Eguneko albisteak

2025eko irailak 3

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 3a

Albisteak

Hutsik dauden herri baratzak eskuratzeko aukera eman du Irurtzungo udalak.  Itxaron zerrenda sortu nahi du egungo eta etorkizuneko bajak betetzeko.Irurtzungo Udalak Berroz parajean 31 ekobaratza sortu zituen eta hainbat irurtzundar 2023ko garilaz geroztik erabiltzen ari dira. Baina haietako batzuk baratzaren kudeaketa utzi dute eta horien erabilera eman nahi du udalak orain. Horretarako itxarote zerrenda sortu nahi du egungo eta etorkizuneko bajak betetzeko. Herri baratza bat kudeatu nahi duten irurtzundarrek udalean aurkeztu beharko dute eskabidea irailaren 19ko 23:59 baino lehen. Udalak jakinarazi duenez, baratza eskuratu nahi dutenek honako baldintzak bete beharko dituzte: adin nagusikoa izatea; Irurtzunen erroldatuta egotea; herrian bizitzea, egiaz eta jarraituki; zerga betebeharrak egunean izatea eta udaletxean eskaera egin izana, horretarako ezarritako epean eta moduan. Irurtzungo Udalak hainbat ohartarazpen egin ditu. Batetik, baratze bakarra emanen zaio bizikidetza-unitate eta/edo bizileku bakoitzari. Bestetik, landatu daitekeen lursail baten jabe direnei ez diete herri baratzik emanen. Aldi berean, herri baratza bat erabiltzeko baimena jaso eta haren erabilera okerra egin duten pertsonei ez zaie atzera ere erabiltzeko baimenik emanen. Azkenik, udalak ohartarazi du lursail bat erabiltzeko baimena jasotzen dutenek ezin izanen dutela hura saldu, eskualdatu edo alokatu. 

Adinekoak digitalizazioan trebatzeko hiru ikastaro Lakuntzan.Irailean izanen dira, baina izen ematea zabalik dago. Izena eman nahi duenak 948 012 012 telefono zenbakira hots egin dezake. Arlo digitalean adineko pertsonen ezagutzak zabaltzeko, Indartu digitalizazioa izeneko hiru ikastaro hartuko ditu Lakuntzak. Aurrena irailaren 8tik 17ra izanen da, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:30etik 18:30era. Guztira 10 orduko iraupena du ikastaroak. Ikastaroan bost arlotan sakonduko da: informazioaren eta datuen bilketa eta kudeaketa, komunikazioa eta lankidetza, eduki digitalen sarrera, arazoen ebazpena eta segurtasun digitala eta pribatutasuna. Bigarren ikastaroa ordenagailua erabiltzen ikasteko izanen da. Irailaren 9an hasi eta 18ra arte iraunen du ikastaroak, astearte eta ostegunetan eginen da, 16:30etik 19:00etara. 10 orduko iraupena du trebakuntza horrek. Adinduei zuzendutako azken ikastaroa Internet bidezko tramiteak egiten ikasteko izanen da. Irailaren 19an hasi eta 26ra arte iraunen du. Astelehen, asteazken eta ostiraletan izanen da, 16:30etik 18:30era. 8 ordu guztira. Ikastaro guztiak Lakuntzako liburutegian izanen dira. 
  
