Eguneko albisteak

2025eko irailak 2

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 2a
Albisteak, 

 
Nekazaritza ibilgailuak aztertzeko garaia. Irailaren 24ra arte Sakanan herriz-herri eginen dituzte azterketa horiek.Lehen sektorean erabiltzen diren ibilgailuek Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) pasa beharra dute urtero. IAT herrian bertan pasatzeko aukera dago irailean, horretan aritzen de unitate mugikorra ibarrean barna ibiliko baita 27. aldiz. IATren bidez lehen sektoreko ibilgailuek legediak ezarritako araudia eta segurtasun neurriak betetzen dituzten aztertuko dute. Nekazaritzakoak ez diren gainontzeko ibilgailuek, quadak eta ziklomotorrak barne, IATko estazio finko batean pasa behar dute azterketa. 

Egutegia:
Data   Herria  Ordutegia
Irailak 2, asteartea  Irurtzun  09:00-14:15
irailak 3, asteazkena  Irurtzun  09:00-14:15
Irailak 4, osteguna  Ihabar   09:15-14:15
Irailak 5, ostirala  Uharte Arakil 09:15-14:15
Irailak 8, astelehena  Uharte Arakil  09:15-14:15
Irailak 9, asteartea  Uharte Arakil  09:15-14:15
Irailak 10, asteazkena Arbizu   09:15-14:15
Irailak 11, osteguna  Lizarraga 09:15-14:15
Irailak 12, ostirala  Unanu   09:15-14:15
Irailak 15, astelehena  Etxarri Aranatz 09:15-14:15
Irailak 16, asteartea  Etxarri Aranatz 09:15-14:15
Irailak 17, asteazkena Iturmendi  09:30-14:15
Irailak 18, osteguna  Iturmendi  09:30-14:15
Irailak 19, ostirala  Altsasu 09:30-14:15
Irailak 22, astelehena  Altsasu  09:30-14:15
Irailak 23, asteartea  Olatzagutia  09:30-14:15
Irailak 24, asteazkena Ziordia  09:30-14:15


Lakuntzako Musika eskolako matrikulazio epea zabalik.  Irailaren 4an, ostegunean, izanen da. Lakuntzako San Saastin udal musika eskolak matrikula epea zabalik du bai aurretik ikasle izandakoendako, bai ikasle berriendako. Matrikulatu nahi duenak ostegunean egin beharko du. Informazioa lakuntza.eus webgunean, 948 576 015 telefono zenbakian edo musikaeskola@lakuntza.eus webgunean jaso daiteke. Lakuntzako musika eskolan honako ikasgaiak daude: musika eta mugimendua, musika hastapena, musika hizkuntza, panderoa, trikitixa, akordeoia, pianoa, bateria eta perkusioa, gitarra, tronpeta, tronpa eta tronboia eta beste ikasleekin taldean aritzeko aukera. 

Olatzagutiko ludotekan izen ematea zabalik. Irailaren 12ra arte egin daiteke 948 012 012 telefonora hots eginez astegunetan 08:00etatik 18:00etara. Akelarre ludotekak lastailaren 6an zabalduko ditu ateak. Olatzagutiko Udalak jakinarazi du Akelarre udal ludotekan izena emateko epea zabalik dagoela. Udalak jakinarazi duenez, izen ematea urte guztian egonen dela zabalik, baldin eta plazak badaude. Hala ere, azken kasu horietan izen emateagatik kopuru bera ordaindu beharko da. Haur bakoitzeko matrikula bost euro dira, zortzi bi anaia-arrebak edo gehiagok izena ematen badute. Ordainketa egiteko lehentasunezko modua 948 012 012 telefonoaren bidez da. Bestela udalaren edozein kontu korronteetan sar daiteke dagokion diru kopurua. Azken aukera hori baliatuz gero, ordainagiria udaletxean aurkeztu beharko da izena emateko epearen barruan. Olatzagutiko Udalak jakinarazi du tarifa ordaintzetik salbuetsita egongo direlaa, udalari aldez aurretik hala eskatuta, beren prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako emandako txostena aurkeztu beharko da horretarako. Akelarre udal ludotekan 2021 urtetik atzera jaiotako haurrek eman dezakete izena. Hau da, 4 urte beteak edo gehiago dituztenak. Beti ere, esfinterren kontrolean autonomia badute. Horretaz salbuetsiak daude autonomia falta justifikatzen duten dibertsitate funtzionala duten haurrak. Ludotekan onartuak izaterakoan, lehentasuna izango dute Olatzagutian erroldatutako haurrek eta dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek, baldin eta adingabea Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela-eta, baina bai legezko tutore bat.Ludoteka astelehen, astearte eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara zabalik dago. Egun bakarrean izena emateko aukera dago. 0 eta 3 urte arteko  haurrendako asteazkenetan zabalduko da, aipatutako ordutegian. Kasu horretan haurrak heldu baten laguntza izan behar dute. Eta ludotekan eskola laguntza eskainiko da astearte eta ostegunetan 16:00etatik 17:00etara. Txanda bakoitzean gehienez 16 haur onartuko ditu udalak. 

