Albisteak,
Ur kontsumoaren erreziboa ordaintzeko azken egunak Arakilen. Lehen urte erdiari dagokiona pagatzeko garaia da.Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, 2025eko ilbeltza eta garagartzaroa bitarteko ur kontsumoko ordainagiriak pagatzeko garaia da. Arakildarrek irailaren 4ra arteko epea dute horretarako. Udal erreziboak beraien kontu korronteetan helbideratuak dituztenei zenbatekoa bertan kargatu die udalak zenbatekoa. Halakorik ez dutenek udalaren kontu korrontean sartu beharko dute dagokien zenbatekoa.
Gobernuak goizeko autobus zerbitzua mantendu du agorrilean. Iruñetik astegunetan 06:00etan abiatzen den autobusak ez du zerbitzuan etenik izan aurten. Astegunetan Iruñea eta Gasteiz arteko lineako lehen autobus zerbitzua 06:00etan da. 2023tik aurten arte goizeko autobus zerbitzua urteko hamaika hilabetetan zegoen indarrean, agorrilean izan ezik. Horren ondorioz, agorrilean Iruñetik Sakanara goizez etorri nahi zuenak 08:00etako autobusa hartu behar zuen. Lan egitera etortzen direnendako berandu. Lurralde Kohesio Departamentuak, azkenean, aurten goizeko lehen autobus zerbitzua agorrilean ere mantentzea erabaki du. Berta Miranda Ordobas Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiak azaldu zuenez, “zerbitzuak mantentzearen eta erabiltzaileak fidelizatzearen aldeko apustua egin dugu”. Mirandak “gobernuak garraio eta mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa” nabarmendu zuen, “zerbitzuaren errefortzu hau horren erakusgarria da”. Foru administrazioak 2023ko maiatzaren 4an Sakanarako autobus zerbitzu berria ezarri zuen. Orduan aipatutako goizeko autobusak Iruñea eta Gasteiz arteko autobusak Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian besterik ez zen gelditzen. 2023ko abenduaren 13an ezarri ziren ordutegi berriekin autobusak aipatu hiru herriez aparte Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun eta Etxarri Aranatzen gelditzen hasi ziren. Zerbitzu berria martxan jarri aurretik Iruñetik abiatzen zen aurreneko autobusa 07:00etan abiatzen zen. Horrek Sakanara lanera eta Lanbide Heziketa institutura ikastera etortzen zirenei garaiz iristeko aukera ematen zien. Gaur egun azken horiek goizeko autobusa hartuz gero klaseak hasteko ordu bat zain egon beharko lukete. Horregatik ez dute hartzen.
Jose Mari Ustarroz Artzain Egunean presente izan zen Uharte Arakilen. Aralar Mendi elkarteak Jose Mari Ustarroz Razkin omendu zuen Artzain Egunean. Haren alabak, Miren eta Edurne, artzainen makilekin osatutako arku baten azpian jaso zituzten. Makilei eusten gazten epaimahaikideek eta artzaintzari lotutako hainbat lanbideetako kideak zeuden. Erdian Ustarrozen argazki bat zegoen. Aralar Mendiko presidente Roberto Jakak omendua gogoratu zuen, eta bere dedikazioa eta konpromisoa nabarmenduz. Bestalde, Jose Mari Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Iñaki Idoate Alhambra jatetxeko kidea, Zacarias Puente Kantabriako Gazten Kofradiako kidea eta Miriam Molina Idiazabal jatorri izendapeneko gerenteak ere hitza hartu zuten. Ohorezko aurreskua dantzatu zuten bi dantzarik. Horretaz aparte, Ricardo Goikoetxea artzain eta Ustarrozen lagunak Pantxoa eta Pelloren Azken dantza hau abestia eskaini zion, eta haren lagun eta Artzain Eguneko aurkezle Luis Mari Bengoak tronpetarekin Agur Jaunak jo zuen.Ustarrozen izena hartu duen gazta txapelketara 21 gazta aurkeztu ziren. Puntu gehien Infernu Gasna-Kortaria izan zen. Sei gazta onenen artean bi sakandar sailkatu ziren: Arruazuko Albi hirugarrena eta Dorraoko Utxama laugarrena. Dorrobarrek ere era ekologikoan egindako gazta onenaren aitortza jaso zuten. Gazta irabazle erdiaren enkantea egin zen ondoren eta 4.950 eurotan erosi zuen Jamones Romerok.Ardi motzaileen txapelketan irabazlea Mikel Etxeberria (Dima) izan zen. Atzetik sailkatu ziren Andoni Eslaba (Orontze) eta Lauren Paris (Aierra). Arratsaldean, artzain txakurren lehiaketan Jesus Razkin etxarriarrak bere txakurra ederki gidatu zuen eta txapela jantzi zuen. Atzetik sailkatu ziren Jorge Oteiza eta Javier Fernandez. Arratsaldeko lehiaketan Ustarrozez aparte, txapelketako irabazlea 22tan izandako Antonio Alustiza omendu zuen Aralar Mendi elkarteak.
