Eguneko albisteak

2025eko uztailak 24

Guaixe 2025eko uztailaren 24a
Eguneko albisteak Guaixe irratian:

Sakanerrian, 

Gazteluen bidez ondare turismoa sustatu nahi du Cederna Garalurrek. Nafarroako gotorlekuen berreraikuntza digitala eta bisita birtuala diseinatu, garatu eta ezartzeko zerbitzuak kontratatzeko deialdia egin du. Gutxienez bost gaztelurekin mendialdeko gotorlekuen ibilbide digitala sortuko da. Plazaola, Sakana eta Ultzamako Turismo Espazioen Kudeaketa Unitateko eskualdeetako ondare turismoa sustatzeko asmoa du Cederna Garalur elkarteak. Hori Nafarroako Erresuma defendatu zuten gazteluen bidez egin nahi du, gotorlekuen berreraikuntza digitala eta bisita birtuala eskainiz. Lan hori diseinatu, garatu eta ezartzeko lanak 70.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Lana finantzatzeko Garalurrek Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren, NextGenerationEU funtseko dirulaguntza du. Egiteko horiek bere egin nahi dituen enpresak bere eskaintza agorrilaren 7ko 23:59 baino lehen aurkeztu beharko du. Kontratua gauzatzeko sei hilabete izanen ditu enpresak. 

Nafarroako Gobernuak Nafarbide eratu du. Foru Komunitateko errepide sarea hobetzeko eta haren iraunkortasuna bermatzeko erakunde instrumentala da. Autobidetan kamioiendako bidesaria ezartzeaz arduratuko da. Nafarroako Gobernuak Nafarbide, el Camino de los Navarros SM sozietate publikoa erakunde instrumental gisa aintzatestea erabaki du, bide jabari publikoaren kudeaketan duen funtzioa eraginkortasunez bete dezan errazteko. Horrela, foru administrazioak bultzada berri bat eman dio erakunde horri. Bere egitekoa da Nafarroako autobideetan eta gaitasun handiko errepideetan kamioiendako bidesariak jartzea. Tartean dira ibarrean ditugun hiru autobiak: Iparraldeko A-1 autobidean, Sakanako A-10 autobian eta Leitzarango A-15 autobian. Eta jabetza berreskuratuz gero Nafarroako Autopista ere Nafarbidek kudeatuko luke. 

Kiroletan, 

Txirrindularitzan, Luca Martinez hirugarren eta Ekain Imaz laugarren Iruñerriko Itzulian, erorketa tarteko. Tolosa Danenako Ekain Imaz altsasuarrak erorikoa izan zuen helmugarako 20 metro falta zitzaizkiola eta etapa garaipenagatik borrokan zela, gurpila lehertu eta gero, baina oinez iritsita laugarren postuari eutsi zion. Oso mugitua izan zen junior mailako gizonezkoen Iruñerriko Itzuliko bigarren etapa, Ororbiakoa (101 km). Etapa Sakanan sartu zen, Atondotik Errotzera sartuta. Irurtzundik Latasarantz jo zuen, eta Larraun eta inguruetatik buelta eman eta gero, atzera ere Irurtzunera iritsi zen, Izurdiaga eta Errotzetik aurrera egiteko. Goñiko gainaren jaitsieran hamazazpi txirrindularik ihes egin zuten tropeletik, eta aurrera egin ahala, talde hori apurtzen hasi zen. Horrela, lau txirrindulari iritsi ziren batera Ororbiako helmugara: Tolosa Danena taldeko bi sakandarrak, Luca Martinez lakuntzarra eta Ekain Imaz altsasuarra, Ekhi Uriarte (Alimco-Campagnolo) eta Narcis Monturiol (KH7 Cycling Team). Bukaera nahasia izan zuen probak. Lau txirrindulariak etapa borrokagatik lehian zeudenean gertatu zen ezbeharra, helmugarako 20 metroren faltan Ekain Imazen gurpila lehertu zenean. Erorikoa izan zuen altsasuarrak, baina, hala ere, bizikleta eskutan hartu eta helmugara oinez iritsi zen, laugarren postua bermatuz. Ekhi Uriarte izan zen etapako txapelduna (2:18:31), Narcis Monturiolen eta Luca Martinezen aurretik. Luca Martinez, hirugarren izateaz gain, mendian onena izan zen, eta beraren eta Ekain Imazen taldea, Tolosa-Danena, etapako onena izan zen. Martinez mendiko liderra eta Imaz lehen nafarra. Sailkapen orokorrari dagokionez, Lucas Strahodinsky (Purito Cycling Team) da liderra. Aran Boix (Tot Net-Terrassa) eta Hector Fernandez (Alimco-Campagnolo) denbora berean dituela. Ekain Imaz hamargarren postura igo da, 40 segundora, eta Luca Martinez hamaikagarrena da, 40 segundora. Luca Martinez mendiko sailkapeneko liderra da, eta Ekain Imaz lehen nafarra, Luca Martinezen aurretik. Hortaz, bi etaparen faltan, lasterketa zabal-zabalik dago. Datorrena. Hirugarren etapa Undianon jokatuko da (112 km), uztailaren 24an. Bigarren mailako Orendain eta Mañeru gainak gainditu eta gero, lehen mailako Arradia eta Girgillano igo beharko dituzte, eta hirugarren mailako Belaskoain. Azkenik, laugarren eta azken etapa Iruñean erabakiko da (111 km), uztailaren 25ean. Bigarren mailako Orendain bitan gainditu beharko dute, eta Etxauri, Jugondo eta Zirizako murruak. 

Pilotan, Arbizu eta Sarasibar, Alegiako txapeldunak. Alegiako XI. Festetako Pilota Txapelketako Binakakoa irabazi zuten.Uztailaren 19an Alegiako XI. Festetako Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren. Binakako finalean, Aaron Arbizu atzelariak (Irurtzun) Sarasibarrekin (Oberena) osatu zuen bikoa, eta 16-22 hartu zituzten mendean Azketa (Tartaloetxe) eta Iturrioz (Intxurre).