Albisteak,
Hondakinak biltzeko zerbitzuko bederatzi lanpostu beteta. Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean egin zituen deialdiak ibarreko erakundeak.Sakanako Mankomunitateak, lau deialdiren bidez, Hondakin Zerbitzuko bederatzi lanpostu bete ditu. Lau gidari peoi lanpostu huts merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdia despeditu eta gero, lanpostu horietarako Oihan Razkin Azpiroz, Mitxel Zenarruzabeitia Unamuno, Alberto Sevillano Lacunza eta Unai Perez Sagastibeltza izendatu ditu. Laurak Mank-en zerbitzuko lan kontratudun langile finko dira, D mailakoak. Bestetik, gidari peoi lanpostu bat oposizio lehiaketa bidez bete du. Prozesua despedituta Gorka Diez de Ulzurrun Coronadok eskuratu du lana. Aurreko lauen baldintza berak izanen ditu. Bestalde, merezimendu-lehiaketa bidez hiru lanpostu eskuratu dituzte Imanol Donlo Senarrek, Sandra Gasco Aldeanok eta Eva Garisoain Ibañezek. Hirurak D mailako lan-kontratudun langile finko izanen dira. Beste peoi lanpostu bat oposizio lehiaketa bidez bete du. Prozesua despedituta, Mank-ek lanpostu horretarako Jazinto Bengoetxea Perez de Villarreal izendatu du. Berak aurreko hiru langileen baldintza berak izanen ditu.
Eraikingintza-ordenantza aldatu du Arakilgo udalak. Espedientea jendaurrean irailaren 8ra arte egonen da. Arakilgo Arau Subsidiarioetako determinazio xehatuetan eta, zehazki, Eraikingintza-ordenantza orokorraren 6., 7. eta 8. artikuluetan aldaketa egin du Arakilgo Udalak. Espedientea jendaurrean egonen da hilabetean. Aldi horretan, interesa duen orok aztertzen ahalko du Udalaren bulegoetan, eta egoki jotzen diren alegazioak aurkezten ahalko dira.
Altsasuko Ludotekan izena emateko epea zabalik dago. Irailaren 19ra arte egin daiteke, 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez. Ludoteka Intxostiapunta udal eraikineko beheko solairuan kokatuta dago, Burunda kaletik du sarrera. Txantxari udal ludotekak bere ateak lastailaren 1ean zabalduko ditu eta bere zerbitzua maiatzaren 29ra arte eskainiko du. Ludotekak bere baitan 0 eta 12 urte bitarteko haurrak hartuko ditu. 0 eta 3 urte arteko umeen kasuan heldu baten laguntzarekin egon beharko dute ludotekan, eta matrikula doakoa da. 4 eta 12 urtekoen kasuan ordaindu beharreko kuota 5 eurokoa da. Izena emateko epea ixtean ludotekak eskaintzen dituen plazak gainditzen badira, zozketa bidez emanen dira plazak. Beti ere, saio bakoitzean adinaren eta behar berezien arabera ezarritako ratioa osatu arte. Zozketa egin ondoren onartu ez diren izen emateekin itxaron zerrenda eginen da, izen emate ordenaren arabera. Ludotekan bajak baleude, zerrenda horretara joko lukete ludotekako arduradunek hutsik gelditu den plaza betetzeko. Itxaro zerrendan gelditzen direnen kasuan ez dute ordainketarik egin beharko. Bestetik, izen emateko epea despeditu ondoren inskripzioa egin nahi duenak ludotekan bertan egin beharko du, beti ere plaza libreak dituzten saioetan. Ordutegia. Ludoteka astegunetan zabaltzen ditu ateak eta adinaren araberako hiru txanda ditu. 8 eta 12 urte bitarteko haurrak astelehen, asteazken eta ostiraletan 15:30etik 16:45era egonen dira eta astearte eta ostegunetan 18:30etik 20:00etara. Adin horietakoek saio bakarrean eta gehienez bitan izena emateko aukera izanen dute. 4 eta 7 urte artekoak, berriz, astegunetan 17:00etatik 18:15era izanen dute ludoteka zabalik. Azkenik, 0 eta 3 urtea arteko umeak dituzten gurasoek haurrarekin ludotekan astelehen, asteazken eta ostiraletan egoteko aukera izanen dute, 18:30etik 20:00etara.
Olatzagutiko Udalak oposizio lehiaketa bat bukatutzat eman du. Administrari-ofizialaren lanpostua bete du.Olatzagutiko Udalak administrari-ofizialen plaza bat barne igoera murriztuan oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin zuen. Prozesua behar bezala despeditu ondoren, Olatzagutiko Udalak Itziar Perurena Jaurena udaleko karrerako funtzionario izendatu du. C mailako administrari-ofizialaren lanpostuan ariko da.
Kirolak,
Futbolean, Lakuntzarrek Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko galdeketari baiezkoa eman diote.Lakuntzako Udalak lanak emateko prozedura aurki jarriko du abian.Lakuntzako herritarrek herri galdeketa izan zuten asteburuan, irailaren 5ean eta 6an. Ondoko galdera erantzun behar zuten: “Zelai Berri belar artifizialeko futbol zelaia bihurtzeko proposamenarekin ados zaude?".Galdeketan Lakuntzan erroldatutako 16 urtetik gorakoek har zezaketen parte, 1.114 lakuntzarrek. Horietatik 303k parte hartu zuten galdeketan, %27ak. Botoei dagokienez, 273 lakuntzarrek baiezkoa eman zioten Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko proposamenari, 25ek ezezkoa, 3 boto zuri izan ziren, eta 2 boto baliogabetu. Beraz, aurrera atera da Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko proposamena. Lanek 437.269,57 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuak 160.000 euroko laguntza emango du, finantziazio pribatutik 120.000 euro iritsiko dira eta udalak 157.269,57 euro ordainduko lituzke. Proiektuaren zenbakiak.