Kirolak,
Futbolean, Etxarri, Superkopako txapeldunordea. Lourdesen kontrako joaneko partida erremontatu eta sorpresa emateko itxaropena izan zuten etxarriarrek, baina ezinezkoa izan zen eta final duina eginda eta burua tente esan diote agur Superkopari.Erregional mailako Etxarri Aranatz taldeak irabazi zuen 2024/2025eko Nafarroako Futbol Federazioko Kopa. Kopak beste sari bat zekarren berarekin, Superkopako final handia jokatzea igoera fasean hirugarren mailara igo gabe geratu zen taldearen kontra, kasu honetan Tuterako Lourdes taldearen kontra. Etxarri Aranatzek eta Lourdesek abuztuko azken bi asteburuetan jokatu zuten Superkopa. Joaneko partida Etxarri Aranazko San Donato zelaian jokatu zen, abenduaren 24an. Bi taldeek partida borrokatua jokatu zuten, eta lehen zatia husnako berdinketarekin despeditu zen. 53. minutuan Lourdesek gola sartu zuen; Etxarri Aranatz buelta ematen saiatu zen, baina ezin. Egoera okertzeko, partida bukatzear zela, deskontuan, beste bi gol sartu zituen Lourdesek eta 0-3 irabazi zuen. Itzulerako partida abuztuaren 30ean jokatu zen, Tuterako Clara Campoamor zelaian, eta Etxarri Aranatz sorpresa ematear egon zen. Oso ongi hasi ziren etxarriarrak, eta 8. minuturako Xabier Igoak markagailua mustu zuen, 1-0. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen, eta atsedenetik itzuli eta bigarren zatia hasi berri, Oinatz Carreñoren bigarren gola iritsi zen. 2-0 aurreratu zen Etxarri Aranatz eta Lourdes urduritzen hasi zen. 50. minutuan 1-2 gerturatu ziren Tuterakoak eta 10 minutu barru berdintzea lortu zuten, 2-2. Etxarri Aranatzek, ordea, ez zuen amorerik eman eta 68. minutuan David Alvarezek 3-2koa lortu zuen. Partida bukaera aldera, Lourdesek hirugarren gola sartu zuen eta hirunako berdinketarekin despeditu zen lehia. Etxarri Aranatzek itxura oso ona eman zuen bi kategoria gorago, maila autonomikoan jokatzen duen Lourdes taldearen kontra eta burua tente esan dio agur Superkopari. Superkopako irabazleak, Lourdesek, Errege Kopako aurretiazko kanporaketa jokatzeko txartela lortu du.
