Eguneko albisteak

2025eko irailak 5

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 5a
Albisteak, 

 

Bi gazte larri zauritu ziren auto istripu batean, Arruazun. Sakanako autobia (A-10) ordubete baino gehiago itxi behar izan zuen.Arruazuko dermioan, Uharte Arakilerako norazkoan, auto istripua izan zen atzo 13:25ean. Autoa bidetik atera eta irauli zen. Ondorioz 20 urteko bi gazte larri zauritu ziren. Gizonak politraumatismoa izan zuen eta bere egoera erreserbatua da; helikopteroz eraman zuten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Emakumeak polikontusioak eta traumatismo kraneoentzefalikoa zituen, eta pronostiko erreserbatua.Larrialdi dispositiboan Altsasuko suhiltzaileak, Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzia bat, Oinarrizko Bizi Euskarriko beste bat, helikoptero medikalizatua. Azken horrek Lakuntzan hartu zuen lur. Foruzaingoaren patruilak izan ziren ere, eta haiek arduratu ziren diligentziez eta trafikoa arautzeaz eta NA-2420 errepidetik bideratzeaz. Autobia, atzera ere, 15:00etan ireki zuten berriro.

Txirrindularitzak eman dio hasiera Ziordiko festei. Kirol horretan aritutakoak eta aritzen dena omendu nahi izan dituzte ziordiarrek festen hasieran.Gorka Izagirre eta Jorge Azanza txirrindulari ohiak eta Ailetz Lasa txirrindulariaren anaia Unaik piztu zuten festen hasierako etxajua. Izan ere, Lasa Tavira taldearekin lehiaketa batean parte hartzen ari da Protugalen. Etxajua lehertu ondoren udalak joan zen urtean jaio ziren bi haurrei harrera egin eta festetako ttattarrak banatu zizkien: Xabat Resano Saez eta Uhaitza Aizagirre Cueli. Herriko adinduenek ere jaso zuten aitortza: Ruperta Gamiz Quintana, 97 urtekoa, eta Juan Miguel Gonzalez Perkaz, 91 urtekoa. Azken hori bere emazte Martina Navarro Osterizekin, 86 urte, herriko bikote adinduena da. Omenaldien ondoren Palestinarekin elkartasuna adierazteko herri argazkia egin zuten.

 

Kiroletan

Futbolean, Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko galdeketa martxan. Lakuntzako Udalak herritarrei galdetu nahi die ea ongi ikusten duten Zelai Berriko belar naturala artifizialarengatik ordezkatzeko proiektua. 437.269 euroko aurrekontua du, dirulaguntza handiekin, eta onura handiak ekarriko lituzke. 2025/2026 futbol denboraldia hastear da. Preferente mailako liga irailaren 20ko asteburuan hasiko da, eta gainontzekoak segidan. Altsasuko Dantzaleku zelaia belar artifizialekoa da, baina belar naturalekoak diren Etxarri Aranazko San Donatok eta Lakuntzako Zelai Berrik egunak zenbatuta izan ditzakete. Etxarri Aranazko Udalak 455.003,41 euroko proiektua onartu du San Donaton belar artifiziala jartzeko eta Lakuntzako Udala erabakia hartzear dago. Lakuntzako Udalak abuztuaren 21ean herri batzarra deitu zuen, Zelai Berri belar artifizialezko futbol zelaia bilakatzeko proiektua aurkezteko. Proiektuko datu guztiak herritarrei zabaldu dizkie, eta galdeketa deitu du astebururako, lakuntzarrei ondoko galdera eginez: "Zelai Berri belar artifizialeko futbol zelaia bihurtzeko proposamenarekin ados zaude?". Gaur, ostirala (10:00-14:00 / 18:00-21:00) eta bihar, larunbata, ordutegi berean, Lakuntzako udaletxean, Lakuntzan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu dezakete, NAN-a aurkeztuta.Lakuntzako Lagun Artea klubak historia luzea du. Jokalarien kopuruak gora egin du nabarmen: 2025/2026an 203 jokalari ariko dira, bederatzi taldetan. Talde nagusiak, erregionalak, Zelai Berrin jokatzen du, eta gainontzekoek baldintza oso kaxkarretan dagoen Itxesaldeko areazko zelaian, Zelai Berrik ezingo lukeelako horrenbesteko jarduerarik jasan. Itxesaldera joateko errepidea gurutzatu behar da, horrek duen arriskuarekin. Instalazioak udalarenak dira, baina klubak kudeatzen ditu. Zelai Berrin belar artifiziala jarriko balitz, talde guztiek bertan entrenatu eta jokatuko lukete eta klubak mantenu lan gutxiago egin beharko lituzke. Itxesaldeko futbol zelaia itxiko litzateke, eta kirol praktika guztiak igerilekuen eremuan egongo lirateke, guztiz irisgarria den gunea. Proiektuaren zenbakiak. Lanek 437.269,57 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuak 160.000 euroko laguntza emango du, finantziazio pribatutik 120.000 euro iritsiko dira eta udalak 157.269,57 euro ordainduko lituzke. 