Lakuntzako Lagun Artea klubak historia luzea du. Jokalarien kopuruak gora egin du nabarmen: 2025/2026an 203 jokalari ariko dira, bederatzi taldetan. Talde nagusiak, erregionalak, Zelai Berrin jokatzen du, eta gainontzekoek baldintza oso kaxkarretan dagoen Itxesaldeko areazko zelaian, Zelai Berrik ezingo lukeelako horrenbesteko jarduerarik jasan. Itxesaldera joateko errepidea gurutzatu behar da, horrek duen arriskuarekin. Instalazioak udalarenak dira, baina klubak kudeatzen ditu. Lakuntzako Udalak abuztuaren 21ean herri batzarra deitu zuen, Zelai Berri belar artifizialezko futbol zelaia bilakatzeko proiektua aurkezteko, eta ondoren galdeketa egin zen. Zelai Berrin belar artifiziala jartzen denean talde guztiek bertan entrenatu eta jokatuko dute eta klubak mantenu lan gutxiago egingo ditu. Itxesaldeko futbol zelaia itxiko da, eta kirol praktika guztiak igerilekuen eremuan egongo dira, guztiz irisgarria den gunea.
Areto futbolean, Juninhok agur esan dio Osasuna Magna Xotari. Jimbee Cartagenak jokalari brasildarraren klausula ordaindu du eta zazpi urteko ibilbidearen ondoren Juninho Xotako jokalariez despeditu da.Juninho 2018an iritsi zen Osasuna Magna Xotara, eta taldeko jokalari garrantzitsuenetako batean bilakatu da. Egungo ligako txapeldun den Jimbee Cartagena taldeak jokalariaren etete klausula ordaindu du, eta brasildarrak Murtziako bidea hartu du, talde irurtzundarrean zazpi denboraldi eman eta gero. Juninhok irailaren 8ko entrenamenduan esan zien agur taldekideei. Xota klubak esker oneko hitzak izan ditu Juninhorendako, izandako jarrerarengatik, zelaian egindako lanarengatik eta egindako lana, esfortzu eta konstantziarengatik.
Areto futbolean, Asier Llamas, selekziora. Atezain irurtzundarra Iruñeko eta Tuterako lagun arteko partidetarako deitu dute.Areto futboleko Espainiako selekzioko hautatzaile Jesus Velascok Osasuna Magna Xotako Asier Llamas atezain irurtzundarra deitu du selekziora, irailaren 19an Iruñean eta irailaren 21ean Tuteran Armeniaren selekzioaren kontra Espainiako selekzioak jokatuko dituen lagunarteko partidetarako. Partida hauek ilbeltzaren 20tik otsailaren 7ra jokatuko diren Europako Txapelketak prestatzeko dira. Selekzioko kontzentrazioa irailaren 14an hasiko da, Las Rozasen. Asier Llamasekin batera, Chemi, Didac, Adri Rivera, Raul Gomez, Antonio Perez, Ricardo Mayor, Javi Minguez, Pablo Muñoz, Adolfo, rivillos, Paniagua, Dani Zurdo, Pablo Ramiez eta Esteban Cejudo jokalariak bilduko dira kontzentrazioan.
Areto futbolean, Aimar Iraurgi, Xotaren perla sakandar berria. Altsasuar gazteak Osasuna Magna Xota talde nagusiarekin jokatu zuen aurre denboraldian. Lehen mailako areto futboleko 2025/2026 liga hasi da, eta gogotsu dago Osasuna Magna Xota talde irurtzundarra. Harrobian gauzak ongi doaz, eta atzetik kirolari handiak sortzen ari dira. Taldeak abuztuan jokatutako lagunarteko partidetan izen bat gailendu da, Aimar Iraurgi Marcos altsasuarrarena. Iraurgik 17 urte ditu, harrobikoa da, eta aurretik talde nagusiarekin entrenatu izan du, baina lehenengoz lagunarteko partidetan jokatu du, oso ongi gainera. Gola ere sartu zuen Santa Colomaren kontra. "Miguelek esan zidan aurre denboraldiaren zati bat egingo nuela talde nagusiarekin, eta izugarri poztu nintzen. Gustura egon naiz. Familia eta lagunak partidak ikustera etorri dira, eta eskertuta nago" azaldu du.
Automobilismoan, Urbasako Igoerak badu kartela. Iñigo Zelaia pilotu bakaikuarra ageri da Sakana Motorsportek urriaren 4an antolatuko duen probako kartelean. Pilotuek zabalik dute izena ematea.Sakanako automobilismo festa, Urbasako Igoera, urriaren 4an jokatuko da. XLIII. edizioa izango da eta Sakana Motorsportek antolatuko du. Eskuderia sakandarrak berriki kartela aurkeztu du, eta kartelaren aurtengo protagonista Iñigo Zelaia pilotu bakaikuarra da. Izena ematea, irailaren 24ra arte. Urbasako Igoeran parte hartu nahi duten pilotuek izena ematea zabalik dute irailaren 22ra arte. Irailaren 24an argitaratuko da izena eman duten pilotuen behin behineko zerrenda. Behin betiko zerrenda, aldiz, urriaren 1ean argitaratuko da. Urbasako Igoerak 5.930 metroko ibilbidea du eta Nafarroako Mendi Txapelketarako eta Errioxako Mendi Txapelketarako puntuagarria izango da. Pilotuek probaren egunean hirutan osatu beharko dute ibilbidea. Bestalde, lasterketako antolakuntzan lagundu nahi dutenak, jarri daitezela harremanetan Sakana Motorsport eskuderiarekin.