Albisteak,
Altsasuko Alde Zaharrerako trafiko sarrera mugatuko da. Festako atrakzioak jartzeko lanak hasiko dira. Altsasuko festak irailaren 12an, ostiralean, hasiko dira. Udalak jakinarazi duenez, umeendako atrakzioak ohi bezala, Ferialeku kalean eta Otadiako Kristo Deuan plazan izanen dira. Horiek muntatzen gaur, irailak 8, hasiko dira. Beraz, muntaketa lanak, festak eta desmuntatze lanak iraun bitartean ibilgailuak aipatu kale eta plazan aparkatzea debekatuta egonen da. Muntatzean aurrera egin ahala, Alde Zaharrerako ohiko sarrera trafikorako itxi eginen du udalak. Alde Zaharrera joateko institutu arteko errepidea edo Zubeztia kalea erabili beharko dira. Azken horrek bi norabide izanen ditu festak iraun bitartean.
Olatzagutiako Gaztetxokoko izen ematea zabalik dago. Zerbitzua 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, 2013. eta 2009. urteen artean jaiotakoei, biak barne.Olatzagutiko Udalak jakinarazi du gaztetxokoaren heldu den ikasturterako izena emateko epea zabalik dagoela. Taldea osatzeko gutxienez hamar lagun behar dira. Izena udaletxean eman daiteke gaurtik 19ra, astegunetan, 9:00etatik 14:00etara. Izena emateko fitxa eta onarpen-orria bete beharko dira. Eta, aldi berean, ordainketa egin beharko da: 5 euro gazte baten kasuan, zortzi bi anaia-arreba edo gehiago direnean. Tarifa ordaintzetik salbuetsita egongo dira beren prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako emandako txostenaren bidez. Plazak baleude, izen ematea ikasturte guztian zabalik izanen litzateke. Lehentasuna izango dute Olatzagutian erroldatutako gazteek eta dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek, baldin eta adingabea Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela-eta, baina bai legezko tutore bat.Gaztetxokoa lastailaren 3an irekiko ditu ateak eta maiatzaren 16ra arte eskainiko du bere zerbitzua asteburuetan. Ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 21:30era egonen da zabalik eta domekatan, berriz, 17:00etatik 20:00etara.
Palestinaren alde, hotsa dariola.Genozidioa geratzea eskatzeko aldarrikapen zaratatsuak egin zituzten Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun.Gernika-Palestina herri ekimenaren deiari erantzunez, elkarretaratze zaratatsuak egin ziren Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun irailaren 5ena, ostiralean. Aldi berean, Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan egin ziren kontzentrazioak. Elkarretaratzeek genoziodioa stop! Israelekin harremanak hautsi orain leloa zuen. Bilkura zaratatsu horien bidez "Palestina sufritzen ari den genozidioa” geratzea eskatu zuten. Bilkuretan adierazi zutenez, “nazioarteko zigor gabetasunarekin palestinarrak sarraskituak dira, beren lurretik erauziak, desplazatzera behartuak, azpiegitura oinarrizkoak suntsituak… Goseak hiltzen, egarriak itotzen… Elikagai bila joandakoan tirokatuak, bonbardatuak, gau eta egun bonbardatuak”. Adierazi zutenez, Europar Batasunak “Israelgo Gobernuaren jarreran nabarmen eragiteko tresnak”, gaur egun “Israelen lehentasunezko merkataritza bazkidea eta arma hornitzaile nagusietako bat baita”. Bestetik, tokiko erakundeak Israelekin dituzten erakunde, merkataritza, kirol eta mota guztietako harremanekin bukatzera” deitu zuten.