Altsasuko kaleak berritzeko lanak eginen dira aurten ere. Zortzi kale edo tokitan eginen dira obrak. Altsasuko Udalak 304.001,19 euro (BEZik gabe) bideratu ditu herriko zenbait kaleetako zorua berritzeko. Obra bere esku hartu nahi duen enpresak irailaren 15eko 23:59ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. Egitekoa eskuratzen duenak ehun egun izanen ditu kontratuan jasotako lanak egiteko. Aurreikusitako lanen artean dago Zelai txiki kalekoa. Zelandi eskolako sarrera parean dagoen oinezkoendako pasabide goratua kendu eta berria eginen da. Haren alde banatan euri urak jasotzeko estoldak jarriko ditu udalak. Lanak eginda, pasabidea gorriz eta txuriz margotuko da. Bestetik, Zelandi kalean, osasun etxe pareko espaloiak berrituko ditu udalak. Horretarako, 400 metro karratutan dagoen egungo baldosak kendu porlanezko galtzadarriz ordezkatuko ditu. Aldameneko kaleetan antzeko lanak egin izan ditu udalak aurretik. Gainera, espaloiei 180 cm-ko zabalera emanen die. Zelai eta Ermita kaleetan, berriz, euri urak jasotzerakoan arazoak atzeman ditu udalak. Horrek ura biltzea eta eraikin barruetara sartzea dakar. Esku hartzeetako bat Zelai kalean izanen da, Zelai txiki kaleko bidegurutzea baino lehen dagoen zebrabide goratu baten ondoan. Han euri urka jasotzeko erretena jarriko dute. Ermitan kalean zorua jaso eta euri ura jasotzeko erretena jarri eta hura saneamendu sarearekin lotuko dute. Horretaz aparte, San Joan kalearen zati bat asfaltatu eginen da. Altzania eta Burunda kaleen arteko tartean berrituko du zola udalak, 1.300 metro karratutan. Aldi berean, Erkuden eta Altzania kaleen bidegurutzearen ondoan, ONCEko kioskoaren inguruan dagoen belardi sareta kendu eta baldosa jarriko da. Bestetik, San Pedro auzoari dagokionez, urbanizazioa birmoldatu eginen da. Espaloiak zabaldu eta asfaltoa berrituko dute. Iortia plazara daramaten Solana kaleko espaloiak hondatuta daude eta berrituko dira 475 metro karratuko azaleran. Kasu horretan udalak dagoen porlana beste batekin aldatuko du. Azkenik, Ameztiako errepiderako sarbidean, ubeldearen ezkerraldean, gerrietua izanda eta babes hesiak behera egin du. Errepideko babes hesiari ongi eusteko harri lubeta eginen du udalak.

Kirolak,

Areto futbolean, Xota, Emakumeen Nafarroako Kopako finalerdietan.Talde irurtzundarrak Orvina izango du aurkari irailaren 3an Atakondoan.Areto futboleko Emakumeen Nafarroako Kopako finalerdiak daude jokoan. Irailaren 3an, asteazkena, 20:00etan, Irurtzungo Xota taldeak Orvina taldea izango du aurkari Atakondoan jokatuko den lehen finalerdian. Beste finalerdia Mendialdea A eta Txantrea taldeek jokatuko dute, egun eta ordu berean, Berriozarren. 

Areto futbolean, Muturbeltz, Biltoki futbito txapelketako txapelduna. Apatxiek taldea izan zen txapeldunordea. Udan barrena jokatu da Lakuntzako Biltoki gazte elkarteak antolatutako Biltoki futbito txapelketa. Ikusmin handia piztu du eta sakandar ugari bildu da parkean txapelketa jarraitzera. Festen hasierako bezperan jokatutako finaletara bi talde sailkatu ziren, biak lakuntzarrak, eta final borrokatuan Muturbeltz taldea izan zen txapelduna, Apatxiek taldea mendean hartuta. Saria jaso, eta gogoz ospatu zuten lorpena. 

Areto futbolean, Aralar Mendik Betelu du aurkari, aurre denboraldian. Partida irailaren 3an jokatuko da, Uharte Arakilen. Irailaren bukaeran hasiko da hirugarren mailako areto futbol txapelketa. Bertan bi talde sakandar lehiatuko dira, Uharte Arakilgo Aralar Mendi, eta Altsasu Kirol Elkartea. Taldeak denboraldi prestaketa betean daude eta lagunarteko partidako ohikoak dira. 

Gaur, irailak 3, asteazkena, Aralar Mendik maila berean jokatuko duen Betelu Futbol Taldea hartuko du, 19:00etan, Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan. Lagunarteko partidak bi taldeei ligarako erritmoa hartzen lagunduko die.

BTTn, La Peluso BTTXtrem, bertan behera.Irurtzungo proba irailaren 6an zen jokatzekoa, baina antolakuntzak bertan behera utzi du.La Peluso Cycling Taldeak La Peluso BTTXtrem mendi txirrindularitza lasterketa ez lehiakorra antolatuta zuen irailaren 6rako. Bi ibilbide zeuden, 30 km-ko laburra (1.084 m desnibel+) eta 40,48 km-ko luzea (1.242 m desnibel +), Irurtzun inguruko paraje zoragarrietan barna. Baina antolakuntzak proba bertan behera utzi du, ez zegoelako nahikoa izena ematerik.