 

Kiroletan, 

Pilotan, Ezkurdia Altunaren atzelaria, sanmateotako sorpresa.Logroñoko pilota torneoak itxiko ditu udako torneoak. Guztira hamar jaialdi jokatuko dira. Ezkurdia, Zabaleta eta Martija daude pilotarien zerrendan. Irailaren 1ean aurkeztu zuten CaixaBank Mastersa bukatuta, irailaren 19an Logroñoko Adarra pilotalekuan hasi eta Logroñoko festetan erabakiko den San Mateo Pilota Torneoa. Azken ekitaldietan bezala, Txapelketa bi mailatan edo serietan jokatuko da, A Seriean eta B seriean. Final handiak irailaren 28an jokatuko dira. A Seriean sei bikote lehiatuko dira guztira, hiru multzo bakoitzean. A multzoan dago torneoko sorpresa nagusia, Joseba Ezkurdia aurrelariak atzelari gisa jokatuko baitu: arbizuarra Altuna III.aren atzelaria izango da, eta ikusmin handia sortu du bikote honek. Zabaletak Zabala aurrelari errioxarrarekin osatuko du bikoa, eta A multzoko hirugarren bikoa irailaren 19ko aurretiko kanporaketako irabazlea izango da: Artola-Salaberri edo Zubizarreta III.a-Albisu. B multzoko bikoteak Jaka-Iztueta, Larrazabal-Mariezkurrena II.a eta irailaren 20ko atariko kanporaketako bikoa izango dira, Dario-Rezusta edo Peio Etxeberria-Martija. B Seriean, promesetan, beste sei bikote lehiatuko dira. A multzoan Elordi-Gabirondo, Murua-Bikuna eta irailaren 19ko kanporaketako irabazleak, Agirre-Ugartemendia edo Alberdi II.a-Aranguren. Eta B multzoan Senar-Eskiroz, Amiano-Imaz eta irailaren 20ko kanporaketako irabazleak: Salaberria-Eskuza edo Exposito-Gaskue. Joanes Bakaikoak ez du tokirik izango. Bestalde, irailaren 27ko Adarragako jaialdian Urzante olioa erronka jokatuko dute Aspe eta Bakiko enpresetako bikoteek lau eta erdian, binaka eta buruz buru. Oraindik ez dute zehaztu zein pilotarik jokatuko duten. Partidetako sarrerak dagoeneko salgai daude Entradasfronton atarian. 


Aizkoran, Oier Mitxelena, Euskadiko Hirugarren Mailako Txapelketako txapeldunordea. Aitzol Atutxa txapeldun handiaren atzetik sailkatu ziren Mitxelena eta Corchero. Abuztuaren 18an Euskadiko Hirugarren Mailako Aizkolarien Txapelketako finala jokatu zen Gernika-Lumon. Abuztuaren 9an Altsasuko kanporaketan sailkatutako Oier Mitxelena, Jon Erdozia eta Unai Etxeberria lehiatu ziren, batetik (Aritz Oiarbide eta Ioan Goikoetxea ez ziren sailkatu) eta abuztuaren 10ean Berangoko kanporaketan sailkatutako Aitzol Atutxa, Eloy Corchero eta Miguel Martin, bestetik. Finalean Aitzol Atutxa eroso ibili zen eta merezitako txapelduna izan zen (12:12). Atzean lehia oso estua izan zuten Oier Mitxelena altsasuarrak eta Lakuntzan bizi den Eloy Corchero araiarrak. Hiru segundoren aldearengatik txapeldunorde izan zen Oier Mitxelena (13:43), Corcherori 3 segundo aterata (13:16). Ez zen Jon Erdoziaren egunik onena izan; etxarriarra seigarren sailkatu zen (15:53). 


Aizkoran, Ioan Goikoetxea eta Eñaut Oiarbide txukun Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean.Beñat Senosiainek irabazitako txapelketan etxarriarrak hirugarren eta laugarren sailkatu ziren Abuztuaren 15ean Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketa jokatu zen Arantzan. Bost aizkolari lehiatu ziren bi kanaerdiko eta bi 45 ontzako erdibitzeko lanean. Txapelduna Olagueko Beñat Senosiain izan zen (11:07), Julen Urrutia arraioztarrarekin lehia oso estua izan eta gero (11:21). Gainontzeko hiru finalistek lehia estua izan zuten Ioan Goikoetxea etxarriarra hirugarren sailkatu zen (15:00), Eñaut Oiarbide etxarriarra laugarren (15:09) eta Xabier Mitxelena iruritarra bosgarren (15:05). Oiarbide, Resano eta Mitxelena, bigarren mailako finalera. Egun bat lehenago, Donamarian, Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen. Hamar aizkolari lehiatu ziren finalerako bost txartel lortzeko borrokan. Bi kanaerdiko eta 60 ontzakoa erdibitu behar izan zituzten, eta Aritz Oiarbide etxarriarra izan zen azkarrena. Berarekin batera Iban Resanok, Oier Mitxelenak, Jexus Etxeberriak eta Patxi Igoak lortu zuten finalera sailkatzera. Bestalde, aipatzekoa da, abuztuaren 9an Sunbillan jokatutako Ramon Latasa Oroimenezko ikusgarrian gazteen mailan Julen Urrutia arraioztarra eta Aritz Oiarbide sailkatu zirela lehen postuan, eta Mitxelena eta Senosiain hirugarrenean. Proba nagusian Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste eta emakumezkoetan Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi gailendu ziren.