Txirrindularitzan, Ane Berastegi, juniorren Munduko Txapelketan. Txirrindulari arbizuarra selekzioarekin lehiatu zen Herbehereetan jokatutako Mundialetan, taldekako jazarpen modalitatean. Zazpigarren sailkatu dira, eta egindako lanarekin "oso pozik" dago.Ane Berastegi Jakak (Ecologicos Navarra-Beratxa) uda berezia izan du. Selekzioak deituta, Munduko Junior Pista Txapelketetan aritu zen arbizuarra abuztuaren 20tik 24ra, Apeldoorn belodromoan (Herbehereak). Berastegi taldekako jazarpen modalitatean lehiatu zen, Izaro Etxarri, Leire Almena eta Leire Toledo taldekideekin batera. Lehen seriean euren erregistroa hobetu zuten (4:39.063), bosgarren sailkatuz, eta bigarren seriean zazpigarren izan ziren. "Zazpigarrenak, egindako lanarekin pozik gaude". Berastegiri ongi etorri beroa egin zioten Arbizun.  

Gure txirrindulariak, ederki. Azken hilabetean marka onak egin dituzte sakandarrek.Uda mugitua izan dute gure txirrindulariek. Lasterketetan aurrean izan dira, baina emaitza onenak abuztuaren 8an Dorre Elortzibarren jokatutako Nafarroako Erlojupeko Txapelketan lortu zituzten. Bi txapeldun nafar ditugu, Iker Gomez altsasuarra, elite mailan, eta Ekain Imaz altsasuarra, junior mailan. Luca Martinez lakuntzarra hirugarren izan zen juniorretan. Kadeteetan, Ekai Erdozia etxarriarra Nafarroako txapeldunordea izan zen.Profesionalak martxa onean daude. Iker Mintegi egunotan Bretagne Klasikoan ederki aritu da, ihesaldian sartuz, aurretik Plouay Gran Prixean egin zuen bezala. Igor Arrieta Renewi Tourrean lehiatu zen. Ailetz Lasa denboraldi ona ontzen ari da Portugalgo Tavira taldearekin. Kern Pharma taldearekin stagiaire ari den Iker Gomezek, tamalez, erorikoa izan zuen Britainiako Tourrean eta ezin izan zuen jarraitu.

Herri kiroletan, Etxarri Aranatz, Herriz Herri Txapelketako txapelduna. Bigarren proba konbinatuko irabazlea izan da Etxarriko herri kirol taldea, ingudean eta txingetan.Etxarri Aranatz herri kirol taldeak lan bikaina egin du Nafarroako Herriz Herri Txapelketan. Talde etxarriarra Herriz Herriko hasierako ligaxkan bigarren proba konbinatuko (ingude altxatzea eta txingak eramatea) finala jokatzeko sailkatu zen, eta abuztuaren 18an Burlatako Ezkabazabal plazan jokatutako bigarren proba konbinatuko final handia irabazi zuen, meritu handiz, Txantrearen eta Ultzamaldearen aurretik. Mattin Altzelai eta Garazi Artieda, txingekin, eta Aitor Oiarbide eta Nerea Arguelles, ingudearekin, ikusgarri aritu ziren eta merezitako txapela lortu zuten.Herriz Herri Txapelketako lehen proba konbinatuan (koxkol biltzea, zakua, aizkora, korrika eta trontza) Etxarri Aranatz bosgarren sailkatu zen ligaxkan, eta ezin izan zuen finalean sartu. Arantza hori alde batera utzita, denboraldiarekin kontentu dago taldea. Atsedenaldia hartu dute, orain bakoitza bere kirolean murgilduko delako. Gauzak ongi, 2026ko apirila aldera bilduko dira berriz, datorren urteko Herriz Herrikoa prestatzen hasteko. 

Saskibaloian, CBASK, martxa hartzen. Saskibaloi talde altsasuarrak lagunarteko partida izango du bihar.Saskibaloi denboraldiaren hasiera gerturatzen hasi da. Altsasuko CBASK Saskibaloi klubeko gizonezkoen talde nagusia lanean hasi da eta aurre denboraldian lagunarteko partida jokatuko du irailaren 6an, larunbata, 17:00etan, Goierri Kirol Elkartearen kontra, Zelandin. 

Areto futbola, Altsasuren lagunarteko partidak, Zelandin. Hirugarren mailako Altsasuk eta maila autonomikoko Altsasuk bi partida jokatuko dituzte.Aurre denboraldian murgilduta daude Altsasu Kirol Elkarteko areto futboleko taldeak, eta irailaren 6an, larunbata, bi lagunarteko partida jokatuko dituzte. Hirugarren mailara igo den Altsasuk Aguraingo Oriamendi futbol taldea izango du arerio 11:30ean, Zelandin. Hura bukatuta, denboraldi honetarako sortu den lehen autonomia mailako Altsasuk Araiako Alipendi taldea hartuko du, 12:30ean.