraisteko lizitazioa laster argitaratzea aurreikusten da, 300.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Horren ordez, segurtasun-aintzira bat jarriko da, nahiz eta bertako elementuetako batzuk berria egiteko egokitu diren.
Kirolak,
Pilotan, Bilboko Aste Nagusia Torneoa aurkeztu dute. Martijak Altunarekin osatuko du bikoa, eta Elordik Zabaletarekin. Bestalde, Bizkaia Torneoaren finalean Zabaleta eta Bakaikoa dira ordezkari sakandarrak.Bilboko Aste Nagusia hasi arte badago tartea, baina pilota enpresek dagoeneko Aste Nagusia Pilota Torneoa aurkeztu dute. Bilboko jaialdia abuztuaren 18an hasiko da, Bizkaia Torneoko finalarekin. Sollube eta Oiz taldeak sailkatu ziren finalerako. Horrela, lau eta erdian Agirrek Peio Etxeberria izango du aurkari, binaka Artola-Albisuk Elordi-Zabaleta, eta buruz burukoan Joanes Bakaikoa etxarriarrak Salaberria. Ondoren Aste Nagusia Torneoaren txanda izango da. Lehen finalerdia abuztuaren 19an jokatuko da, Baiko adarrekoa. A Seriean, Artola-Iztuetak Jaka-Mariezkurrena izanen dituzte aurkari, eta B Seriean Senar-Morgaetxebarriak Alberdi II.-Aranguren. Abuztuaren 20an Aspe adarreko finalerdia jokatuko da. A Seriean Altuna-Martijak Elordi-Zabaletaren kontra jokatuko dute, eta B Seriean Salaberria-Eskuzak Murua-Tolosaren kontra. Final handiak abuztuaren 22an jokatuko dira, Bizkaia pilotalekuan. Dagoeneko sarrerak salgai daude.
Txirrindularitzan, Gizonen Iruñerriko Itzulia gaur Sakanatik pasako da. Lehen etapa jokatuta, Ekain Imaz bigarren nafarra da eta Luca Martinez laugarrenaJunior mailako gizonen XXXIX. Iruñerriko Itzulia uztailaren 22an hasi zen, Mutiloan jokatutako etaparekin (114 km). 20. kilometroan zazpi txirrindularik, Lucas Trahodinskyk, Hector Fernandezek, Aran Boixek, Sergio Gamezek, Joan Cardonak, Ren HanTsenek eta Ferran Torrak erasoa jo zuten, eta eguneko ihesaldia burutu zuten, helmugaraino iraun zuena. Esprintean Lucas Strahodinsky gailendu zen (2:37:58). Talde nagusia 56 segundora sartu zen. Bertan zeuden Tolosa Danenako sakandarrak, Ekain Imaz eta Luca Martinez. Lehen nafarra Markel Fernandez da, bigarrena Ekain Imaz eta laugarren Luca Martinez, guztiak denbora berean. Gaur, Sakanan. Uztailaren 23ko bigarren etapa Ororbian erabakiko da (101 km), eta Sakanan sartuko da, bitan. Atondotik Errotzera helduko da, 17:30ak aldera. Segidan Irurtzunera helduko da, eta Latasarantz egingo du aurrera. Larraun eta Ultzama aldetik buelta egin eta gero, Urrizako bentetatik Irurtzunerantz egingo du, eta 18:20ak aldera Irurtzun gurutzatuta, Izurdiagatik pasa eta Errotzetik aurrera egingo du, Ororbiarantz. Arteta edo Goñiko gaina eta Ultzurruneko gaina gainditu beharko dituzte.