Kirolak,
Areto futbolean, Osasuna Magna Xotak lehen hiru puntuak lortu ditu. Zaletasuna sortzen duen partida horietako batean, talde irurtzundarrak hiru aldiz erremontatu behar izan zuen Peñiscolaren aurrean.Lehen mailako areto futboleko 2025/2026 liga ezin hobe hasi du Osasuna Magna Xotak. Talde irurtzundarrak Peñiscola hartu zuen irailaren 7an Anaitasunan. 1.395 zale bildu ziren ligako lehen partidan. Partida bizia izan zen, erritmo handikoa eta oso borrokatua. Peñiscola berehala aurreratu zen, baina Dani Saldise irurtzundarrak bana berdindu zuen berehala. Dani Saldisek sartutako penalti bati esker 2-1 aurreratu ziren irurtzundarrak, baina gutxi iraun zuen pozak, Peñiscolak bina berdinduz eta 2-3 aurreratuz erantzun baitzuen. Atsedenaldiaren ondoren partidari buelta ematera atera zen Xota, eta Pachuk hirunako berdinketa lortu zuen. Tamalez, hirugarrenez Peñiscola aurreratu zen, Eliasek 3-4koa jarri baitzuen markagailuan. Partida ikusgarria izaten ari zen, eta Xotako zaleek inoiz baino gehiago animatzen zuten. Juninhok, penalti bikoitzari esker launako berdinketa lortu zuen. Miguel Hernandezek atezain jokalariaren formula erabili zuen, eta Pachuk bosgarren gola sartu zuen. Peñiscolak jokaldia berrikustea eskatu zuen, aurretik falta zegoela azalduz –lehenengoz arbitrajea laguntzeko bideoa erabili zen–, baina epaileek ez zuten faltarik ikusi eta bosgarren gola markagailua igo zen. Horrela, 5-4 irabazita, garaipena eta hiru puntuak etxean geratu ziren. Hiru aldiz kontrako markagailuari buelta emanda, garaipen oso landua lortu zuen Xotak, zaletasuna sortzen duen partidan. “Liga hasteko modu ona da. Aurre denboraldian ongi egin dugu lan, eta fruitua jaso dugu. Iruñean indartsu egiten gara. Baina orain errekuperatu beharra dugu, eta irailaren 10eko Barcelonaren kontrako partidan zentratu”. Hurrena, Barça.
O Parrulo Ferrol da lehen mailako lehen liderra (3 puntu). Osasuna Magna Xota hirugarren da (3 puntu). Ligako bigarren jardunaldian, irailaren 10ean, asteazkena, Xotak Barça du aurkari, Bartzelonako Palau Blaugranan, 20:30ean. Hirugarren jardunaldian Xotak Family Cash Alzira taldea hartuko du irailaren 13an, larunbata, 16:00etan Anaitasunan. Kubalari omenaldia.
Partida hasi baino lehen Antonio Vilches ‘Kubala’ omendu zuen Xotak. Kubala taldeko material eta tresneria arduraduna izan da 30 urtez, eta berriki erretiroa hartu du.
Pilotan, Zabaleta, Masterseko finalerdietako ordezkari sakandar bakarra. Altunaren eta Eskirozen kontra galdu zuten, baina tantoaverageari esker lehen lau postuetan sailkatu dira. Ezkurdia eta Martija finalerdietatik kanpo geratu dira. Asteburuan CaixaBank Masterseko hasierako ligaxkako zazpigarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Irailaren 5ean Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan jokatutako partidan Artola-Martijak Elordi-Albisuri egin zieten aurre. Bi bikoek hirugarren puntua lortu eta finalerdietan muturra sartzeko aukera zutenez, partida oso borrokatua izan zen. Partidak denetatik izan zuen: hasieran 10-6 aurreratu ziren Artola eta Martija, baina Elordik eta Albisuk erremontatu zuten eta 11-12 jarri ziren aurretik. Bigarren zatia gogorra izan zen: 18-16 zeuden aurretik Artola eta Martija, baina Elordik eta Albisuk 18ra eta 21era berdintzea lortu zuten. Azken tantoan, Artolaren sake-errematea behera joan zen eta 21-22 irabazita, Elordik eta Albisuk hirugarren puntua lortu zuten eta finalerdietako postuetan sartu ziren. Irailaren 6an Lekeitiok Masterseko bigarren partida jarraian hartu zuen. Altuna III.ak eta Imaz ordezkatu zuen Eskirozek Jaka eta Zabaleta izan zituzten aurkari. Kasu honetan, partidak ez zuen kolorerik izan, Altunak eta Eskirozek 22-9 hartu baitzituzten mendean Jaka eta Zabaleta. Altuna ikusgarri aritu zen eta jokoz kanpo utzi zituen Jaka eta Zabaleta. Etxarrengo atzelariak ez zuen gozatu eta ez zuen Eskiroz guztiz mendean hartu, eta Jaka erasokorrena ez zen ikusi. Ondorioz, Altuna eta Eskiroz euren gainetik pasa ziren. Emaitza Emaitza horren ondorioz, Zabala eta Mariezkurrena automatikoki sailkatu ziren finalerdietarako, eta Ezkurdia eta Iztueta finalerdietatik kanpo geratu ziren tantoaverageari begira. Sailkapenari begira, Altuna III.a-Imaz eta Zabala-Mariezkurrena II.a izan dira finenak, launa punturekin. Elordi-Albisuk, Jaka-Zabaletak eta Ezkurdia-Iztuetak hiruna puntu lortu dituzte, eta Larrazabal-Rezustak eta Artola-Martijak bina puntu. Finalerdiak.