Pilotan, Irurtzungo Masterseko puntua, Jaka-Zabaletarendako. Ezkurdiaren eta Iztuetaren kontrako lehia gogorrean garaipena lortu zuten Jakak eta Zabaletak eta Masterseko finalerdietan egoteko puntu baliotsua lortu zuten.Asteburuan CaixaBank Masterseko seigarren jardunaldia jokatu zen. Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak partida garrantzitsua hartu zuen abuztuaren 30ean, Ezkurdia-Iztueta eta Jaka-Zabaletaren artekoa. Lehenek hiru puntu zituzten eta bigarrenek bi, eta, hortaz, oso garrantzitsua zen jokoan zegoen puntua, Jakaren eta Zabaletarendako bereziki, bestela finalerdietan sartzeko borrokatik zintzilik geratuko liratekeelako. Baina Ezkurdiak eta Iztuetak laugarren puntua lortu nahi zuten finalerdietarako bidea ixteko, beraiendako ligaxkako azken jardunaldia baitzen. Horrela, eta aurreikusi bezala, Irurtzungoa partida oso borrokatua izan zen. Partida oso parekatua izan zen, gogorra. Ia ordu bat iraun zuen norgehiagokan 470 pilotakada gurutzatu zituzten bi bikoteek. Erritmo handian jokatutako partidan Ezkurdia eta Iztueta aurreratu ziren, 3-1, baina, gutxika, Jaka eta Zabaleta hasi ziren gailentzen. Etxeko frontoian sekulako pilotakadak jo zituen Zabaletak, eta Jakak errematean asmatu zuen. Horrela, 3-5 jarri ziren aurretik. Hortik aurrera partida berdindu zen eta ez zen dominatzaile argirik egon. Bi atzelariak sendo aritu ziren eta aurreko koadroetan alternantzia egon zen. 9-12ko atsedenaldiaren ondoren partidak Jakaren eta Zabaletaren kolore urdina hartu zuen. Gehiago dominatu zuten, eta 12-17 aurreratu ziren. Baina Jakaren akats batek airea eman zien Ezkurdiari eta Iztuetari, eta 18-17 jarri ziren aurretik sendo jokatuz eta Jakaren eta Zabaletaren zenbait akatsei esker. Bigarren atsedenaldiaren ondoren, eta guztia erabakitzeko zegoela Zabaletak dominatu zuen, Jakak errematatu eta 18-21 irauli zuten markagailua. Emozioak gehiago iraun zuen Irurtzunen, Ezkurdia eta Iztueta 20-21 hurbildu zirelako, baina Jakak txokoan dejada egin zuen eta 20-22 gailentzeaz gain, Masterseko hirugarren puntua lortu zuten Jakak eta Zabaletak, puntu garrantzitsua, finalerdietako borrokan jarraitzea ahalbideratzen diena. Sailkapena eta azken jardunaldia. Sei jardunaldi jokatuta, Zabala-Mariezkurrena, Ezkurdia-Iztueta, Altuna III.a-Imaz eta Jaka-Zabaleta daude lehen lau postuetan edo finalerdietan, hiruna punturekin. Larrazabal-Rezustak eta Elordi-Albisuk bina puntu dituzte, eta Artola-Martijak bakarra. Asteburuan ligaxkako zazpigarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Irailaren 5ean, ostirala, Artola-Martijak Elordi-Albisu izango dituzte aurkari, Lekeition. Lehenek ez dute finalerdietara sailkatzeko aukerarik, baina bigarrenek hirugarren puntua lor dezakete eta muturra sartu. Irailaren 6an, Altuna III.a-Imazen eta Jaka-Zabaletaren arteko lehia hartuko du Lekeitiok. Garaileak laugarren puntua lortuko du eta finalerdietarako txartel zuzena, eta galtzailea gainontzekoen emaitzen esperoan geratu beharko da. Azkenik, irailaren 7an, igandea, Zabala-Mariezkurrenaren eta Larrazabal-Rezustaren arteko lehia jokatuko da Legution. Ezkurdiak eta Iztuetak ez dute jokatuko, eta gainontzekoen emaitzen eta tantoaveragearen zain geratuko dira finalerdietara sailkatzen diren edo ez jakiteko.