Eguneko albisteak

2025eko irailak 4

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 4a

 

Albisteak

Lakuntzarra trafiko istripuan hila. Antsoaingo biribilgune batean izan zen ezbeharra. Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, Iruñeko Ingurabidean (PA-30), Antsoainera sartzeko biribilgunean, zirkulazio istripua izan zen 17:36 aldera. Ondorioz 76 urteko gizonezko lakuntzarra hil zen. Foru administrazioak azaldu duenez, hildakoak motor bat gidatzen zuen eta auto baten atzeko aldearen kontra talka egin zuen. SOS Nafarroa 112 Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat eta oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat bidali zituen ezbeharraren tokira, baina Larrialdi-zerbitzuek ezin izan dute ezer egin motorzalearen alde. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egin diezaioten. Bestalde, autoaren gidaria onik atera zen. Foruzaingoaren Bide Segurtasuneko patruilak  trafikoa bideratu eta Atestatuen Brigada istripuaren arrazoiak eta dinamika ikertu zuten. Lakuntzarra aurten trafiko ezbehar batean hil den laugarren sakandarra da. 

Atseden gune berria Irurtzunen. Irurtzundarrek eta txirrindulariek erabiltzeko aukera dute.Sakanako bizikleta bide sarearen osagarri gisa, Irurtzunek atseden gune berria du. Lizarra eta Akaborro industrialde gainean dagoen kaleen bidegurutze ondoko belardian dago, herri guneko berdegunean. Han bina mahai jarri dituzte, bakoitza dagozkion bi aulkiekin. Horretaz aparte, bizikletak aparkatzeko euskarria ere jarri dute. 

Ur kontsumoagatik ordaintzeko garaia iritsi da Etxarri Aranatzen. Urteko lehen erdiari dagokiona pagatu behar da. Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du aurtengo lehen sei hilabeteetako ur kontsumoko ordainagiria pagatzeko epea iritsi dela. Udal ordainagiriak helbideratuta dituztenei beraien kontu korronteetan zenbatekoa kargatuko zaie lastailaren 7an. Gainontzekoek zenbatekoa udalaren kontuan sartu beharko dute aipatu eguna baino lehen. Egun hori pasata, pagatu ez diren ordainagiriak premiamendu bidez kobratuko ditu udalak, legeak baimentzen duen errekargua ezarrita. Udaletik azaldu dutenez, helbideratze berriak egin edo aldaketak eskatzeko azkeneko eguna irailaren 30a izanen da.

Mila Kolorek piztuko du Altsasuko festen hasierako etxajua. Elkarteak “aniztasun funtzionala duten pertsonak gizartearen parte senti daitezen egiten duen ekarpena” goretsi eta txalotu nahi da horrela. Altsasuko festen hasiera iragartzen duen etxajua irailaren 12ko 12:00etan lehertuko da. Hura pizteko ardura Geroa Baik Mila Kolore elkartearen esku utzi du, halako “aitorpena merezi duelako”. Koaliziotik azpimarratu dutenez, “gaur egun Mila Kolore erreferentziazko elkartea da Altsasun eta Sakanan, dibertsitate funtzionala duten pertsonak integratzeko bidean eta, azken finean, pertsona horien eta haien familien zoriontasuna bilatzeko bidean”.

 