CaixaBank Masterseko finalerdiak irailaren 12an jokatuko dira, ostiralarekin, 21:15ean hasita, Nafarroa Arenan. Elordi-Albisu Zabala eta Mariezkurrenarekin lehiatuko dira, eta Altuna III.a-Imaz Jaka-Zabaletarekin. Jakak eta Zabaletak azkeneko partidako joera eta akatsei buelta eman beharko diote, Altunaren eta Imazen kontra aukeraren bat izan nahi badute. Irabazleek final handia irailaren 14an jokatuko dute, toki berean, 17:00etan hasiko den jaialdian.
Pilotan, Masters B Serieko Altsasuko finala, zehaztuta. Dario-Eskirozek P. Etxeberria eta Morgaetxebarria izango dituzte aurkari Altsasuko festetan jokatuko den final handian. Beste partida oraindik zehaztu gabe dago.Lehen mailako edo A Serieko CaixaBank Mastersarekin batera B Serieko edo promesen mailako txapelketa jokatzen ari da. Altsasuko festetan, irailaren 13an, B Serieko final handia hartuko du Burunda pilotalekuak. Dagoeneko jakina da zeintzuk diren finalistak. Dariok eta Eskirozek Peio Etxeberria eta Morgaetxebarria izango dituzte aurkari.Material aukeraketa irailaren 10ean, asteazkena, 11:00etan egingo dute Burunda pilotalekuan. Ondorengo partida zein izango den, enpresek oraindik ez dute zehaztu, A Serieko Mastersaren araberakoa zelako. Aurki jakinaraziko dute. Nolanahi ere, sarrerak salgai daude Entradasfronton webgunean.
Txirrindularitzan, Sakanako Bizikleta Eguna, ate joka. Irailaren 15a baino lehen eman behar da izena. XXXI. Sakanako Bizikleta Egunak Irurtzun eta Altsasu lotuko ditu irailaren 21ean, 9:00etan abiatuta (39 km). Ekimen berezia da, askok lagun artean edo familian egiten dutena. Ekimenean parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da, partaide guztiak aseguratzeko eta autobusak, kamioiak eta bestelakoak antolatzeko. Izena ematea Sakanako Mankomunitatean (683 343 854) edo ikastetxe eta kiroldegietan egin behar da, irailaren 15a da azken eguna. 10 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Txikiagoek helduez lagunduta har dezakete parte.
Mendian, Zabalarte mendi klubari aitortza. Lakuntzako mendi klubak herriko festak abiarazi zituen. Zabalarte mendi klubak piztu zuen Lakuntzako festetako suziria. 1994an sortutako taldeak mendi irteerak, krosak, hitzaldiak, Guardetxe igoera (1987-2003) eta Lakuntza-Aralar mendi lasterketa (2011-gaur egun) antolatzen ditu, "ehunka bizipen". Urte luze hauetako boluntario, babesle eta mendizaleak gogoan izan zituzten, Palestina eta presoak ere bai.
Areto futbolean, Altsasu areto futbol taldeen aurre denboraldia, martxa onean.
Hirugarren mailako taldeak garaipena eta lehen mailakoak berdinketa lortu zuten Zelandiko jaialdian. Altsasuko Zelandi kiroldegian areto futboleko lagun arteko bi partida jokatu ziren irailaren 6an. Lehenik eta behin hirugarren mailako Altsasuk Aguraingo Oriamendi taldea izan zuen aurkari. Partida azkar bezain borrokatuan parez pare ibili ziren bi taldeak, baina azkenean Altsasu gailendu zen, 4-3. Maila autonomikoko Altsasuk, aldiz, Araiako Alipendi izan zuen aurkari. Bi taldeek ez zuten amore eman eta lehia biziko partida hirunako berdinketarekin despeditu zen.