Kirolak

Areto futbolean, Osasuna Magna Xota, denboraldi berrirako anbiziotsu. Areto futboleko lehen mailako talde irurtzundarrak irailaren 3an egin zuen aurkezpena, Anaitasunan. Taldeak “gogotsu” ekingo dio denboraldiari eta irailaren 7an Peñiscola hartuko du, etxean.Anaitasuna klubeko instalazioetan aurkeztu zuen bere burua 2025/2026 denboraldiko Osasuna Magna Xotak. Areto futboleko lehen mailako talde irurtzundarrak aldaketa garrantzitsuak izango ditu aurten. Batetik, Roberto Martil kapitain ohi irurtzundarra Miguel Hernandez entrenatzailearen laguntzailea izango da aurten, bigarren entrenatzailea. Horretaz gain, Xotako harrobia kudeatuko du Martilek. Bestetik, plantillan ere zenbait baja eta alta izan dituzte. 2025/2026ko Osasuna Magna Xotak hamahiru jokalari izango ditu. Horietatik hiru irurtzundarrak dira: Asier atezain eta kapitain, Ion Cerviño hegal-atzelaria eta Dani Saldise hegala. Haiekin batera Alejandro Palazon, Juninho, Cuello, Linhares, Geraghty, Pachu, Ortas, Korsun, Marra eta Josu Mendivek osatuko dute taldea.Miguel Hernandez entrenatzaileak nabarmendu zuenez, “anbizio askorekin” ekingo diote denboraldi berriari, “beti ere umiltasunetik”. Halaber, zaleei taldea babesten jarraitzea eskatu zien, “pabiloia gotorleku bilakatuz”. Babesleen mezuak. Magnesitas de Navarra babesle nagusiko Edurne Iriguibelek bi taldeen arteko elkarlana eta harremana “oso luzea” dela nabarmendu zuen, “logotipo bat baino askoz ere sakonagoa”. Nafarroako Futbol Federazioko presidenteorde Jose Carlos Gardek Nafarroan areto futbolaren gorakada nabarmendu zuen eta Osasunako presidenteorde Cesar Muniainek Xota klubaren juntak egindako lanari aitortza egin zion. “Lan handia dago atzean, ikusten ez dena”. Azkenik, Iruñeko Udaleko Maider Beloki zinegotziak udalak Xotaren proiektuari ematen dion babesa berretsi zuen, eta Nafarroako Gobernuko Kirol eta Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak ligako titulua borrokatzeko play-offetara sailkatzera animatu zuen Xota. Xotako presidente Tatono Arregik elkartasunezko mezu sendoa eman zuen. “Kirolak elkargunea izan behar du. Stop gerrei, sarraskiei eta genozidioari”. Lehengo aurkaria, Peñiscola. Lehen mailako areto futboleko 2025/2026 liga hastear da. Irailaren 7an, igandea, Osasuna Magna Xotak Peñiscola taldea hartuko du Anaitasunan, 12:30ean hasiko den partidan. Etxean hastea garrantzitsua da taldearendako. Abuztuaren 31n Ribera Navarra taldeari ATP Trofeoa irabazi berri (4-6), talde irurtzundarra "gogotsu eta animatuta" iritsi da liga hasierara. "Oso ongi iritsi gara liga hasierara, konfiantzarekin" nabarmendu du Dani Saldise irurtzundarrak. "Fisikoki ongi gaude, jokoa ongi irakurtzen dugu; horretan guztian lanean gaude liga ongi hasi ahal izateko" gaineratu du. Bazkide kanpaina martxan. Bitartean, martxan dago Xotako bazkideen kanpaina, "Marea Berdea, gure jendearen boterea". Klubak Anaitasuna gotorleku berdean bilakatu nahi du, eta zaleei bazkide egiteko deia egin die.

Sakandarrak Emakumeendako Sakanako Atletismo Eskolara animatu dituzte. Eskola irailaren 19an da hastekoa eta izena ematea zabalik du Sakanako Mankomunitateak. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, beste behin, Emakumeendako Atletismo Eskola sustatuko du. Aurten hamalau urte beteko ditu eskolak, eta helburua 18 urtetik gorako emakumeen artean kirol jarduera, osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da, giro atsegin eta lagungarrian. Horretaz gain, atletismo zale guztiei elkarrekin aritzeko aukera eman nahi zaie. Emakumeendako Sakanako Atletismo Eskola irailaren 19an hasiko da. Ostiralero, maiatzaren 29ra arte, atletismoan trebatuko dira izena ematen duten emakumeek. Hobekuntza mailako taldekoen saioa 17:00etan hasiko da, eta hastapen mailako taldearena 18:00etan. Izena ematea zabalik dago irailaren 12ra arte (683 343 854, kirolak@sakana-mank.eus). Ikasturte osoko kuota 60 eurokoa da. Eskola euskaraz izango da. Eskola Sakanako Mankomunitateak antolatu du baina Nafarroako Gobernuaren, Altsasuko udaleko Emakumeen Bilgunearen, Iñigo Aritza ikastolaren eta Dantzaleku Atletismo Taldearen laguntza du. 


Areto gutbolean, Xota, Emakumeen Nafarroako Kopatik kanpo. Finalerdietan Orvina gailendu zitzaion. Areto futboleko Emakumeen Nafarroako Kopako finalerdiak irailaren 3an jokatu ziren. Xotak Orvina hartu zuen Irurtzungo Atakondoan. Partida lehiatua izan zen, hasierako tartean batez ere, Orvina aurreratu baina Xotako Cristina Bariainek bana berdindu baitzuen. Hortik aurrera Orvina gailendu zen, 1-4ra joan baitzen. Bigarren gola sartu zuen Alazne Garcesek eta 2-4 gerturatu zen Xota, baina Orvinak bosgarrena sartu eta amets guztiak zapuztu zituen. 2-5 galduta, kopari agur esan dio Xotak. Beste finalerdia oso lehiatua izan zen. Azkenean, Txantreak 2-3 hartu zuen mendean Berriozarko Mendialdea. Orvinak eta Txantreak jokatuko dute Emakumeen Nafarroako Kopako finala. 

Futbolean, Altsasu, sentsazio oso onekin. Alegria hartu zuen mendean lagunarteko partidan. Emakumezkoen hirugarren mailara igo den Altsasu taldeak Alegria izan zuen aurkari irailaren 3an Dulantzin jokatutako lagunarteko partidan. Altsasuarrak ikusgarri aritu ziren eta 0-4 gailendu ziren. Irailaren 20ko asteburuan hastear dagoen denboraldirako sentsazioak ezin hobeak dira. Altsasuko neskek arropa berria mustuko dute aurten, Sakana Group kooperatiba baitute babesle berri. Dulantzin entrenamenduko arropa mustu zuten, eta ligan partidetako arropa berriaren txanda izango da.